Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Klasikoa jantzi garaikidearekin

Dokumentuaren akzioak

Klasikoa jantzi garaikidearekin

Gaur estreinatuko du Malandainen Biarritz Balletak 'Revêire romantique' lana, Donostian. Martin Harriage koreografoarekin aritu dira lankidetzan, eta 'Sirénes' balleta estreinatuko du berak

Ez da erraza gauza berriak asmatzea 80 obra sortu ostean. Thierry Malandain koreografoaren kezka nagusia da hori azken denboran. 100 ikustalditik gora eskaintzen ditu urtero Malandainen Biarritz Balletarekin, eta iaz jaso zuten talde onenaren saria Frantziako antzerki, musika eta dantza kritikoen elkartearen eskutik. Areago, koreografoaren ustez, ez da erraza aro garaikidean arrakasta lortzea dantza klasikoarekin. Horregatik ari da etengabeko sortze eta berrasmatze prozesuan. Horren emaitza da gaur Donostiako Viktoria Eugenian estreinatuko den Revêire romantique obra. Ez da, ordea, ikusi ahal izango den lan bakarra: Malandainek 2014an sortutako Nocturnes pieza eta Martin Harriage Baionako koreografoaren Sirénes obra berria ere dantzatuko ditu konpainiak. Klasikoaren eta garaikidearen arteko elkarrizketa da bi zuzendariek taularatu nahi dutena.
Egilea
Maider Galardi F. Agirre
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/04/06
Lotura
Berria
«Gaur egun dantzan dena kategorizatzeko joera dago. Baina niri interesgarria iruditzen zait biak uztartzea», adierazi du Harriagek. Dantzari gisa ari da Israelgo dantza garaikideko Kibbutz konpainian, baina Miarritzeko (Lapurdi) koreografo klasikoen eta neoklasikoen sari bat jaso zuen 2016an Sirénes-ekin, eta horregatik egin du lan Malandainen Biarritz Ballet konpainiarekin. Maite du muga lausoetan aritzea: «Ez nuke esango nire lana erabat garaikidea edo erabat klasikoa denik». Malandainek ere badu gaitasun hori, haren ustez: «Esaten dute zuzendari neoklasikoa dela, baina nik uste dut bere berezitasun nagusia dela aldakorra izatea».

Bi estiloak nola uztartu, beti zalantza duela aitortu du Malandainek, baina artistek arriskatu egin behar dutela uste du. Azken lanean ere hala egin du: ballet erromantikoaren mugimenduak jaso ditu, eta oholtza gainean jarri ditu XX. mende hasierako gaiak. Besteak beste, maitasunaz, ihesaldiez eta ametsei buruz hitz egiten du piezak, baina, kutsu klasikoa galdu gabe, gaurkotasuna eman dio obrari: «Jatorrian, 1909an egindako koreografia bat da, baina uste dut ez duela gaurkotasunik galdu. Kezkak antzekoak dira: nahi dut obra hau ihesaldi bat izatea ikusleentzako, jakinik antzokitik kanpo eguneroko konplikatu batean murgilduta gaudela».

Estetikoki ere gaurkotasunez jantzi du obra klasikoa. Genero markak hautsi, eta soineko zuriekin azaldu dira oholtzara konpainiako 22 dantzariak. Emakume zein gizon bihurtu ditu obrako protagonista: silfideak. «Niretzat, mendeku baten modukoa izan da. XX. mende hasierara arte, gizonezkoek ezin zuten balleta dantzatu, eta emakumezkoek egiten zituzten gizonen rolak. Orain, nik guztiei hautsi diet marka hori». Badu beldurra ez ote den apurtzaileegia izango ballet klasikoan ari dela kontuan hartuta, baina aitortu du hori ere lortu nahi izan duela: inpaktua sortzea eta hamaika interpretazio dituen ballet bat egitea.

Hain justu, eragiteko duen gaitasunagatik miresten du Harriagek Malandain. Aurretik ere ezagutzen zuen, Biarritz Ballet junior taldearekin entseguak egiteko aukera izan baitzuen. Koreografo izateko jauzia egin zuenean ere Malandain izan zuen alboan, eta harreman estu horrek aukera eman die elkarrekin lan egiteko: «Thierryk ateak zabaldu dizkit nahi dudana egiteko, eta bikaina izan da konpainiakoekin lan egitea. Uste dut guztiok irabazi dugula esperientzia honekin: nik oinarri klasikoa berreskuratu dut, eta konpainiak estilo garaikidea landu dezakeela ikusi dugu». Bere obran ere 22 dantzariek parte hartu dute, eta Malandainen moduan, antzinako pertsonaiak gaurkotu ditu: «Sirena mitologikoak dira protagonistak. Baina gaiak askotarikoak dira: emakumeen biluztasuna, ekologismoa...». Gainera, lehen aldia da kanpoko koreografo batekin lan egiten dutela konpainiakoek.

Bi koreografoek azpimarratu dute taldean mugimendua sortzearen garrantzia. Izan ere, obra guztietan parte hartzen dute dantzari guztiek. Mugimendu azkarrak eta dantzarien arteko kontaktua etengabeak dira bi lanetan: «22 lagunez osatutako talde bat gara, eta lan berri bat egiten dudan aldiro erabakitzen dut guztiek parte hartzea. Gogorra litzateke hamar lagunekin egin eta beste hainbeste kanpoan uztea».

Asko aldatu da taldea Malandain duela hogei urte heldu zenetik, eta gustura dago koreografoa lortutakoarekin: «Hasieran, hamabi lagun ginen, eta, orain, ia bikoitza. Gainera, publiko gehiago dugu orain, eta jende askorengana heldu gara». Besteak beste, jasotako sariei egotzi die arrakasta.

Sariak eta hitzarmenak

Arrakasta bai, baina lehiaketak irabaztea konpainiaren sostengu ekonomiko nagusia ere badirela ohartarazi du Malandainek: «Hortik jasotzen dugu dirua, bestela irautea oso zaila da». Donostiako Udalarekin ere egin berri dute hitzarmena, eta azpimarratu du hori garrantzitsua dela dantzaren garapenerako.

Harriagek ere aukera izan du halako itunengatik Euskal Herriko hainbat talderekin lan egiteko, besteak beste Kukairekin. Bertan ere tradizioa gaurkotasunez janztea izan du helburu.

MALANDAIN BIARRITZ BALLET ETA MARTIN HARRIAGE: 'REVêIRE ROMANTIQUE', 'SIRéNES' ETA 'NOCTURNES'

Gaur eta bihar. Donostiako Viktoria Eugenian, 20:00etan.
Malandainen Biarritz Balleteko dantzariak, <em>Revêrie romantique</em> koreografia entseatzen.
Malandainen Biarritz Balleteko dantzariak, Revêrie romantique koreografia entseatzen. OLIVIER HOUEIX

Dokumentuaren akzioak