Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Konpainia handi baten ahalmena

Dokumentuaren akzioak

Konpainia handi baten ahalmena

Kritika, Ballet du Grand Theatre de Geneve

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/09/12

Emanaldia Le Sacre izeneko lanarekin zabaldu zen. John Neumeier koreografoaren pieza honek Stravinskiren Le Sacre du Printemps obra ezaguna du oinarri, eta dantza modernoaren klasikotzat jo daiteke. Musikariaren ideiari jarraiki, Neumeierren koreografiak gizakiaren etsipena ezinezkoaren aurrean adierazten du. Dantzariek lerroak osatzen dituzte eremu soildu batean, ejertzitoak balira bezala, eta askotan badirudi konpainiak ehun lagun baino gehiago dituela.



Dantzarien mugimenduak estuki lotuta daude partituraren inflexioei eta oinen hotsek behearen kontra musikaren erritmo bortitza azpimarratzen dute, izu sentsazioa areagotuz, eszenako albo batean lo dagoen dantzariaren amesgaiztoaren parte balira bezala.Dantzaren erdialdean kaos une bat nagusitzen da gorri kolorearen pean eta pentsa liteke gerrako bonbekin batera gizakia amesgaiztotik esnatu dela. Baina jarraian datorrenak ez du esperantzarako zirrikiturik uzten.Atsedenaldiaren ostean, Kiki la Rose solo ederra eskaini zigun Bruno Roy dantzariak, Berliozen kanta biren laguntzaz, besoen adierazkortasunari utziz mugimenduaren protagonismo guztia. Eta egitarauaren azken atalean Selon désir izeneko pieza etorri zen. Andonis Foniadakisek sortutako lan honek Bachen musika korala du oinarri, eta bertan San Juan eta San Mateoren Pasioetako koroak entzuten ditugu, haien birnahasketekin egindako pasarte abstraktu batzuekin batera. Nik esango nuke Foniadakisek diseinaturiko mugimenduak Bachek musika konposatzeko erabiltzen zituen teknika berberekin sortu direla. Buru egitura berberarekin ez esatearren. Dantzariak etengabeko mugimenduan aritzen dira, behin eta berriro sortuz gorputz osoa hartzen duten espiralak. Koreografiak mugimendu segida konplexu eta koloretsuak marrazten ditu, kanon erara, aldaketa etengabean dauden talde eskultorikoak sortuz, dantzarien energia agortezina erakutsiz eta barrokoaren distira eta koloretasuna gailurrera eramanez. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak