Dokumentuaren akzioak
Kolonbiako bortizkeria oinarri duen dantza gaur Miarritzen
L'Explose konpainiak Latinoamerikako haize berria ekartzekoa du Maitaldia jaialdira
GARAPEN GARAI BATEAN. Ez baita usu Latinoamerikatik heldu den konpainia baten ikusteko aukerarik hemen gaindi. Ez, agian, horrelakoa. Alabaina, Kolonbiako konpainia profesionalen artean, garrantzitsuenetako bat da L'Explose, ez bada garrantzitsuena. Aurten bertan berrikitan sortu Kolonbiako dantza sari nagusia eskuratu berri du. Eta horri esker estudio bat eraikitzeko aukera ukanen dute. Keinu pozgarri bat, biziki begi onez ikusten duena koreografoak. Keinu adierazgarri bat ere, Kolonbian dantza garaikidean bere zuloa egiten ari den seinale. Alabaina, berriki arte dantza eskolarik ez bazen, azken urteetan anitz hasi dira eta orain horren lehen fruituak jasotzen ari dira. Gainera, Latinoamerikako beste hainbat herritan bezalaxe, dantza barnetik bizi dute Kolonbian: «Zinezko adierazteko manera bat da. Salsa, merengue eta beste... Gure kultura, berez, gorputzetik pasatzen da», zehaztu du ikusgarriaren dramaturgia landu duen Juliana Reyesek. Konpainia hau, haatik, ez da salsan arituko gaur arratsean. Izan ere, koreografoa espainiarra da sortzez, asturiarra hain zuzen. Eta hamabost urte Parisen iraganak ditu Kolonbiara joan aitzin: «Kolonbiarrek daukaten berotasun horri iparraldeko kulturetan norberak bere burua kontrolatzeko duen joera gehitu diot. Bien arteko harreman berezitik ateratzen da nire dantza».
Dokumentuaren akzioak