Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Konstelazioetan dantzan

Dokumentuaren akzioak

Konstelazioetan dantzan

Kresala dantza taldeak 'Zeruko' ikuskizuna estreinatuko du maiatzaren 6an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Historiako zibilizazioen elementu unibertsalak baliatu dituzte koreografietan
Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/05/03
Lotura
Berria
eruari betidanik begiratu dio gizakiak. Antzinako denboretatik. Zeruko fenomenoek hainbat zibilizaziorentzat zein esanahi zuten eta haien kulturetan nolako eragina zuten aztertzen du, esaterako, arkeoastronomiak. Hamabi konstelazio edo forma bereizten ditu praktika horrek, eta hamabi dira Kresala dantza taldearen Zeruko ikuskizuna osatzen duten piezak ere. «Hamabi saio egin ditugu, erreferentzia unibertsalak dituzten osagaiekin», azaldu du Faustino Aranzabalek, Kresalako zuzendari artistikoak. Historian murgildu, eta mito zein kondairetatik abangoardia artistikoetaraino doazen elementuak hartuta osatu dituzte koreografiak. Maiatzaren 6an aurkeztuko dute lanaren emaitza; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian estreinatuko dute ikuskizun berria, taldearen 50. urteurrenaren harira.

Duela urte eta erdi inguru hasi zitzaion ikuskizunerako ideia buruan bueltaka zuzendari artistikoari. «Asmoa zen konstelazioen inguruan lan egitea; oso iradokitzailea iruditzen zitzaidan». Hortik ikuskizunak hamabi pieza izatea. Halaber, historia oso gogoko duela dio Aranzabalek, eta ideia horrek hainbat elementu baliatzeko aukera ematen ziola iruditu zitzaion. «Historiako zibilizazioetan ematen diren oinarrizko formak erabili ditut, oso primarioak: zirkulua, karratua eta triangelua». Horiekin batera, erreferentzia unibertsaltzat jo daitezkeen kode, mito eta elementu historikoak baliatu nahi zituen koreografietarako, hala nola Babilonia, faunoa, agotak... Urrutikoak izan litezke batzuk, gertuagokotzat jo litezke beste batzuk, baina guztiak dira unibertsalak: «Agotak, esaterako, beste izen batekin izan bada ere, beste herri askotan baztertuak izan dira. Edo baita Ageda ere; Cataniako adibide bat izan arren, nork jartzen du dudan gure egungo gizarteko elementu bat dela?».

Bilaketa horretan, arte abangoardien erreferentzia batzuk ere baliatu ditu Aranzabalek ikuskizunerako. «Azken urteotako lanetan, abangoardia artistikoen arteko loturen inguruko hausnarketan gabiltza, arte eszenikoetan Meyerholdetik Grotowskira doan mugimendua aztertuz, edo arte plastikoetan Malevitx nahiz Kandinski moduko sortzaileak. Horiek aztertzea plazer bat izan da; utzi duten aztarna ezabaezina dela iruditzen zait». Alde horretatik, taldeak lehenago egindako lanekiko jarraipen bat ikusten du obra berrian. «Oteizaren kaxa beltzaKeinuka edo Rodtxenko lanen jarraipen lineal gisa uler daiteke hau». Jantzien diseinurako ere jo dute halako erreferenteetara; pieza batzuetako jantziek Leon Bakst eta Mijail Larionoven margolanak gogora ekar ditzaketela uste du Aranzabalek.

Orotara, 40 dantzari igoko dira taula gainera emanaldian; bikoteka edo laukoteka pieza batzuetan, talde handiagoetan beste batzuetan. Eszenografia «xumea» prestatu dute: espazio beltz batean ariko dira dantzariak. «Denboratik kanpo kokatzen saiatu gara, atenporala izan dadin».

Historian murgildu eta jolasten jarraitzeko asmoz, musikari dagokionez ere askotariko piezak aukeratu dituzte; XV. mendetik XXI.era doazen doinuak entzungo dira ikuskizunean, tartean, Axiari, Bach, Iztueta eta Xostakovitxenak. Baita hainbat testu ere: William Shakespeareren, Joanes Leizarragaren eta Joxan Artzeren zenbait testu errezitatuko dituzte.

Tradizioa, garaikide

«Zeruko nortasun estetiko berezia duen ikuskizuna dela esango nuke», dio Aranzabalek. «Ikuslearekin dantzaren inguruan zer pentsa emango dioten osagaiak partekatzea da kontua, eta ikuslearen begiradaren arretan, iragana eta geroa orainean jartzea, gaurkotuz». Taldeak dantzarekiko dituen kezkak ere ageri dira obran. «Gure kezka nagusia zera da: egun eta hemen bizi dugun mundu honetan zein rol jokatzen duen dantza tradizionalak». Etiketetatik harago, tradizionaltzat jotako dantza oro noizbait sortua izan dela gogora ekarri, eta euskal dantza tradizionalaren garaikidetasuna aldarrikatu du. «Dantza dantza da, gure hizkuntza da, eta atzera begiratuta, ikusten duzu bizirik dagoen guztia berrituz doala beti. Kate luze baten zatitxo batzuk besterik ez gara gu».

Kate horretan, 50 urteko ibilbidea betetzen du aurten Kresalak —eta 25 urtekoa Aranzabalek zuzendari lanetan—. Talde amateurra da, dantzari gaztez osatua, baina mende erdiko historia duena jada. Urteurren ekitaldien barruan aurkeztuko dute Zeruko. Beste hainbat ikuskizunekin ere badabil taldea, eta horiek erakusten ariko da datozen hilabeteetan. Datorren urtetik aurrera, Zeruko taula gainera gehiagotan eramatea da Kresalaren asmoa; oraingoz, aurten ikusteko aukera bakarra maiatzaren 6koa izango da.
Hamabi piezarekin osatu du Kresala dantza taldeak <em>Zeruko</em> ikuskizun berria. Orotara, 40 dantzari ariko dira oholtza gainean.
Hamabi piezarekin osatu du Kresala dantza taldeak Zeruko ikuskizun berria. Orotara, 40 dantzari ariko dira oholtza gainean. KRESALA

Dokumentuaren akzioak