Dokumentuaren akzioak
Klasikoa, baina berria
Montecarloko Baleta izango da, gaur eta bihar, Miarritzeko Maitaldiko izarra
Konpainiak nazioarteko 50 dantzari inguru ditu, tartean Asier Uriagereka bizkaitarra; ohi bezala gazteak, baina dantzariak ez bezala konpainiak tradizio handia du; eta etenaldiak izan dituen arren, ia ehun urteko historia du taldeak. Programazio ezberdina eskainiko dute printzerrikoek bi emanaldietan. Bata zein bestea Dov e La Luna eta Opus 40 izeneko tarteekin zabalduko dira. Ondoren, gaur, The Chairman Dances eta Men's Dance eskainiko dira. Bihar, berriz, Derive ikusi ahalko da. Pieza laburrak dira guztiak, ordu erdi baino gutxiago irauten dutenak. The Chairman Dances izan ezik, gainerako guztiak Jean Christophe Maillotek sortu ditu.
Dov e La Luna hasierarik eta bukaerarik gabeko dantza tartea da. Zazpi dantzarik interpretatzen dute oholtzan. Argiak eta itzalak nahasten dira, dantza klasikoaren hizkuntza eta teknikako lanean. Amaierarik gabeko bide hori ilargiaren bidearekin parekatzen da. Musika, berriz, Alexandre Scriabinena da.
George Condo margolari estatubatuarrak jarri dio eszenografia eta arropa, kolorez betea, Opus 40 piezari. Energiaz beteriko koreografia sortu du Maillotek, margolariaren unibertsoan inspiraturik. Meredith Monk artistarenak dira dantza girotzen duten ahotsa eta soinu esperimentala. Kritikaren irudiko, Dov e La Lunaren ondotik, Mailloten heldutasun artistikoa iritsi dela iragartzen duen lana da Opus 40.
Gaurko programa osatzeko, The Chairman Dances eta Men's Dance eskainiko ditu Montecarloko baletak. Lehena John Adamsen konposizio batean oinarriturik dago. Koreografia ez da Maillotena, Lucilda Childsek egina baizik. Men's Dance joan den urteko abenduan sortu zuen Maillotek. Steve Reichen musika du, eta beste koreografietan baino gehiago, gorputzaren mintzairak gidatzen du soinuaren espazioa.
Bi aurrekoen txanda Derive pasarteak hartuko du bihar. Horretan konpositore eta koreografo baten arteko topaketa kontatzen da, elkartu, zoriontasuna ezagutu eta elkarrekin proiektu bat egitea adosten duten pertsonaiak dira. Sinplea dirudien gidoia erabat aldrebestuko da.
Maillot, baleta biziberritu duen koreografoa
Montecarloko Baletak ia mende osoko historia du. Bere lehen pausoak oso estu loturik daude Errusiatik Frantziara batez ere Parisera joan ziren dantza taldeekin. Oroz gaindi, Diaghilev dantzari handiaren itzala du baletak garai horretan, hasieran. Errusiatik alde egin eta Montecarlon bizi izan zen zendu arte. 1985ean, Monakoko printzerriko balet konpainia ofiziala bihurtu zen.
Azken hamarkadan Jean Christophe Maillot koreografoak indarberritu du Montecarloko baleta. 1992an sartu zen, aholkulari artistiko modura, eta urtebete geroago zuzendari kargua eskuratu zuen. Bere bultzadari esker, 1997an egoitza berri batera lekualdatu zen baleta, L'atelier izenekora. Maillot 1960an jaio zen, Toursen, eta Hanburgoko Baletean dantzari izarra izan zen. 1983tik aurrera koreografiak prestatzeari ekin zion, eta ez du lan hori eten Montecarlon. Horrez gain, Monaco Dance Forum erakundea sortu du.
Dokumentuaren akzioak