Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Klasikoa, begi garaikidez

Dokumentuaren akzioak

Klasikoa, begi garaikidez

Nizako Operako Baletarenak izanen dira gaur eta bihar Miarritzeko Maitaldiko hitzordu nagusiak

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2005/09/16

«Pasioa biziki maite baitut», dio Operako koreografoak, Marc Ribaudek. Guztiak teknika arras klasiko batekin emanak izanen dira. Romeo eta Julieta istorioa den bezala emanen dute, errusiar baletarako Sergei Prokofievek 1938an asmatu musikak lagundurik. Koreografia, aldiz, Ribaudek 2001ean asmatua da. «Apainketa biziki aratza izatea erabaki dut ,adibidez. Denboraz kanpoko obra bat egin nahi izan dut».Biharamunean eskainiko diren ikuskizunak ere klasikoak dira, nolazpait errateko, guztiak eginak baitira publiko ahal bezain zabal bati eskuragarriagoak izateko gisan. «Ikuskizun popularrak egiten ditugula diote batzuek. Hala da, bai, baina nire ustez hori ez da hain gaizki», gaineratzen du Ribaudek. Alabaina, azkenaldian Frantziako oholtza gaineko artearen mundukoak funtsezko eztabaida batean sartuak daude, izan dadin dantzan zein antzerkian. Uda honetako Avignongo Antzerki jaialdian sortu iskanbilak lekuko: «Berez ez naiz sorkuntzaren aurka, baina mugak badira. Joan den aldian tipo bat oholtzara igan eta pixa egiten ikusi dut publikoaren gainean. Niretzat hori publikoaz trufatzea da. Ez da sorkuntza. Ikusgarrietatik atera eta gainera, denak hasiko zaizkizu erraten zoragarria dela, nahiz eta beren baitan ez batere maitatu».



Ikusten aridenarekin, nardatua Arrunt kexu dago Ribaud. Nardatua ere bai, azken urteetan ikusten ari denarekin: «Frantziako instituzioek, bereziki Kultura Ministerioak azken 20 urte hauetan ikerketa baizik ez du lagundu. Ni bezalako koreografoak zaharkitu batzuen irudia daukagu intelektual eta elitisten mundu horretan nahiz eta ez horrela izan».



Arras kontziente da balet esperimentalegia egiten badu, «hiru ordutara Nizako auzapezak kanpora botako nindukeela». Baina horrek ez du eragozten. «Publikoak sartzea pagatzen du eta ordainez dantza ikusi nahi du. Gure lana dantza eskaintzea da, eta ez besterik». Gauza klasikoak egitea desafio bat bezala ikusten du justuki Marc Ribaudek: «Publikoa Romeo eta Julieta ikustera heldu delarik aurreiritziak dauzka. Nik horien gainditzera gomitatu nahi dut, irudimena urrunago eramatera».











Egitaraua



Gaur



12:00: Grenade konpainiaren errepika publikoaren aitzinean. Baratze publikoan (sarrera doan).



15:00: Film dokumentala dantzari buruz, Arte telebista katearen eskutik: Dantza eta Degas. Mediatekan.



19:00: Grenade konpainiaren Tonight! Herriko Kasinoan.



21:00: Nizako Operako Baletaren Romeo eta Julieta. Gare du Midin.







Bihar



12:00: Lizeoko ikasleen ikusgarriak. Baratze publikoan (doan).



15:00: Film dokumentala dantzari buruz, Arte telebista katearen eskutik: Maia Plissetskaia Assoluta. Mediatekan.



19:00: Damian Muñoz eta Jordi Cortes: Öleles. Herriko Kasinoan.



21:00: Nizako Operako Baletaren Shipiel Es, Passion eta Carmina Burana. Gare du Midi aretoan.

Dokumentuaren akzioak