Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Koloretako txatxoak mara-mara

Dokumentuaren akzioak

Koloretako txatxoak mara-mara

Herri anitzetan bukatu dira inauteriak. Lantzen, Miel Otxin sutan erreta bukatu dute herriko bestarik garrantzitsuena. Mozorroaren azpian hotzik ez, eta herriko kaleetan salto eta oihu ibili dira txatxoak eta beste.

Elurrak edertu baizik ez du egin Lantzeko inauteria (Nafarroa). Zerua estalirik, hotzak hartu zituen herriko kaleak atzo. Grisa zen nagusi. Hala izan zen eguerdira arte. Halako batean, kaosa kalera atera zen kolore biziz jantzirik. Inoiz baino koloretsuago ikus zitezkeen txatxoen tunturro eta atorrak inguru hotzean. Inauterietako azkeneko eguna zen, eta goizetik denek bazekiten zein izanen zen Miel Otxinen patua: sutan kiskaltzea.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/02/14
Lotura
Berria
Langileak izan ziren ostatura ailegatzen lehenak. Egun gogorrak izaten dira inauterietakoak, egunean hamabi ordu ere lan egiten dute batzuetan. Hamarretan ostatua ireki, mahaiak eta gosaria prestatu, ondotik dena jaso, eta berriz ere sukaldera, bazkaria prestatzera. Gosari-bazkari-afari zikloa etengabe errepikatzen dute inauteri asteartera arte. Langileak inguruko herrietatik edo Iruñetik heldu ziren lanera, baina aski ezagutzen dute ostatua. Urtero joan ohi dira. «Leher eginda bukatzen dugu; lau egun dira, baina ordu pila bat», azaldu zuen langileetako batek. «Urte osoan ez da hainbeste lanik, ezta bestetan ere». Hala ere, inauteriak maite dituzte. «Badu xarma, urtez urte etortzen gara, eta herriko jendearekin harremana dugu».

Aurten, dena den, ez zen jende askorik bildu Lantzera. Elurrak beldurturik-edo, hainbatek nahiago izan zuten etxean gelditu. Hala ere, herriak ez zuen bisitaririk falta. Ostatutik kanpo, Iruñeko eskola bateko haurrak elurrarekin jostatzen aritu ziren. Inauteriak bertatik bertara ezagutzeko gogoz joan ziren Lantzera. Haien oihu eta lasterketek bizia eman zioten goizeko kalejirari. Azkenerako, denak kontent: haurrak eta mozorroak.

Haurrak elurrarekin jostatzen ziren bitartean, ostatuan goxo ziren hamaiketakoa hartzen. Barneko mahaian herriko hainbat gizon bildu ziren, eta, bapo jan eta zintzurra busti ondoren, lehenbiziko solairuko gela nagusira joan ziren Mintxo Garaikoetxea txistulariaren eta Mintxo Salaberri atabalariaren atzetik. Inauterietako unetxo berezienetako bat da hori, aurten, jende gutxiago egonda, hobeki ikus zitekeena. Txistuaren eta atabalaren doinuak hastearekin batera, isilik geratu zen aretoa. Lanztarren urratsak eta tarteka botatzen zituzten irrintziak baizik ez ziren zortzikoaren melodiaren gainetik aditzen. Hamazazpi minutu aritu ziren atzo. Hamazazpi. Izerdi patsetan bukatzeraino aritu ziren bueltaka. Une batez, argirik gabe ere.

Denek ez zuten bukatu. Baten batek kale egin zuen musikariek azken nota jo aurretik. Pablo Urrutia gazteak, adibidez, ezin izan zion eutsi. Familia lanztarra du, eta horregatik badira bost urte faltarik gabe agertu dela inauterietan. «Herriak herriarentzat egiten duen zerbait da. Ondo pasatzen dut, eta ez bakarrik kalejiran, momentutxo asko daude», azaldu zuen. Ostatuko zortzikoa, tartean. «Hau gogorra da, eta txistulariak pixka bat zirikatzaileak dira», onartu zuen.

Mozorro besta

Izerdia ederki bota eta gosaria dantzan jaitsita, sabaira igo zen txatxoz mozorrotzera. Aurpegia estali aurretik esan zuen zein izaten den bere premisa: «Beti erraten dut hurrengo urteko inauteriak izanen direla aurtengoak baino hobeak. Eta, nahiz eta ezinezkoa dirudien, urtero lortzen dugu». Sabaira igotzea ez da izaten lan erraza. Bisitari guziek ikusi nahi dute zer sekretu gordetzen dituen ganbara horrek. Goian zen Joseba Ariztegi, inguraturik, Ziripot janzteko laguntza behar baitu. Txatxoak inguruan ziren, iluntasunak mozorroturik, eta Miel Otxin, bertan geldi-geldi.

Bien bitartean, jendea ostatuan edo kanpoan zain. Halako batean agertu ziren arotzak, abisatu gabe, ostatuaren ondoko etxe batetik. Zaldikori ferrak paratzeko tresnak zituzten eskuan, eta urrats mantsoz mugitzen ziren. Ziripot atera zen gero, eta haren atzetik, txatxoak, lasterka eta irrintzika, isatsekin ingurukoak zirikatzen. Estanpa borobiltzeko, elurra, baina fin-fin ari zuen. Miel Otxinekin itzulia egin, eta plazan bukatu zuten, dantzan.

Arratsaldean berriz ere errepikatu zuten kalejira, baina horrek bazuen osagai berri bat: heriotza. Ihes egiten saiatu bazen ere, Miel Otxini bi aldiz tiro egin zioten, eta sutan erre zuten. Harekin batera erre ziren indarrak eta besta. Atzotik, udaberriaren esperoan geratu dira Lantzen. Tira, batzuk heldu den urteko inauterien zain gelditu dira.
Txatxoak Miel Otxin ostatutikateratzen, atzean musikariak dituztela.
Txatxoak Miel Otxin ostatutikateratzen, atzean musikariak dituztela. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak