Dokumentuaren akzioak
Kontraste adierazgarriak
Emanaldien jatorria aztertuz gero, Euskal Herrian sortuak izan dira
haietariko gehienak, Espainiatik bospasei emanaldi aurkeztu dituzte eta
Argentinak, Portugalek, Herrialde Katalanek eta Italiak konpainia bana
ekarri dute. Hortaz, krisialdiaren urtean gertatu zen bezala, geure
produktuen erakusleiho bihurtu dira egun hauek eta, hain zuzen ere, hori
berori izan daiteke dFeriaren indar-gune nagusietariko bat gerora
begira.
Baina dFeria, profesionalen elkargunea izateaz gain,
ezohiko programazioa ikusteko parada eskaintzen du eta hori da niri
gehienbat dagokidan esparrua. Azoka batean normala denez, era askotako
emanaldiak eskaini dira, eta orriotan aspaldi jasotako lan bikainak alde
batera utzita —EliralE konpainiaren Ninika, Dantzaz konpainiaren Arte-an eta Tanttakaren Ipar haizearen kontra— gainontzeko aipagarrienak komentatuko ditugu.
Eskastasunaren muturretik hasita, lekuz kanpokoa iruditu zitzaigun Madril aldeko Metamorfosis taldearen Agosto, cuadros de amor y humor fresco,
haren umore zaharkitu eta planteamendu baztergarriengatik, eta beste
plano batean, dezepzio handia sortu zuen Italiatik etorritako Cantica II
ikuskizunak, emanaldiaren lehen minutuetatik agortu baitzen
proposamena, eta hasierako ikusgarritasunak berehala eman baitzion bidea
ideien erabateko idortasunari.
Beste lan batzuk, ordea, kalitatearen eremuan kokatu dira argi eta garbi —Valentziako L'Om Imprebis konpainiaren Tio Vania dotore eta neurtua, Sevillako El puntoren Animal's Party zoragarria...—, eta berebiziko interesa eduki dutenen artean Jose K. torturado
aipatu behar dugu lehenik eta behin. Javier Ortiz kazetari donostiarra
zenaren testuak terrorismo itsuaren aldeko ekintzaile baten ikuspegia
eta haren torturapeko bizipen lazgarriak elkartzen ditu, eta Pedro
Casablanc aktoreak sinesgarritasun osoa eman zion antzezpenari
kristalezko kutxa batean sartuta. Antzezlanak hautsak harrotu ditu
Euskal Herritik kanpo, baina jakin beharra dago gurean torturaren gaia
askoz sakonago jorratu duten hiru lan ikusi direla orain gutxi:
Translatinesen harira Txileko Villa y discurso eman zen Miarritzen eta Donostian, azkeneko BAD jaialdian Pako Revueltasen Aqui no pasa nada ikusi genuen Bilboko zezen-plazako harategian eta 2010ean Meme Tabares espainiarraren El jardin del mundo —hiruretan gogorrena— aurkeztu zen Eibarko Antzerki Jardunaldietan.
Eta harribitxien eremuan sartuta, Gasteizko Factoria de fuegos kolektiboaren Itzulera nabarmenduko dugu. Printzipioz Dejabu konpainiaren Gure bide galduak
sarituaren gauza bera zirudienak laster batean hartu zuen beste
norabide bat, Kattalin izeneko protagonistak —zinez diotsuet talde biek
ez dutela elkarren berri izan— irteerarik gabeko bidaia iniziatiko
batean sartu zenean. Proposamenak era pertinentean nahasten ditu
euskara, ingelesa eta gaztelania, eta emanaldian zehar ganora osoz
elkartu ziren istorioaren esangura sakona, antzezleen inplikazioa,
zuzenean jotako musika, irudi proiektatu aberasgarriak eta eremu
eszeniko dinamikoa, ikusleok antzezleen artean genbiltzala.
Araban finkatu den Miguel Muñozek (Zanguango teatro) zuzendu du Aqui va a pasar algo
zoragarria, antzerki txiroaren osagai guztiak erabateko maisutasunez
menperatuz eta testuei nahiz egoera eszenikoei etekin harrigarria
ateraraziz. Txubio Fdez. de Jauregi (Trapu Zaharra) eta Miguel Garces
elkarlan miresgarrian aritu ziren eta harreman berezia ezarri zuten
taula gaineko elementu ugariekin, berbaldi surrealistak elkarren segidan
botatzen zituzten bitartean. Izan ere, inprobisazioetatik irtendako
solasaldi zoroak erabat koherenteak izan ziren aktore bien lan
gozagarriarekin eta mailarik gorenera eraman zuten gaualdia.
Baina, dudarik gabe, Anakrusa kolektiboaren Tempus, -i
bihurtu da dFeria honetako errebelazioa. Administrazioaren bide
korapilatsuak direla-eta dantza izendapenarekin etorri zaigu produktua,
baina egiatan zenbait arlotako sortzaileen elkarlanaren fruitu
eredugarria izan da. Oier Guillanen hitz-jolas artegagarriak, Iñigo
Ortegaren antzezpen kementsua, Noemi Viana eta Eneko Gilen dantza
garaikide bikaina, Dejabukoen zuzendaritza eszeniko poetikoa, Ebi
Soriaren soinu-banda inguratzailea… bat etorri ziren haiek guztiak
goiari eusteko eta, esanguratsuena dena, emanaldiak euskara hutsean izan
arren berdin piztu zuen kanpotik etorritakoen entusiasmoa.
Azkenik, dFerian eduki dut Act of God
euskaraz ikusteko parada, Gazteszena aretoa ondo beteta zegoela. Ertza
konpainiaren sorkuntza honek erlijioaren kontua hartzen du aztergaitzat
baina ez da ohiko errazkerietan jausten, eta trebezia handiz konbinatzen
ditu sakoneko galdera etikoak eta taldekako pasarte dantzatuak.
Harkaitz Canoren testu dibertigarriak salmodia eran errezitatu zituzten
dantzariek eta Bachen maiestate mistikoa dantza garaikidearen oinarri
bihurtu zen. Izan ere, ez da batere erraza musika barrokoaren geometria
gaurko askatasunarekin elkartzea, baina argi dago Asier Zabaletaren
eskuetan elkarren osagarri izan direla.
Dokumentuaren akzioak