Dokumentuaren akzioak
Koldo Zabala ohoratuko dute Herri Uztaren hamargarren edizioan
Herri Soinu elkarteak urrian urtero ematen duen hitzordua berritu du: urriaren 6 eta 9 bitartean, Biarritz eta Arrangoitzen, Koldo Zabalaren bizia eta obra gai nagusitzat hartuko dute.
Sortzez getxoztarra bazen ere, bere sendiak 1936ko gerlatik ihesi Biarritzera iritsi zen Zabala. Urtebete zuela 1942an bere amarekin Bizkaira itzuli bazen ere, euskara eta euskal kulturaren kontrako errepresioak berriz ere Biarritzera eraman zuen lau urte beranduago. Orduan, Gurseko preso esparrutik irten berria zen aita eta anai-arrebekin batu zen berriro.
1947. urtean ekin zion dantzari eta, Parisen eta Baionan dantza klasikoko ikasketak buruturik, Oldarra Euskal Balleten zuzendari artistiko lanetan aritu zen. 1986. urtera arte aritu zen profesional gisa, eta ordutik goiti boluntario gisa. Erraterako, «Gernika» emanaldian koreografo lanetan aritu zen. Hain justu ere, obra horretan Nestor Basterretxearekin aritu zen elkarlanean.
Koldo Zabalaren erreferentzia, beraz, guztiz bat dator Herri Soinuk dituen xedeekin. Euskal Herriko musika eta dantza tradizionala hedatzea, sorkuntza garaikidea sustatzea eta ondare hau belaunaldi gazteei eta euskal kulturatik urrunen den publikoari helaraztea baitu helburu elkarteak.
Herri Soinuren erranetan, aurtengo Herri Uzta festibala «tradizioari tinkoki lotua eta sorkuntzari emana, bere nortasuna osatzen duten sustraietan hazirik eta bere etorkizuna elikatuko duten fruituak loratuz, iraganaren bermatzaile eta beste kulturei irekia» izanen da. Antolaketan Oldarra, Arroka, Hats Berri, Biarritzeko Jauziak eta Amalabak elkarteen laguntza jaso dutela azpimarratu dute Herri Soinuko kideek.
Lau eguneko egitarau zabala
Elkarlan honi esker, urriaren 6an ostegunarekin emanen diote hastapena lau eguneko egitarauari. Lehen hiru egunak Biarritzen izanen dira, eta azkena, berriz, Arrangoitzen. Gisa honetan, lehenik eta behin, Koldo Zabala omentzeko asmoz egin ekimenak izanen dira: ostiralean, konferentzia parte hartzailea izanen da, dantzari eta koreografo izandakoaren bizia eta obraren inguruko aurkezpena, anekdotak eta lekukotzekin. Larunbatean, berriz, 'Les Ballets Basques de Biarritz Oldarra' taldeko musikari eta dantzariek Zabalaren ohorez eginiko 'Zabaltzen' ikuskizuna eskainiko dute lehen aldiz.
Zabalari omentzeko ekimen eta ikuskizunez gain, dantza, musika eta animazioak ere antolatu dituzte. Izan ere, «elkarteak bide profesionalean ari diren artista gazteak bultzatzen ditu, praktika amateurren garapena eta kualifikazioa lantzearekin batera, eragile horiek sorkuntza proiektuen bidez bilduz».
Gisa honetan, larunbatean egun osoko egitaraua aurreikusi dute. Hasteko, desfilea, dianak eta animazioak Euskal Herriko hainbat dantza talderekin, Kasinoan hasi eta Merkatu plazan amaitzeko intentzioz. Ondotik, merkatu plazan Mutxikoak izanen dira, Uztaritzeko Erdizka taldeak animaturik. Eguneko egitarauarekin finitzeko, iluntzean Kasinoan 'Dama' ikusgarria izanen da, ipuin musikatu itxuran Ipar Euskal Herriko musika eta dantzak Mondarraingo elezahar baten bidez ikusarazi, entzun eta biziaraziko dituena.
Bi ikusgarriei dagokienez, hau da, ostiralean izanen den Zabaltzen eta larunbateko Dama ikusteko sartzeak hamabost eurotan izanen dira helduentzat, eta zazpi euroren truke, berriz, 12 urtetik beherakoentzat. Biarritzeko Turismo bulegora edo 05 59 22 44 66 zenbakira jo behar da hauek erreserbatzeko.
Gainera, gauean ere zer egin ez da faltako, 22.30ean hasiko baitira kontzertuak Mizanbu gaztetxean: Ixtaklok txaranga, Xutik taldea eta DJ Tal. Igandean borobilduko da egitaraua, honakoan Arrangoitzen. Goizeko 11:00etan hasiko den egitarauaren bidez: mutxikoak, bazkaria, dantza ikusgarriak eta dantzaldi tradizionalak izanen dira bertan.
Dokumentuaren akzioak