Dokumentuaren akzioak
Klasikoa ohorean
English National Balet konpainiak, Europa osoko ospetsuenetako batek, Maitaldiaren azken gaua besta bihurtuko du gaur Miarritzen
1950etik dabil mundu honetan konpainia. Neoklasikoa eta klasikoagatik bereziki ezaguna, ohitura akademikoari loturiko koregrafiak ditu bereak. Gaur ere akademia itxura ukanen du gaualdiak Matz Skoogek ukanen dutela zuzendari. Usaian, konpainiak 60 dantzari ditu; oraingoan, 30 bat dira jautsi Londrestik. Horien artean bi euskaldun.
30 dantzarien artean,bi bilbotar
Begiak ilusioz beterik dituzte Elisa Celis eta Juanjo Rodriguez bilbotarrek. Irria bakarrik ahoan, «etxean izateak plazer anitz ekartzen digu. Miarritze, Bilbo... berdin da. Irringarria da ikustea nola eite duten hiriek. Oro har euskal itsasalde guztiak xarma bera du», poztu zen Rodriguez. Lehen aldikotz dute Euskal Herrian dantzatzeko aukera English National Baletarekin. Lau urte dira konpainian daudela. Okasiorako famili eta senideak heldu zaizkie Bilbotik. Nolaz ez, orain arte ez dituzte behin ere ikusiak baleta honentzat dantzatzen.
Gaur, 21:00etan hasita, Gare du Midi aretoan dituzte begiratzen ahalko beste ikusleekin batera. Perpetuum Mobile, Side Show, Don Kixote, Swan Lake eta Raymondo obretako urrats klasikoak gozatzen ahalko dira emanaldian, hots, obra ezagunak puntako dantzariek emanik. «Gala estiloko» lanak dituzte bereziki dantzatuko, Celisek zioenez. Bi euskaldunak Bilbon hasi ziren ttipitan dantzatzen. Rodriguezen iritziz, euskal dantzak badu zerbait eite klasikoarekin, mutilei dagokienez. Aurreskua eta, ikasiak ditu. Celis Euskadiko Baletean ibilia da. Baina biek, beste dantzari euskaldun andana bat bezala, atzerrira joan behar izan dute dantzari profesionalak bilakatzeko. «Eskola onak badira, ondotik profesionala bilakatu nahi baduzu lekutzera behartua zaude».
Hemen dantza klasikoak ez duela irudi ona pentsatzen dute. Diru laguntzak eskas direla zeritzon Celisek. Nahiz eta azken aldi honetan aitzinatzeak izan diren: «Hobetzen ari da. Ohartzen ari dira dantzari anitz badela Euskal Herrian. Joaten uztea baino gehiago hemen atxikitzea merezi lukeela», azaldu zuen Rodriguezek. Miarritzeko Baleta badute bai, baina garaikidea dela deritzote, berena arrunt klasikoa delarik. Eta hauek biek klasikoa dute gustuko. «klasikoa da guztiaren oinarria» zioen Celisek. «Klasikoa menperatzen baduzu beste guztia zure eskura duzu», gehitu zuen Rodriguezek. Hoberena «bietarik egitea. Gure konpainiak biak egiten ditu nahiz eta atzerrian lan klasikoak bakarrik eman».
Dokumentuaren akzioak