Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Konpon daiteke

Dokumentuaren akzioak

Konpon daiteke

Emakumeak jaietan. Beste kasu batzuk

Herri ugaritan lortu dute andrazkoek jai giroko ekitaldietan parte hartzea. Ez da bide erraza izan beti, aurkakoak ere agertu baitzaizkie, hasierako urteetan batez ere. Lortu dute normaltasuna urteak joan ahala. Bat gehiago dira halako festetan.
Egilea
Garikoitz Goikoetxea
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2014/09/07
Lotura
Berria

TOLOSA

Inauterietako bazkaritik, benetako alardera

Jai giroko bazkari batean hasi zen guztia. Inauteriak ziren Tolosan (Gipuzkoa), eta bazkaria zuen neska kuadrilla batek. «Sanjoanei buruz hizketan aritu ginen: ez zela ezer egoten, alardean ikusle gisa soilik egon gintezkeela...». Ideia bat atera zuten: «Emakumeen konpainia bat aterako dugu?». Orain 30 urte egin zuten bazkari hura, eta, gaur egun, emakumeen parte hartzea ia normalduta dago Tolosako alardean, Kakun Etxeberriak azaldu duenez. Emakumeak eskopetari modura ateratzeko eskaria egin zutenetako bat da.

Inauterietako bazkari haren ondoren, udaletxera joan ziren. «Ez zegoen ezer idatzita emakumeen parte hartzeari buruz». Alkatearekin hitz egin zuten. Nahi bazuten irteteko esan zien, baina baldintza batekin: elkarteren baten babesa behar zuten. Izan ere, elkarte gastronomikoen altzoan irteten ziren alardeko konpainiak Tolosan. Emakumeak onartzen zituen elkarte bakarra zegoen garai hartan: Lizardi. «Hango zuzendaritzakoekin hitz egin genuen, eta baiez esan ziguten, irteteko nahi bagenuen».

Entseguak egin behar izan zituzten aurrena. Zailtasun batzuk izan zituztela aitortu du Etxeberriak: «Inork ez zigun esaten ez zigula erakutsiko, baina baietz ere ez». Azkenean, kideetako baten anaiak irakatsi zien nola desfilatu behar zuten. Eskopetak armatzen ere ikasi zuten. Lehen egunean ez zuten irainik edo txisturik jaso, baina egoera bestelakoa zela nabaritu zuten: «Plaza isil-isilik zegoen; ez zen txintik ere entzuten». Eskopetak hartzen zituzteneko egoera du bereziki gogoan Etxeberriak. Barrez gogoratzen du orain: «Deskargak egiterakoan, jendeak pauso bat atzera ematen du, zaratagatik. Gurekin, eskopetak kargatzen hasten ginenean, metro eta erdi atzera joaten ziren! Beldurra izango zuten edo...».

Indar handia hartu du azken urteetan Tolosako eskopetarien desfileak, eta emakumeek inolako eragozpenik ez dute. Hutsune batzuk badira oraindik, hala ere: «Kapitain emakumezko bakarra gurea da». Denbora kontua dela uste du Etxeberriak: «Ondo doa gaia, eta utzi behar zaio horrela». Pausoak ematen ari dira sanjoanetan azken urteetan ere: San Joan eguneko bordondantzetan, esate baterako, emakumeek parte hartzen dute iaztik.

UGAO

Andreek eta gizonek elkarrekin jaten dituzte babarrunak

Indabak janez ospatzen dituzte Udiarragako Andre Mariaren jaiak Ugaon (Bizkaia). Hilaren 15ean egingo dute bazkaria aurten. Tradizio luzeko ekitaldia da: dokumentu historikoen arabera, Udiarragako kofradia 1599an hasi zen babarrun jatea antolatzen. Emakumeentzat itxita egon da urte luzeetan: ezin zezaketen indabak jatera joan egun horretan. Ez dira urte asko aldatu zutela: 2011tik onartzen ditu emakumeak kofradia horrek. «Normaltasuna erabatekoa da gaur egun», adierazi du Ugaoko alkateak, Ekaitz Mentxakak.

Aldaketa naturala izan dela azaldu du alkateak. Batetik, herritarrek bultzatu zuten: kofradiak antolatutako ekitaldiaren alboan, «indaba jate herrikoia» egiten hasi ziren orain bost bat urte. «Hor hasiera-hasieratik onartu zituzten emakumeak». Bestetik, kofradiak berak aurrerapausoa ematea erabaki zuen 2011n. «Kofradiako arduradunak aldatu egin ziren, eta pausoa eman zuten». Udalak ere bultzatu zituen hori egitera, Mentxakak dioenez.

Inolako istilurik ez zen sortu herrian emakumeak ere babarrunak jatera joaten hasi zirelako. «Normaltasun osoz hartu zuen jendeak. Kofradiak emakumeak onartu baino bi-hiru urte lehenago entzuten zen hori egin behar zutela». 2011n joan ziren kofradiako bazkarira lehen aldiz lau andre, eta, okerrik ez dela, hilaren 15ean ere han izango dira. «Normal-normal. Batere istilurik gabe».

BERA

Dantzari emakumeen parte hartzeak ez du istilurik eragin herrian

Gorabehera batzuk izan dituzte azken hilabeteetan Nafarroan, herri batzuetan emakumeei dantzan parte hartzen utzi nahi ez eta. Hori ikusita, beldur puntu bat bazutela aitortu du Aitziber Esnaola Berako dantzariak: «Ez genuen lehenagotik aunitz zabaldu nahi izan herrian, gauza natural bezala agertu nahi genuelako. Bagenuen beldur pixka bat jendeak nola jokatuko zuen, inguruko herri batzuetan zer gertatu den ikusita». Lehen aldiz parte hartu dute emakumeek aurten Berako jaietan, San Esteban eguneko dantzetan. Istilurik gabe.«Hagitz kontent gaude».

Aurten egin dute emakumeek parte hartzeko urratsa, baina ez da egun batetik besterakoa izan. «Urte batzuk eman ditugu pentsatzen. Nahi genuen ongi egin, begiratu nola egiten zen, pausoa ongi eman. Hurrengo urteetan segitzea nahi baitugu», azaldu du Esnaolak. 30 bat andrek parte hartu dute aurten festetako dantza emanaldian; 12 urtetik gorakoak izan dira guztiak. «Heldu den urterako ea neska txikiagoek ere parte hartzen duten».

Badakite herrian bateko eta besteko iritziak sortu dituela emakumeak parte hartzen hasteak, baina jasotako inpresioekin gustura daude: «Badakigu badagoela kontra dagoen jendea, baina, egia erran, guri iritsi zaiguna da jende gehiena kontent dagoela, bazela ordua aldatzeko. Jarrera hagitz ona izan da. Aurreko urteetan baino animo gehiago izan dira plazan». Ez da pauso txikia. Elizondon izan dituzte arazoak aurten bertan, emakume talde batek mutil dantzetan parte hartu nahi eta. Bi dantzaldi izan dituzte: batetik, gizonek eta emakumeek elkarrekin egin dutena "udalak babestu egin du", eta, bestetik, gizonezkoek bakarrik parte hartu dutena. Baztango beste herri batzuetan ere izan dituzte istiluak mutil dantzen harira, eta andreak iraindu ere egin dituzte batzuetan. Ez da Berako kasua, inondik ere: «Zoriondu egin gaituzte emandako urratsagatik», nabarmendu du Esnaolak.

Berakoa ez da izan emakumeek horrelako ekitaldietan parte hartzeko pauso bakarra. Villabonan (Gipuzkoa), festetako soka dantzan parte hartu dute emakumeek aurten lehengo aldiz. Iaz, Villabuenan (Araba) eman zuten pauso bera, adibidez, eta Deban ere bai, Gipuzkoan.

GASTEIZ

Blusen alboan, ezinbesteko bihurtu dira neskak ere

Ez dira hamarkada asko blusekin batera neskak Gasteizko jaietan parte hartzen hasi zirela. Gaur egun ezinbesteko bihurtu dira Andre Maria Zuriaren festetan, baina, zinez, 2000ko hamarkadatik aurrera hasi ziren erabat zabaltzen. «Aurretik parte hartu zuten neskek osatutako kuadrilla batzuek, baina 2005-2006 inguruan asko ugaldu ziren blusen kuadrilletan», azaldu du Eduardo del Vallek. Blusen eta nesken historiaren inguruan azterketa batzuk eginak ditu.

Lamiak kuadrilla izan zen aitzindaria Gasteizen. Lehen aldiz 1979an irten zen, soilik neskek osatuta. «Behin bakarrik irten ziren, ordea. Gutxi ziren». Beste ahalegin bat 1990eko hamarkadaren hasieran egin zuten, Del Vallek azaldu duenez: «Neska Ausartiak izeneko kuadrilla bat zen, hura ere emakumeek soilik osatua. Fanfarrerik ez zuten, eta blusa kuadrilla batzuekin batzen ziren». Bi urtetan atera "1990ean eta 1991n", eta desegin egin ziren. Del Vallek nabarmendu du emakume taldeak ez zirela desegin protestengatik edo aurkako giroagatik, garai hartan andrazko gutxik parte hartzen zutelako baizik.

Mende berriarekin batera hasi ziren andrazkoak ordura arte gizonenak bakarrik ziren kuadrilletan parte hartzen. «Gutxika hasi ziren: blusen ezagunak ziren emakumeak, senideak... Gaur egun, berriz, erabat normalizatuta dago gaia. Neskak erabat integraturik daude».

Kuadrilla batzuetako zuzendaritza batzordean emakumeak daude orain, eta blusen eta nesken batzordeko buru emakumeak ere egon izan dira. Del Vallek aitortu du esamesen batzuk sortu zituela hasieran emakumeen parte hartzeak. «Kuadrilla batzuetan uzkurkeria batzuk izan zituzten, baina aho txikiarekin. Eta gainditu dira».

Blusekin eta neskekin ez, baina Gasteizko danborradarekin izan zituzten gorabehera gehiago. San Prudentzio jaietan egiten dute danborrada, apirilean, eta emakumeak danborra jotzen ateratzearen aurka bozkatu zuten hasieran elkarte gehienek. «Arazoak egon ziren, baina azkenean sartu ziren emakumeak ere. Gero eta gehiago irteten dira orain», nabarmendu du Del Vallek. Horrelako kasu gehiago ere izan dira: Donostian, urteetan trabak izan dituzte emakumeek San Sebastian jaietan jotzeko.

ITUREN-ZUBIETA

Gauetik goizera hasi ziren andreak joaldun gisara

Ustekabean erabaki zuten urratsa egitea. «Parrandan, gauetan atera izan ginen, era inprobisatuan, ez-ofizialean». Erabaki zuten gauean egiten zutena egunez ere egitea, «modu ofizialean»: joaldun jantzita atera ziren lau neska iturendar herriko inauterietan. Joaldunak joaten dira Iturendik Zubietara egun batean, eta Zubietatik Iturenera bestean. Nafarroan. Orain 30 bat urtekoa da andreen parte hartzea. «Joan egin ginen, eta baietz erran zuten. Eta kito. Ez genuen aurrez abisatu, eta uste dut erreakzionatzeko denborarik ez geniela eman». Jone Altxuk eman du lekukotasuna. Hura da irten ziren lau emakumeetako bat.

Berritasun handia izan zen: «Kanpora begira, lehenbiziko aldia zen, eta badakit ondotik iritziak izan zirela. Baina horrela eginda, ez genuen inolako polemikarik sortzeko aukerarik eman, modu inprobisatuan egin genuelako». Arrakasta izan zuen andreek irekitako bideak: Iturenen jarraitu zuten hurrengo urteetan joaldun emakumezkoak ateratzen, eta Zubietan ere animatu ziren.

Hasiera hartan joaldun gizonekin izandako harremanaz oroitzapen ona du Altxuk: «Harritu ziren pixka bat, baina ez zitzaien gaizki iruditu. Izatez, gauetan ateratzen ginenean mutilek laguntzen gintuzten, erakutsiz eta».

Gaur egun inolako eragozpenik ez dago joaldun gisa emakumeak ateratzeko, haren ustez. Zubietan, izatez, urtero ateratzen dira neska batzuk. Gorabehera gehiago dituzte Iturenen. Herri txikia da, eta zail da prest dauden neskak topatzea. Azken pare bat urtean, hala, gizonezkoak soilik atera dira han. «Fisikoki ahalegin handi samarra eskatzen du; gogorra da. Guk urte batzuk egin ditugu, eta jada ez dugu jarraitzen», aitortu du Altxuk.

Pena hori badu, haiek bidea hasi ondoren gaur egun Iturenen neskarik ez ateratzea joaldun modura. Atea zabalik daukate, nolanahi ere: «Guk animatzen ditugu ateratzera, eta espero dut aterako direla gutxi barru. Baina hemen arazoa ez da, inolaz ere, herritarrek edo mutilek ez dutela onartzen». Normaltasunaren erakusgarri, Altxuk aipatu du bi neska animatzeko eginahaletan ari dela joaldunen taldea: «Badakit irteeraren batean eraman dituztela bi gazte emakume. Mutilek eurek proposatuta».

ZUBEROA

Nahitaezkoak, maskaradei bizirik eutsiko bazaie

Eraldaketa handia nabaritu dute maskaradetan. «Gizon baino gehiago emazte ikusten ahal da gaur egun». Hamarkada gutxian egindako aldaketa izan dela azaldu du Ihitz Iriart aloztarrak; parte hartu izan du maskaradetan. Orain 30 bat urte hasi ziren aldaketak, «poliki-poliki». Pertsonaia gutxi batzuk jokatzen zituzten hasieran (anderea, laborarisa...), baina, gaur egun, gero eta toki handiagoa dute. Gizon gutxiago dago, eta andreek hartu dute haien tokia.

Mugarri batzuk badira, maskaradetan emakumeek tokia nola hartu duten adierazten dutenak. Nagusia, Eskiulan (Zuberoa), 1992an. Soilik andreek osatutako maskarada bat egin zuten. Salbuespena izan zen, baina aurrerapausoaren erakusle. «Kantinersa jokatzen hasi ziren gero; txorrotxetan ondoren, kantari. Gutxiago ikusten da, agian, baina buhame eta kauteretan agintariak izan dira emazteak. Azkenean, kasik toki guziak hunkituak izan dira emazteengandik». Salbuespen batzuekin. «Ez oraindik Pitxu eta Kabanaren rolak. Agian, ez garelako ausartu, edo rol horiek oso bortitz jokatu izan direlako».

Inon debekurik ez dago emakumeek maskaradan parte har dezaten. «Nehork ez dizu erranen: 'Ez ezazula egin'». Baina Iriartek aitortu du herritar guztiek ez dutela begi onez ikusten andreak plazara ateratzea. «Nire adintsuko gazteen artean normala da. Gure gurasoen adinean, 40-60 urterekin, aldaketa da haientzat, ausarta batzuentzat, baina onartua. Eta gero badira beste garai batzuk ezagutu dituztenak, nostalgia dutenak, Etxahun Iruriren garaia ezagutu dutenak, non emazteak ez ziren; eta batzuentzat onartezina da emazteek parte hartzea». Irainik eta horrelakorik inoiz ez diote egin Iriarti, hala ere. «Baina badakit batzuentzat ez dela gustukoa».

Oraingo bidean segituta, andreen parte hartzeak gora jarraituko du. «Dantza taldeetan, herrietan, neska asko sartzen da, eta mutil gutxi daude. Dantzarietan ere sartu dira neskak gero eta gehiago». Hortaz, emakumeek pisu handiagoa hartzea giltzarri izango da hurrengo urteetan, haiek eusten baitiote maskaradari. «Beharrik neskak hor daudela. Zeren, bestenaz, ez litzateke agian maskaradarik, ez gehiago dantzarik ere egungo egunean».

Neska talde bat, aurtengo alardean.

Neska talde bat, aurtengo alardean. IÑIGO TERRADILLOS / ATARIA

Dokumentuaren akzioak