Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kondairaren azken harietan

Dokumentuaren akzioak

Kondairaren azken harietan

70 dantzarik eta hamar musikarik hartzen dute parte

Egilea
Ane Sarasketa
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Eibar
Mota
Albistea
Data
2001/12/14

Pilota gune izateari utziko dio Eibarko Astelena pilotalekuak egun batez, bihar gauean; eta dantzarako agertoki bilakatuko da. Argia euskal dantzari taldeak Kondharian; Irulea eta Itzaiaren ezteiak izeneko ikuskizuna eskainiko du, Juan Antonio Urbeltzen eskutik.



Urbeltzen hitzetan, ez dago erriturik gabeko kondairarik, eta, haien arteko loturen oinarrian, dantzek garrantzi handia izaten dute. Kondharian ikuskizuna ere ildo horretan aurkeztutako lana da. Koldo Amestoi ipuin kontalariak kontatutako zazpi ipuinek irulearen eta itzainaren ezkontza azaltzen dute. Izenburua ere jatorri berekoa da, zuzendariaren hitzetan: «Kondairaren harian esaldiarekin jokatu dugu ikuskizunari izenburua jartzeko orduan».



Guztira, hirurogeita hamar dantzari eta hamar musikari inguruk hartzen dute parte; Argia dantza taldeaz gain, Elgoibarko Haritz eta Añorgako Harkaitz dantza taldeak eta Iturengo zanpantzarrak elkarlanean aritzen dira.



Euskal dantza tradizionalez gain, bestelako zenbait dantza eta musika ere aurkezten ditu koreografo donostiarrak ikuskizunean; Habanerak, Perikoia, Kauskasoko polifoniak, esaterako. «Tradizioan oinarritutako ikuskizuna da, oinarri sendo eta sakonekoa; irudi poetiko eta indartsukoa. Balet fina da aurkeztutakoa», adierazi du Oier Araolazak Eibarko Kezka dantza taldeko arduradunak.



Azken harietan



Ikuskizun heldua da Kondharian. 1997. urtean sortu eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat hiri igaro ditu jadanik. Ibilbide luze horretan, kondairaren azken harietan dihardu ikuskizunak; beraz, Eibarko saioa azkenetakoa izango da. Izan ere, ikuskizuna ziklo baten bukaeran dela azaldu du egileak. «Kondharian-en zikloa ixtear dago. Eta beste bat zabaltzear. Datorren obrarekin lanean hasita nago dagoeneko. Banabil zirriborroak egiten eta ikertzen», azaldu du Urbeltzek.



Aspaldian tradizioa ikertzen ari den gizona da Juan Antonio Urbeltz; sinboloen nahasketaz eta haien adierazpenaz lan ugari egindakoa. Ikerketa bide horretan, beste hainbat ikuskizun aurkeztu ditu Kondharian-en aurretik: Irradaka, Zortziko eta Alakiketan, besteak beste. Euskal kulturaren sustraiak aztertu ostean egindako lanak dira aipatutakoak. Hala azaldu du egileak bere lana: «Behin zentzua bereganatutakoan, gerora sormen lana egin daiteke». Euskal kultura erreferentzia bilakatzeko eta mundura zabaltzeko nahia azaldu zuen Argia taldeko zuzendariak: «Oso kultura zaharra eta interesgarria da gurea. Mundura zabaltzeko modukoa».

Dokumentuaren akzioak