Dokumentuaren akzioak
Kodesko Ama Birjiña eta Juan Lobo gaizkilea
Oiñez eta jakin miñez
Ontaz asko idatzi da. Nik emen esango ditudanak, jaun-andre auen lanetatik artuak dira: Jazinto Clavería, Baleriano Ordóñez, Dolores Baleztena eta Migel Angel Astiz.
Kantabria izeneko erria ba omen zan garai batean Logroñotik gertu, mendiska batean. Oni el Cerro de Cantabria esan oi diote gaur egunean ere. Baiña Leovigildo erregeak bere gerra-gizonak ara eraman eta apurtu egin zuan 575 urtean.
Ala ere, angotar batzuek iges egin zuten, Ama Birjiñaren irudi bat berekin artuta. Kodesko santutegia dagoan tokia baso itxia omen zan orduan, eta irudia an-txe izkutatu zuten.
Urteetara, 1350-an, inguruko jendea argi batzuk ikusten asi zan baso ortan gauetan. Urbildu eta arkaitz-zulo batean Zeruko Amaren irudia arkitu zuten. Aien poza! Eliza altxatzeari ekin zioten. Gaur dagoana, ostatua alboan duala, geroztikakoa da. Toki egokia egun batzuk pakean pasatzeko.
Baiña XVI mendean, lurralde au bildurrez bizi zan. Emendik gertu, Punikastro mendian, gaztelu zaar bat zan. Uraxe artua zuten beren babeslekutzat gaizkille batzuek, Juan Lobo kapitanarekin. Albo-errietan eriotzak eta lapurretak egin, onera ekarri eta bapo bizi ziran.
Bein, etxekojaun bat bidean zijoala, lapur oiek atera, dirua kendu eta gizarajoa beren gaztelura eraman zuten. Antxe zeukaten ederki lotuta. Arek, ordea, Kodesko Amari biotzez erregutzen zion.
Goiz batez, artzai batzuek, ermita ondotik pasatzerakoan, gizon bat ikusi zuten lotan, anka-besoak lotuta zeuzkala. Esnatu zuten, askatu ere bai, eta lapurrak preso zeukaten uraxe zan. Miraria zala eta albo-errietatik jende asko bildu zan.
Baita lapurren aurka joateko prestatu ere, an lotuta egondako gizona aurretik zala. Aren atzetik, San Juanen kofradiko gizonak. Eta aldi ontan, beren amorruarekin, gaizkille guziak garaitu eta akaatu egin zituzten. Juan Lobo kapitana Pedro Mirafuentes-ek il zuan, bere lantzarekin alderik alde zulatuta, Valdemadre izeneko tokian. Orren oroigarri, arrizko gurutze bat altxatu zuten bertan.
Pozez oiuka eta kantari jetxi ziran menditik San Juanen kofradikoak. Torralba errira irixtean, zingira bat badago gaur ere an- txe eta izen-zerrenda pasatu zuten. Etzan iñor ere falta! Danak onik etorriak ziran. Pozaren pozez dantzan asi ziran.
Arrezkeroztik, urtero, San Juan goizean, Juan Lobo ura arrapatu zuteneko ospakizuna izaten da. Aren papera mutil batek egiten du. Baiña Juan Lobo esan bearrean, el Moro deitzen diote. Alamoduz jazten dute, turbante eta guzi; bai arpegia beztu ere. Mutil ori goizean goiz mendira joaten da, eta an izkutatu. Ordu pare batera, erriko gaiñontzeko mutillak ateratzen dira, el Moro ori arrapatzera.
Batzuek andik eta emendik eraso, eta bestea gorde edo igeska, antxe ibiltzen dira, mendiaren egal eta zokoetan. Bitartean, jendea erritik begira.
San Juanen kofradiak irauten du; eta kofradikoak, bai gazteak eta bai zaarrak, dantzan egin bearra dute zingiraren ondoan San Juan goizean, beren aurrekoak egin zuten bezela. Nik argazkiak ikusi ditut. Antxe ikusten dira larogei urteko aitonak ere, trajez eta korbataz jantzita, baiña besoak jaso eta dantzan ari dirala.
Urteen burura, Juan Merino izeneko apaiz bat etorri zan emengo kapillaua izatera. Juan de Codés izena artu zuan andik aurrera. Arek Ama Birjiñaren debozioa asko zabaldu zuan, leenaz gaiñera. Zapitxo batzuk ere bedeinkatzen zituan Zeruko Amaren aldarean. Jendeak eraman eta gaixoen oetan jarri. Ori egiñik, asko sendatzen ziran.
Baiña medikuen irabaziak beeraka zijoazen. Zer egin zuten? Juan de Codés ori Inkisizioan salatu, aztikeriak egiten zituala eta. Salaketa ori Calahorra-ko Sepúlveda izeneko apaiz batek epaitu zuan: Juan de Codés deitu, erritaldi gogorra eman eta aurrerantzean alakorik ez egitea agindu zion.
Juan de Codés-ek obeditu zion. Baiña batean, eliz atarian zaldizko batzuk sentitu zituan. Eskutitz bat zekarten. Norena eta Calahorra-ko Sepúlveda orrena: gaixorik zegoala, medikuak etzutela sendatzen eta zapitxo batzuk bedeinkatu eta bialtzeko, arren!
Medikuak etziran orrekin konforme. Gaizkille batzuk pagatu zituzten, Juan de Codés nola edo ala garbitzeko. Gauez etorri eta aren etxera sartu nai izan zuten, baiña ezin pausorik eman, eta ara igotzeko eskaillerarik ere ezin billatu. Juan de Codés larogei urterekin il zan, eta Kodesko Amaren oiñetan lur eman zioten.
Onera datozen gazteei zera esango diegu: Ioar izeneko tontorrera igotzeko. Mendi ederra da, eta ango bistak!
Nik neronek debozio aundia diot Kodesko Ama Birjiñari. Gaztetan mendizale batzuk bagiñan, eta taldeko bat inguru ontako erri batekoa zan. Arek erakutsita, emengo Amaren kantak ikasi genituan, eta Jainkoak bakarrik daki arrezkeroztik zenbat tontorretatik kantatu degun: De la celestial Sión / donde habitas y nos ves,/ Madre de Dios de Codés, / échanos tu bendición.
Dokumentuaren akzioak