Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Komunitateari esker, zortzi bizialditarako adina dantza egin dut»

Dokumentuaren akzioak

«Komunitateari esker, zortzi bizialditarako adina dantza egin dut»

Barrenak arakatzeko eta bizitzari beste zentzu bat emateko, Arko Iris komunitate espiritualera joan zen Bachiller. Hamar urte eman zituen harentzat «paradisua» izan zen familian.
Egilea
Olaia L. Garaialde
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/07/23
Lotura
Berria

GORKA RUBIO / FOKU

 

Bizitzarekiko jarrera meditaziozkoa dauka Iris Bachillerrek (Bilbo, 1947). Lizasoko (Nafarroa) komentuan zegoen Arko Iris komunitatean ezagutu zituen yoga eta bestelako teknika batzuk. Ohiko bizimodu «zurruna» albo batera utzi, eta autogestioan oinarrituta eredu «askatzaileagoak» sortzen saiatu zirela kontatu du.

Nolakoa zen zure bizitza komunitatera sartu baino lehen?

14 urtetik 31 urte bete arte lanean egon nintzen, goiz eta arratsalde. Lan asko izan arren, gehienbat jostuna izan nintzen. Argi neukan ez nuela ezkondu nahi, baina garai hartan, kanpora begira, ez ezkontzeak esan nahi zuen ez zintuela inork gustuko; neskazaharrak ginen. Lan on bat lortu, eta dirua irabazi nahi nuen, autonomoa eta independentea izateko.

Ezkontzeko presioa sentitu zenuen?

Zorionez, amaren partetik ez nuen presiorik sumatu. Hala ere, gizartean presio handia zegoen. Askotan galdetzen zidaten ea mutil lagunik neukan, eta ezetz esatean, harritzen ziren. Ostean, esaten zidaten hobeto nengoela horrela. Oso paternalistak ziren.

Nola ezagutu zenuen komunitatea?

Komunitatea sortu baino urte batzuk lehenago, Emilio Fielek, komunitateko fundatzaileak, yoga eta meditazio ikastaro batzuk eskaini zituen. Garai hartan ikastaro guztiak oso garestiak ziren, baina, doan zenez, parte hartzea erabaki nuen. Segituan hasi nintzen zerbait sentitzen. Hortik urte batzuetara, nire ametsetako lana lortzeke nengoenean, lankide batek esan zidan egunkarian Lizason irekiko zuten komunitate baten inguruko erreportaje bat zegoela, eta nirekin oroitu zenez, erreportajea gorde zidan. Argi ikusi nuen horixe bilatzen nuela. Horregatik, lanari uko egin, eta komunitatera sartu nintzen.

Zer pentsatu zuten zure ingurukoek?

Ez zuten ulertzen, baina heldua nintzenez, ezin zuten deus egin. Uste zuten segituan itzuliko nintzela, lo egitea oso gustuko nuelako eta han goizeko seietan esnatzen ginelako. Kanpotik begiratuta, ematen zuen ez zuela zerikusirik nirekin, baina zen justu behar nuena: baldintzarik gabe bizitzeko modu askeago bat.

Zer behar zen bertan parte hartzeko?

18 urte baino gehiago izatea eta ez izatea ardurarik komunitatetik kanpo, proiektuan parte hartzeko ardura hartzen genuelako. Hala ere, ateak beti irekita zeuden, eta libre ginen edozein momentutan ateratzeko. Gainera, familiak bisitatzera etortzen ziren.

Zure familia joan zen?

Hasieran. Amak uste zuen ez nuela asko iraungo, baina ikusi zuenean gustura nengoela eta Gabonetan itzultzen nintzenean oso pozik nengoela, ezin zuen deus egin.

Nolakoa zen egunerokotasuna Lizason? Zer egiten zenuten?

Urteekin aldatuz joan zen, baina hasieran goizeko seietan esnatzen ginen meditatzeko eta arnasketa lantzeko ariketak egiteko. Hiru orduz egoten ginen baraurik. Jan ostean, eguneko lanak egin behar genituen; hala nola baratzea landu, kozinatu, gure arropa josi, etxeak eraiki eta inprenta lanak. Uste dut sei liburu inprimatu genituela. Lanez aldatzen joaten ginen, eta ez geunden lan egitera behartuta.

Gero kanpaldiak eta ikastaroak eskaintzen hasi zineten?

Bai, ikastaroak komunitatearen finantza iturririk handiena ziren. Gauza asko landu genituen; hala nola gestalt terapia; terapia bionergetikoa; shiatsu, rolfing eta antzeko masaje teknikak; gorputz sentsibilizazioa lantzeko psikomotrizitatea eta gorputz adierazpena... Osotara, 10.000 kanpinzalek parte hartu zuten.

Zer baliotan oinarritzen zineten?

Batez ere, partekatzean. Ohiko indibidualismotik atera, eta kolektiboan bizitzen ikasi dugu. Esperientzia honetan ederrena hainbeste jenderekin bizi izana da. Hasieran 30 ginen, baina guztira 200 pertsona bizi izan ginen komunitatean. Barrua arakatzeko lan handia egiten genuen, inkontzientea eta itzalak arakatu nahi genituelako. Norbaitekin arazorik izanez gero, kudeatzen ikasi behar genuen, egunero elkar ikusi behar genuelako. Gainera, oso desberdinak ginen. Begetarianoak ginen, ez genuen ez erretzen, ezta alkohola edaten ere. Oso askeak ginen, eta naturistak ginen, batzuetan biluzik ibiltzen ginen.

Nolako jendea zegoen?

Bakoitza etxe batekoa zen: batzuk familia onekoak ziren, beste batzuek bizitza osoa pasatu genuen lanean, ikasleak, medikuak, arkitektoak, irakasleak... denetarik zegoen. Oso gazteak denak; ni nintzen zaharrena. Uste genuen gure errealitatea zela egia bakarra, baina komunitateari esker ikusi genuen hogeita hamar egia zeudela. 

Zer-nolako harremana zenuten herriarekin?

Hasieran oso gaizki, herrian oso itxiak zirelako eta gaizki ikusten zutelako gu han egotea. Uste zuten arraroak ginela. Aipu bat dago oso ongi islatzen duena nola ikusten gintuzten: «Musika entzun ezin zutenek ero moduan ikusten zituzten dantzatzen zirenak».

Urteekin hobetuz joan zen?

Bai. Terapia naturistak eskaintzen genituenez eta soilik borondatea ordaindu behar zutenez, herrikoak parte hartzen hasi ziren. Urteekin, kusi zuten energia handia genuen gazteak ginela eta nahi genuenean ateratzen eta sartzen ginela komunitatetik.

Herrira ateratzen zinen?

Komunitatean soilik infusioak hartzen genituenez eta kafea gustuko nuenez, herriko ostatura joaten nintzen. Jabeak aldatu zirenean mesfidati begiratzen gintuzten, baina gero elkarri txantxak egiten hasi ginen. Haiek esaten zuten gu bezala laranjaz jantziko zirela, eta gu haiek bezala, bakeroekin. Hortik gutxira Korrikak pasatu behar zuen lehenengo aldiz, eta, Lizason ez zuenez inork izena eman, komunitateko hiru kidek eman genuen izena. Hiru kilometro egin genituen korrika. Komunitateko hiru kidek Korrikan parte hartzeari esker, herrikoekin genituen harresi guztiak apurtu genituen.

Zer izan da zuretzat komunitatea?

Paradisua;hala ere, bakoitzak gure modura bizi dugu esperientzia bera. Antzeko historia zeukan neska bat zegoen, eta berarentzat soldaduska egitea bezala izan zen. Niretzat, aldiz, paradisua izan zen, nahi nuena egiteko eta ni neu izateko aukera izan nuelako. Denetarik probatzen genuen; adibidez, izugarri gustuko dut dantzatzea, eta, komunitateri esker, zortzi bizialditarako adina dantza egin dut. Ez nekien sormen handia nuela, baina komunitatean asko bultzatzen zirenez, besteak beste, poesia, musika eta antzerkia, nire sormen gaitasuna ezagutu dut. Muga bakarra zentsura indibiduala zen.

Errepresiotik askatzeko espazio bat izan zen?

Desengainua oso handia zen. Komunitatea sortu zen Franco hil eta hiru urtera. Gogoan dut manifestazio feministak egin nahi genituenean azken momentuan beti agindu bat etortzen zela esanez ezin ginela kalera atera. Behin, ezezkoa jasota, kalera ateratzea erabaki genuen, eta grisak geldirik geratu ziren denak emakumeak ginelako. Bat-batean, urduritzen hasi ziren, eta batek borra atera zuen kolpeka hasteko. Leku guztietan zegoen errepresioa. Komunitatea frankismoaren kontrakoa zen; kolorearen, pozaren eta bizitzaren ospakizunaren isla zen.

Hala ere, dena ez zen ederra izanen ezta?

Oso ederra izan arren, eztabaida asko genituen. Batzuetan, bikotekide bat genuen, eta, gero, elkar uzten genuenez, beste batekin ikusten genuen, eta hori kudeatzea ez zen erraza. Horrez gain, inkontzientea arakatzen genuenez, landu beharreko gauzak elkarri muturraren aurrean jartzea ez da erraza. Gauza asko janariarekin kudeatzen ziren. Ez genuenez ez edaten ez erretzen eta osasuntsu jaten genuenez, argi ikusten zen nor zegoen gaizki, segituan etortzen zelako sukaldera.

Gizartean zeuden botere harremanak erreproduzitzen ziren?

Bai, komunitatea gizartearen lagin bat zelako. Orduan gizartea matxista zenez, komunitatean horren kontra egiten saiatzen ginen arren, kontraesanak, matxismoa barne, agerikoak ziren. Kale egin genuen askotan. Baina, aldi berean, amets bat bizitzera ausartu ginen. Kide batek esaten zuen pasatu ginela bikotekidea musukatzea bekatua izatetik denak denekin katramilatzera behartuta egotera. Uste dut zaila dela hainbeste errepresioren ostean askatasuna kudeatzea.

Emilio Fiel izan zen fundatzailea; zein zen bere funtzioa?

Hasieran, ikastaroak ematen zituen, eta guk ikasitako teknika guztiak berarengandik ikasi eta esperimentatu genituen. Ostean, kanpinzaleekin praktikan jartzen genituen. Urteekin, geroz eta ikastaro gutxiago ematen zituen, eta liderraren figurak indarra galdu zuen. Guretzat garrantzitsuena komunitatea zenez, Tarragonara [Herrialde Katalanak] mugitu ginenean, zazpi emakumez osatutako batzar bat sortu genuen komunitatea kudeatzeko.

Emakume horietako bat izan zinen; zertan aldatu zen lan egiteko modua?

Ordura arte oso maskulinoa zen dena; kanpora begira lan egiten ari ginen; helburua eraikitzea zen, jende gehiagok parte hartu nahi zuelako. Asko handitu zenez oso hedakorra zelako, zor ekonomiko handia sortu zen. Batzarren helburua zen zorra kitatzea eta ordura arte egindako guztia zaintzea, kalitatezkoa izateko.

Zergatik joan zineten Lizasotik?

Lizaso txiki geratzen zelako. Geroz eta jende gehiagok parte hartu nahi zuenez, eta, kanpinzale asko katalanak zirenez, Kataluniara jotea erabaki genuen. Baina, ez dakit zergatik, ez ziren katalan asko etorri. Arkitekto asko zeudenez, denon artean eraiki genuen dena.

Lizasokoa amaituta, nolakoa izan zen etxera itzultzea hamar urteren ostean?

Lagunekin ongi, beti bezala, oso lotura indartsua genuelako. Etxean zailago izan zen, itzuli nintzenean uste zutelako lehengo pertsona bera nintzela. Hala ere, amak ikusi zuen asko aldatu nintzela. Berriz gurasoen etxean eta lanik gabe egon arren, bizitzarekiko beste jarrera bat nuen. Duela hamar urte amorratuta egongo nintzateke, baina bizitzarekiko jarrera meditaziozkoagoa nuen. Amak esan zidan ez zapuzteko, langabezia tasa handia zelako; uste dut %18koa zela. Halere, argi nuen azkar aurkituko nuela lana, eta horrela izan zen. Ordutik, nirekin sintonian dauden gauzak egiten saiatzen naiz.

Dokumentuaren akzioak