Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Klasikoa eta herrikoia

Dokumentuaren akzioak

Klasikoa eta herrikoia

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Kritika
Data
2024/05/07
Lotura
Berria
Les Grans Balletes Canadiens konpainia, obraren une batean. SASHA ONYSHCHENKO GROUPE / ARRIAGA ANTZOKIA
Les Grans Balletes Canadiens konpainia, obraren une batean. SASHA ONYSHCHENKO GROUPE / ARRIAGA ANTZOKIA
 

Les GRANDs ballets canadiens

Konpainia: Les Grands Ballets Canadiens. Piezak eta koreografoak:7. sinfonia (Uwe Scholz), Cantata (Mauro Bigonzzetti). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzaren 3a.

Lehendabiziko aldiz ikusi dugu Les Grans Ballets Canadiens quebectar konpainia, eta aurkezpen honetarako bi pieza ekarri ditu. Lehena Uwe Scholz alemaniar koreografoaren Zazpigarren sinfonia deitu da, eta Beethovenen obra bera izan da lanaren oinarria. Adituen aburuz, Zazpigarren sinfonia «dantzaren apoteositzat» jo daiteke, eta seguruenik horregatik egokitu zen hain ondo Scholzen koreografiarako.

Taula gaineko dantzariak —hogeita hamarren bat— Scholzen beraren diseinuzko maillot zuriekin agertu dira, emakumeak balleterako txapinekin eta gizonetako lau kirol itxurako gehigarri urdin batekin beren elastikoetan. Izaera zeharo klasikoa hartu du guztiak Marc Parenten argien diseinu zerutarraren laguntzaz, eta nik, bereziki klasikozalea ez naizenez, horretaz guztiaz eta gizonen itxura atletikoaz nahiz emakumeen fintasun etereoaz gozatzen eman ditut lehen minutuak.

Hala ere, sinfoniaren lehen mugimenduak aurrera egin ahala, deigarria egin zait talde eboluzioetan antzematen zen perfekzioa, posizio indibidual batean edo bestean hasieran izandako zailtasun txikiak gorabehera. Normalean, antzua izaten da —eta porrotera kondenatua, bide batez esanda— konposizio ezarri baten gainean diseinaturiko dantza, koreografoaren sormena partituran harrapatuta geratzen baita. Oraingo honetan, ordea, maisutasun handiz jakin zuen Scholzek bere dantza-diseinua sinfoniari egokitzen, eta elkarren segidako bikoteen eboluzio klonikoak ezin egokiagoak suertatu dira Beethovenen musika esaldietarako.

Bestetik, oso efektu interesgarria sortu dute bikote nagusien atzean izandako beste bikoteen eboluzio osagarriek. Izan ere, dantzaren eta musikaren edertasunaz gozatzen nuela uste izan dut Beethovenek ballet honetarako konposatu zuela bere Zazpigarren sinfonia, eta ez alderantziz.

Kontraste itzelean etorri da bigarren pieza —Mauro Bigonzettiren Cantata—, Italiako herri musika, lagun eta dantzari guztiek nekazari itxuraz jantzita. Lau emakume herrikoi arduratu dira musika zuzenean abesteaz eta akordeoi diatonikoan zein pandero handiekin jotzeaz. Lan honetan Bigonzetti herriko musika eta dantza garaikidea uztartzen saiatu zen, bizitasuna eta dantza-pauso akrobatikoak elkartuz eta gizonen eta emakumeen arteko erakarpena era erdi primitibo erdi telurikoan agerraraziz.

Publiko zabalarengan pentsatutako pieza hau arrakasta segurukoa da bere koloretasun eta dinamismoagatik, baina Aterballetto konpainiaren ohiko estilokoa da, eta teknikoki orbangabea den hutsaltasun sentsazioa utzi digu ikusi dugun hiruretan: beste biak Bilboko Arriaga antzokian bertan eta Miarritzeko Gare du Midin izan ziren, 2004koa Portugalgo Gulbenkian balletak dantzatua —haientzat sortu zuen Bigonzettik Cantata pieza— eta 2005ekoa italiar konpainiaren eskutik.

Dokumentuaren akzioak