Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kolore festa lehertzera doa

Dokumentuaren akzioak

Kolore festa lehertzera doa

Debagoiendarrak ez daude Aratusteetan paso egiteko asmoz, edo hala dirudi behintzat. Debagoieneko herri denetan, salbuespen barik, antolatu dituzte ekitaldiak; gaur –eguena– hasi eta martitzenera bitartean, egunero izango da zertaz gozatu, batean ez bada bestean. Kolorez jantzita eta umorez lagunduta, datozen egunak edozein medizina baino eraginkorragoak izango dira, tarte batez bada ere, arazoak ahaztu eta bizimoduaz gozatzeko. Albiste barruan, egitarauak, herriz-herri.
Egilea
Goiatz Arana
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2013/02/06
Lotura
Goiena

Guztia gertu dute Bergaran urteko asteburu koloretsuenerako. Ohitura zaharrei jarraituz gaur –eguena–, 19:00etan Xamatz taldekoek Sorgin Dantza egingo dute. San Martin plazan, Barrenkalen, Simon Arrietan, Fraiskozurin eta Martinez de Iralan egingo dituzte geldialdiak. Herriko taberna askotan, bestetik, Aratusteetan hain ohikoak diren txerri-belarriak eta txarrankak eskainiko dituzte. Egubakoitzetik martitzenera arte ere egitarau zabala antolatu du Udalak: berezia izango da aurtengo Aratusteetako kontzertua, 25.a izango delako –barikuan izango da, hilak 8–; Pirritx, Porrotx eta Marimotots Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna aurkeztera etorriko dira zapatuan, hilak 9; eta egun horretan bertan, Oxirondo azoka garai bateko Potzua diskoteka bilakatuko da.

Elgetan, aurten ere, haurrek irekiko dituzte Inauteriak... eta gero gerokoak. Barikuan izango da hasiera, 15:00etan, mozorro desfilearekin. Iluntzean Gaztetxekoek hartuko diete erreleboa, txikiteo, afari eta erritmo brasildarrekin. Espaloia kafe antzokia hondartzako txiringito bihurtuko da Inauteriotan; gauerdian, karaokea antolatu dute Mañeruko Lady Gagaren eskutik, eta mozorro zein kantu lehiaketa ere iragarri dituzte.

Sorgin Dantza, urtean behin

Antzuolan, barikuan, domekan eta martitzenean izango dituzte Aratuste-ospakizunak: haurren eta Gaztetxekoen txanda izango da lehen egunean eta erretiratuena hirugarrenean, baina erdiko eguna, domeka, izango da hiruretan handiena. Izan ere, Oinarin dantza taldeak urtean behin kalera ateratzen duen Sorgin Dantza ikusteko aukera izango da; baina ez hori bakarrik, gero eta herritar gehiago mozorrotzen dira egun horretan, bazkaria egiten dute koadrilek eta sekulako giroa sortzen da. Zalantza barik, indarra hartzen ari da Aratuste-domeka Antzuolan.

Aramaion zapatuan izango da Aratusteetako egun handiena. Udalak eta ATGA-k –Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanblada– egun osorako egitaraua prestatu dute: triki-poteoa, herri bazkaria, kalejira, mozorro lehiaketa eta txokolate-jana. Martitzenean, hilak 12, Aratusteetako tailerra egongo da haurrendako, ludotekan (17:00).

Arrasaten, herri bazkaria, Egan taldea eta Sardinaren Hileta izango dira aurten ere klasikoak. Askotariko ekitaldiak izango dira, egubakoitzean hasi eta martitzenera bitartean. Egitaraua abian jartzeaz, baina, Arrasate Musikal arduratuko da egubakoitzean Amaia Udal Antzokian egingo duen kontzertuarekin.

Eskoriatzan, txikienen eskutik murgilduko dira Aratuste-giroan, gaur –eguena– ospatuko duten tradiziozko hitzordu batekin: Urdelardero. Sagarra, txorizoa eta ogia zirian sartuta, gogotsu egingo dute kantuan. Eta martitzena umeen eguna izango da atzera ere. Bitartean, baina, izango da zertaz gozatu, zapatuan, bereziki, egun handia izango dutelako Eskoriatzan; karroza eta guzti mozorrotuta desfilatuko duten eskoriatzarrek hartuko dituzte herriko kaleak, eta hala egiten ez dutenak kale bazterretan batuko dira horiei begira. Eta aurtengo egitarauan nobedadeak ere badira: Aratuste-astelehenerako torrada lehiaketa antolatu dute.

Aretxabaleta, Aratusteetako erreferente

Aretxabaletan, esan beharrik ez dago, domekara begira daudela Aratusteak ospatzeko, bailarako gainontzeko herrietan ere ospakizun hau indartzen doan arren, mozorro kontuetan erreferente direlako aretxabaletarrak Debagoienean. Koadrilak arduratuko dira Aratuste-domeka hori girotzeaz. Edozein kasutan, Aratuste-giroa egubakoitzetik izango da bertan, musika eskolako kideek egingo duten ikuskizunari esker; musikak eta dantzek bat egingo dute plazan.

Leintz Gatzagan ere ia gertu dituzte Aratusteak, zapatua iritsi eta ospatzea baino ez da falta. Goizean goiz hasiko dira gatzagarrak herriko kale-bazterrak girotzen eta eguna luzea izango da, ordu txikiak bitartean jarraituko du-eta jai giroak. 70 lagunek eman dute izena bazkaritarako.

Oñati ez da salbuespena izango, noski, eta Oñatirako propio antolatutako Inauteriko Dantzak 2013 ikuskizuna izango da aurtengo Aratusteetako hitzordu garrantzitsuenetakoa. Zapatuan, egun osoz ibiliko dira kalez kale dantzan. Antzerkia, pailazoak, txokolatada, txorimaloak edo erromeria ere Aratusteetako egitarauan daude.

Dokumentuaren akzioak