Dokumentuaren akzioak
Koloreen transmisioa
Arbelari begira
Dirurik gabeko euskal kultura, antzerki eta dantza amateurra ezagutu
zituen garai hartan. Euskara etxeko sutondoan transmititzen zen, eta
antzerki ezberdinetan erakusten ziren jakin beharreko erregistro
guztiak. Antzerkia, dantza eta bertsoa osotasun baten parte ziren;
jauziek eta bertsoek, hitzek eta pausuek esanahi handiago bat osatzen
zuten. Gaur egun aldatu dira gauzak. Gaur diru-laguntzak jasotzen ditu
kulturak, profesionalizaziora jo du antzerkiak, antzokietarako jauzia
emana du. Baina, Antton Lukuren iritziz, Ipar Euskal Herriko euskaldunek
ez dute euskal kulturarik kontsumitzen, ez delako haientzat egina.
Osotasuna zatikatu egin da, folklorizatu: etengabe justifikatu behar du
izatea bera. Dantzaren pausurik dotoreenak soilik aukeratzen dira,
testuingurutik erabat aterata, Frantziatik iritsitako ikusleen
gozagarri. Zertarako nahi dugu kultura: saltzeko edo gure pentsamendua
egituratzeko?
Amateurra txarrarekin parekatzen dugun garaiotan,
herritik osatutako kulturaren alde egingo luke apustua Antton Lukuk.
Antzokitik atera eta herrian euskararenak diren guneetan txertatu
beharko litzateke kultura. Haurrek dantza, antzerkia eta bertsoaren
bidez ere jaso beharko lukete euskara. XXI mendean gaude; hizkuntzaren
etxeko transmisio naturala aldatua dago, ikastoletara doaz haurrak
euskaraz ikastera. Baina non jasoko dituzte bizitzan behar dituzten
erregistro guztiak?
Euskal kultura lubaki bat da kultura
frantsesaren eta espainiarraren erdian. Kolore bat babesten du,
Globalizazioak dakarren Disneyren koloreko homogeneizazioaren aurrean.
Porrotx etorri zen Antton Lukuren ondoren, sudur gorria jantzita,
koloretako mundua aldarrikatuz. Hainbeste dantza eta irriren ondoren,
publikoarengana jaisten dira Pirritx eta bera. Eta banan-banan ematen
diete muxu bana haurrei. Eta hauek pozarren itzultzen dira gurasoengana,
masailean transmisio-marka banarekin.
Dokumentuaren akzioak