Dokumentuaren akzioak
Klonazioa hizpide, 'break' dantza, irudi eta musikaren bidez
andoain. Gaur, 21:30ean, Bastero kulturgunean.
Orain arteko bidetik jarraitu du Logela Multimediak Klonk ikuskizunean; musika eta irudiekin egindako ekoizpen digitalak eszenaratuz. Oraingoan Addiction taldeko break dantzarien laguntza izan dute. Oholtzan fotokopiagailu handi bat jarriko dute; gainean kristal bat, eta hor kamera bat. Horren gainean egingo dute dantza. «Jendeak dantzarien bi ikuspuntu izango ditu; alde batetik, aurretik ikusten duena eta bestetik, beheko ikuspuntua irudietan proiektatuta», azaldu du Imanol Garaizabal Logela Multimediako kideak. Bideo jockeya da bera, eta irudien tratamenduaz arduratzen da.
Hasieran, agertokian ikasle bat agertuko da, atzean fotokopiagailu bat duela. Kopiak egiten hastean, eskuaren kopia aterako du; esku horrek bizia hartu eta oholtzan agertuko da. Horrekin dantzan hasiko da ikaslea, eta gero gorputzeko atalen kopia gehiago aterako ditu. Kopiak atera ahala, dantzari gehiago agertuko dira. Zientziak klonatzeko aukera ematen duela adierazten dute. Etengabe dantzan ariko dira ikuskizun osoan, baina pixkanaka indarra galtzen joango dira. «Dantzaren bidez, antzerkia egingo dute Addictionekoek», dio Garaizabalek.Irudiak ere ez dira proiekzio hutsak izango. «Irudiek memento batzuetan bizi propioa hartzen dute. Dantzariek pantailatik objektuak ateratzen dituzte; horiekin jolasten dira». Irudien proiekzioa eta efektu bereziak, guztia, mementoan egingo dute. Musika ere zuzenekoa izango da. «Dantzariak daude oholtzan, baina teknikoki egiten dugun lanaren konplizitatearekin».
Hiru dimentsioko paisaia birtualak, musikaren erritmoan dantzan
Hiru dimentsioko paisaiak agertuko dira agertokian. «Dantzariek paisaia horietan aurrera egingo dute». Ordenagailuz tratatutako irudi birtualak dira. «Irudiak izaera propioa izan dezaten saiatzen gara; musikaren erritmoaren arabera doaz. Hori da bideo jockeyaren rola; irudiak ere dantzaraztea».
Musikari dagokionez, hip-hop erritmoekin hasten da ikuskizuna, baina gero, house, techno, jazz, funky eta piano melodiak sartzen dituzte. «Egungo erritmoak nahasten saiatu gara. Ikuskizunarekin ere oso lotuta doa musika».
Bestalde, break dantzariak ez dira euskal herritarrak. Addiction taldeko kideak Bartzelona, Zaragoza eta Valentziakoak dira. Elorrioko Logela Multimediak urtero antolatzen duen Break On Stage dantza lehiaketan ezagutu zuten elkar. Lan egiteko modua gustatu, eta ikuskizun hau prestatzen hasi ziren. «Beraiena eta gurea, gaur egungo mugimenduak dira. Break dantzak 30 urteko bizia du; guk lantzen ditugun teknologiak ere berriak dira».
Dokumentuaren akzioak