Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kolore guztietako mozorroak

Dokumentuaren akzioak

Kolore guztietako mozorroak

Kondairaz betetako ospakizunak dira inauteriak. Euskal Herriko txoko askotan egiten dituzte, izaera propioa dute, eta datozen egunotan ospatuko dituzte.

Batzuek lehenago, besteek geroago, hainbat herritan ospatzen dira inauteriak Euskal Herrian. Urtero bezala, aurten ere irteteko seinalea Ituren eta Zubietako joaldunen esku izango da, bihar bertan. Inauteriak ospatzeko, baina, hainbat modu daude: batzuen eta besteen ohituren arteko desberdintasunak begi bistakoak dira.
Egilea
Maialen Unanue
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/01/27
Lotura
Berria

Ituren eta Zubieta

Joaldunak

Noiz. Bihar eta etzi.

Inon baino lehenago ospatzen dituzte inauteriak Iturenen eta Zubietan (Nafarroa). Joaldunak dira festaren ezaugarri nagusia, eta bi herrietako biztanleek osatzen dituzte. Bi egunetan ospatzen dituzte inauteriak: astelehen eta asteartean, urtero bezala. Lehenengoan, Zubietako joaldunak Iturenera joango dira, eta hurrengo egunean, alderantziz: Iturengoak joango dira Zubietara. Joaldunek janzkera berezia dute, besteak beste: abarkak, ardi larrua, zintzarriak bizkar eta gerrian, eta koloretako zintaz jositako kono itxurako txapela.

Tolosa

Mozorroak eta umorea

Noiz. Otsailaren 7tik 12ra.

Entzutetsuak dira Tolosako (Gipuzkoa) inauteriak, mozorroen originaltasunagatik eta egunerokoari lotutako gaiak lantzen dituztelako. Ikuspuntu umoretsutik beti. Ostegun gizean hasi ohi dira festak —aurten, otsailaren 7an—, eta hurrengo asteartera arte irauten dute —otsailaren 12a—: sardinaren ehorzketarekin bukatzen dira festak. Igande eta astelehenean izaten da Tolosan jende gehien, guztiak 11:00etan egin ohi duten konpartsa eta karrozen desfilea ikusteko irrikan.

Lesaka

Zakuzaharrak

Noiz. Otsailaren 10ean, 19:00etan; eta 11n, 12:30ean.

Inauterietako igandean —otsailaren 10ean— ateratzen dira zakuzaharrak Lesakako (Nafarroa) kaleetan, 19:00etan. Zakua jantzita irteten dira zakuzaharrak, eta lastoa edo belar ondua eramaten dute azpitik; aurpegia zapi batez estaltzen dute, begi-ahoetan zuloak eginda. Oihuka ibiltzen dira, mairuekin batera, kaleetan gora eta behera. Ibilbidearen amaieran, herriko plazara iritsita, hura zeharkatzen duen barra bati eusten diete zakuzaharrek. Orduan, herriko haurrek zakuzaharren gainera salto egiten dute, lurrera botatzeko asmoz: zakuetatik tiraka ibili ohi dira, jantzia kentzeko helburuarekin. Horrela, barruan daramaten lastoa galtzen da, eta horrekin jolasten dira haurrek. Inauterietako astelehena ere egun berezia dute, karrozen desfilea egingo baitute.

Markina-Xemein

Antzara jokoa

Noiz. Otsailaren 10ean.

1960ko hamarkadan galdu zen arren, 1979an berreskuratu egin zuten antzaren jokoa Markina-Xemeinen (Bizkaia). Antzarak —hilak— soka batetik zintzilik jartzen dituzte, gorputza koipeztatuta: parte hartzaileen lana zhoriei lepoa kentzea da, aldi gainean. Gero, herri bazkaria egiten dute, baita euskal karaokea ere.

Mundaka

Laminak eta atorrak

Noiz. Otsailaren 10ean.

Inauterietako igandean ateratzen dira atorrak eta laminak Mundakan (Bizkaia). Eguerdian irteten dira atorrak, hainbat musika instrumenturekin kantari. Kaleetan barna ibili ostean, portuan amaitzen dute ibilbidea, eta han atorren abestiak kantatzen dituzte. Atorrak zuriz janzten dira goitik behera. Laminak arratsaldean ateratzen dira, eta haien jantziak beltzak dira. Aurpegia zuriz margotuta eta ezpainak gorri-gorri margotuta ateratzen dira. Gizonek egiten dute atorrena, eta emakumeek laminena.

Unanu

Mamoxarroak

Noiz. Otsailaren 10 eta 12an.

Bi egun handi dituzte Unanuko (Nafarroa) inauteriek. Lehenengoan, igandean, Mamoxarro txikiena izaten da —17 urtetik beherakoena—: zuriz jantzita doaz, zapi koloredun bat buruan, gerriko gorri edo beltza, eta kaskabiloz betetako larruzko zinta lepoan. Mozorroaren ezaugarririk deigarriena, ordea, aurpegia estaltzeko daramaten burdinazko maskara da. Etxez etxe joaten dira, eskuan makilak hartuta, jendeak zer emango gero eurek afaltzeko. Helduen egunean, Muttuak ateratzen dira Mamoxarroen atzetik: kantatu bai, baina hitz egin ezin duten pertsonaiak dira. Afariaren ostean, mamoxarro helduek dantza egiten dute plazan.

Zalduondo

Markitosen epaiketa

Noiz. Otsailaren 10ean.

Goizetik hasten dira Zalduondon (Araba) Markitosen epaiketarekin, Inauterietako igandean. Herriko gaitz guztien erantzule den heinean, hil egin behar dute. Goizean kalez kale ibili ostean, makila baten puntan jartzen dute Markitos panpina, eta hor uzten dute arratsaldera arte. Ordu batzuk geroago, prozesioa hasiko da, atso, agure, musikari, kale garbitzaile eta beste pertsonaia batzuekin, predikaria buru dutela. Markitos gurdian hartu eta frontoira eramaten dute, dagokion epaia irakurri eta, azkenik, erretzeko. Ondoren, taldekide guztiek dantza egiten dute haren inguruan.

Goizueta

Zahagi dantza

Noiz. Otsailaren 12an.

Negu osoa mendian lanean aritu ostean herrira jaisten den ikazkin baten istorioa antzeztuko dute Inauterietako asteartean Goizuetan (Nafarroa), urtero bezala. Diotenez, ikazkina mozkortzen zenean, herriko nesken atzetik joaten zen, musukatzeko asmoz, eta hori ikusita, mutilak haren atzetik joaten ziren, hura jotzeko asmoz. Hortik dator Goizuetako zahagi dantza: bi ikazkin herriko neska-mutilek egindako pasarelaren tartetik pasatzen dira. Ikazkinek zahagia bizkarrean hartzen dute, eta neska mutilek makilekin arkua egiten dute, besoak altxata, ikazkinak azpitik pasatzen direnean zahagiak kolpatzeko.

Lantz

Miel Otxin

Noiz. Otsailaren 12an.

Inauterietako asteartea izaten da inauterien egun handia Lantzen (Nafarroa). Kondairaren arabera, Miel Otxin eta Zaldiko herritarrak zirikatzen aritzen ziren pertsonaiak ziren, eta antza denez, Ziripot zirikatzen zuten gehien. Miel Otxin —oraindik ez dago garbi lapurra edo gaizkilea den—, erre egiten dute. Erre aurretik, baina, desfilea egiten dute: Ziripot Zaldikok egindako erasoei eusten saiatuko da, baina baldarra da Ziripot, eta txatxoek altxatzen lagunduko diote. Zaldiko, era berean, ferratzaileengandik ihes egiten saiatuko da, baina ez du lortuko. Miel Otxin ere harrapatu eta erre egingo dute herriko plazan. Otsailaren 10ean, igandean, haurren inauteriak ospatuko dituzte.

Altsasu

Momotxorroak

Noiz. Otsailaren 12an.

Odolez blai ospatzen dute inauterietako asteartea Altsasun (Nafarroa). Momotxorroak adarrak buruan eta ardi larrua bizkarrean daramaten pertsonaiak dira, eta harrapatzen dituzten guztiei txerri odola botatzen diete. Sorginak ere bertan izaten dira, eta akelarrea egiten dute. Igandean, berriz, haurren egun handia izango da.

Uztaritze

Zanpantzarren epaiketa

Noiz. Otsailaren 12an.

Inauterien ohiturei eusteko sortu zuten Hartzaro festibala, 1996an. Ohiturak berritu egin dituzte, baina festibala egiten jarraitzen dute; aurten, otsailaren 1etik 12ra bitartean izango da. Inauterietako asteartea izango da egun nagusia, eta orduan epaitu eta erreko dute Zanpantzar; azken eguna ere hori izango da, baita Hartzaro festibalaren bukaera ere. Bertan izango dira animaliak, sorginak, apaiza, hartza eta beste hainbat pertsonaia. Ondoren, Zo-zongo batukada taldeak joko du, iluntzera arte.

Maskaradak

Gamere-Zihigako gazteak

Noiz. Otsailaren 10etik aurrera.

Otsailaren 10ean Zihigan hasi, eta maiatzaren 5ean amaituko dira, Gameren (Zuberoa), 2013ko maskaradak. Bi herri horietako gazteak izango dira, hain zuzen ere, aurtengo maskaraden protagonistak. Iaz ere haiek ziren maskaradak egiteko arduradunak, baina azken orduko ezbehar bat tarteko, bertan behera gelditu ziren. Zihigakoaz gain, Ligi-Atherein (otsailaren 17an) eta Arrokiagan (otsailaren 24an) egingo dituzte otsaileko maskaradak.

Dokumentuaren akzioak