Dokumentuaren akzioak
Koloreak, kalera
Gaur hasi eta asteartera bitartean, inauteriak ospatuko dituzte Leitzan. Gaur egungo eta garai bateko mozorroz beteko dira herriko kaleak
Leitzakoak dira Euskal Herrian ospatzen diren inauteririk goiztiarrenak. Jendea «festa gogoz» egoten da, eta, agian horregatik, «ospe» handia dute Leitzako inauteriek, Julian Zabaleta udaleko Kultura zinegotziaren hitzetan. Hala, «jendetza» biltzen da herrian inauterietako asteburuan, Euskal Herriko txoko guztietatik etortzen baita jendea parranda egitera. Festa gogoa, zirikatzeko grina eta mozorroak; dena prest da Leitzan, beraz.
Gaur, 14:00etan hasiko dira inauterietako ekintzak. Mozorroak janzteaz gain, eskean aritzeko ohitura aspaldikoa da herrian, eta horixe da Leitzako inauterietako ekintza garrantzitsuenetako bat. Eskean hasi aurretik, baina, sabelak betetzea komeni da. Hala, 14:00etan bilduko dira eskean aterako direnak, Aurrera elkartean. Han bapo jan ostean, herriko auzoetan barna puska eskean ibiliko dira, iluntzera arte.
Gauerdian, plazan bilduko dira herritarrak eta kanpotik etorritakoak, Gazte Asanbladak egingo duen parodia txikia ikusteko asmoz. Eta, ondoren, kalejiran joango dira plazatik Atekabeltza gaztetxera. Han, kantuan ariko dira, karaokean. Gero, gorputzak edo gogoak irauten duen arte parranda egiteko aukera izango da.
Gurdiak eta eskea
Herritarrek apaindu dituzten gurdiak ikusteko eguna da biharkoa. 12:00etan irtengo dira gurdiak kalera, eta herrian barna ibiliko dira goiz osoan. Denera, hamabiren bat gurdi izango dira. Gurdirik aterako ez duten kuadrillak ere mozorroak soinean dituztela ibiliko dira herrian. 14:30ean, bazkaria egingo dute eskolako jangelan. Gurdiez gain, haurrentzako txu-txu trena ibiliko da, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Asteburua igarota, herriko kaleak jendez hustuko dira zertxobait, baina jai giroak ez du etenik izango, asteartera bitartean mozorroak kalera ateratzeko aukera egongo baita oraindik.
Festa giroa herritik baserrietara zabaltzeko asmoz, baserrietan puska eskean ibiliko dira inauterietako beste bi egunetan: astelehenean, Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu auzoetan izango dira; asteartean, berriz, Erasote auzoko baserrietan ibiliko dira ate-joka. Mozorrotutako lagunek txistulari eta txarangak lagunduta egingo dute eskea.
Astelehenean, baserri batetik bestera igarotzen badute ere eguna, asteartean eguerdirako amaitzen dituzte lanak. 14:00etan, Aurrera elkartean bilduko dira eskean aritu direnak, bazkaltzeko.
Eta 18:30ean, plazan batuko dira denak, mozorroen kalejira ikusteko. Ekintza «oso polita eta berezia» dela dio kultura zinegotziak, aspaldiko mozorroak soinean direla ateratzen baitira herritarrak plazara: ttutturreak, adardunak, Ziripot, hankaluzeak, zaku gizon eta emakumeak... Orain dela zortzi urte hasi ziren kalejira hori egiten, garai bateko mozorroak eta ohiturak berreskuratzeko asmoz. Urtetik urtera, gero eta jendetsuago bihurtu da mozorro zaharren kalejira.
Gabezin taldearen doinuekin amaituko dituzte inauteriak.
Inauteriak
Gaurtik asteartera, Leitzan (Nafarroa).
Dokumentuaren akzioak