Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Klasikoari ohore

Dokumentuaren akzioak

Klasikoari ohore

Het Nationale Ballet ikusten ahalko da gaur eta bihar Miarritzen, Maitaldiaren karietara

Egilea
Nora Alberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2003/09/18

Bi aldietan Gare du Midi aretoan ariko da, 21:00etan. 1961ean sortu zuen konpainia Sonia Gaskellek. Engoitik izen handiko taldea bilakatua da. Miarritzeko bi emanaldietan gauza bera dantzatuko dute Herbehereetatik etorri 44 dantzariek. Jaione Zabala euskalduna dabil artean.

Lehen zatian Paquita obra deskubritzea proposatuko dute. Izen handiko familia bateko alabaren ipuina kontatzen du baletak. Oraino haurra dela, ijito talde batek bahitzen du. Hainbat ezbehar gertatu eta, azkenean, bere familiarengana itzultzera lortzen du. Maitaldian Marius Petipak arramoldatu lana emanen dute dantzariek. Petipak Errusiako estiloa erantsi zion Parisko Operak XIX. mendean sortu lanari.

Ondotik 5 Tango's Hans Van Manenek 1977an idatzi koregrafia dute ekarriko taula gainera. Het Nationale Balletarentzat sortu zuen bereziki obra hori Manenek. Astor Piazzolaren musikak lagundurik, gaurko egunean beste 15 konpainiak sartua dute obra beren errepertorioan.

'Carmen', gaua bururatzeko

Gaurko egunean konpainiaren zuzendari artistikoa den Ted Bransenek koregrafiatu duen Carmen obraren bertsioa dantzatuko du baletak. Koregrafoarentzat, Carmen askatasun gosez bizi den andere independetea da. Besteak bezala dantzatzea onartzen ez duen anderea. Australian Dance Award saria jaso zuen balet horrek.

Hiru obra hauek klasiko eta neoklasiko estilokoak badira, Het Nationale Balleten errepertorioa ez da horretan bakarrik mugatzen. Alabaina, konpainia honen berezitasun bat denetarik egiten duela da, garaikidea barne. Horretarako, orotara, 88 dantzari biltzen ditu. Gainera, koregrafo anitzekin lanean aritzeko ohitura badute.

Azpiegituren aldetik diru eta pisu anitzeko konpainia da. Parisko Operarekin konpara daiteke. Estatuak, hiriak eta eskualdeek finantzatzen dute.

Konpainia zenbait urtez lo egon bada ere, azken urteetan indar berezia egin du bere herritik ateratzeko.

Dokumentuaren akzioak