Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kixoteren bi aurpegi

Dokumentuaren akzioak

Kixoteren bi aurpegi

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/07/29

Amargo artista mediatikoa da. Prentsa arrosan egiten dituen agerpenak, orain Operación triunfo telebista saioan duen lana... Dantzazalea izan edo ez izan, Rafael Amargo ezaguna da ikusle arruntarentzat. Horregatik, antzokiak betetzea ia segurua da Amargo tartean den bakoitzean, eta Donostia horren lekuko izan da beti. Andaluziarra hurbildu den bakoitzean antzokian lepo izan da, eta hala izango da abuztuaren 4an ere. Sarrerak salgai jarri eta berehala agortu ziren.Oraingo honetan, Amargok eta bere konpainiak Musika Hamabostaldia irekitzeko ardura izango dute. Datorren ostegunean, 20:00etan, D.Q... pasajero en transito ikuskizuna taularatuko du Kursaalean. Ikuskizun hau Amargoren azken lana da. Ekainaren 17an estreinatu zuen Alcala de Henaresen, eta aurkezpen bira oraintxe abiatu berri du. Izenburuak argi adierazten duen bezalaxe, lan berri honek On Kixote dauka oinarri.



Kixote etorkizunean Rafael Amargok produkzio ausarta egin du. Etorkizunari begira jarri eta dantzaz gainera elementu berritzaile ugari sartu ditu oholtzan. Esate baterako, eszena zuzendari gisa La Fura dels Bauseko zuzendari Carlos Padrissa izan du lagun, jantziak Oscar sari bat irabazi duen Ivon Blakek egin ditu, eta musikari dagokionez, adibidez, Jose Soto Sorderita, Lagartija Nick, Fank T eta beste hainbaten laguntza izan du.



Bestalde, Poeta en Nueva York-en dagoeneko ikus-entzunekoekin lan egiten saiatu zen. Baina orduan proiekzioa pisu gutxiko elementua izan zen; lagundu baino gehiago arreta kendu egiten zuen muntaia hark eta saioa bide erdian geratu zen. Oraingo honetan, aldiz, Juan Estellrich zinemagilea arduratu da ikus-entzuteko muntaiaz.Ikusleak harritzeko moduko ikuskizuna da. Abiapuntua bera oso berezia da. Izan ere, kontakizuna 2023. urtean, denbora-pasa elektronikoen munduan eta Internet sarean kokatzen da.Amargok Bidanshi izeneko gazte japoniar bat irudikatzen du. Bidanshi webcam baten bidez jartzen da harremanetan bere lagunekin, besteak beste, Akira gor-mutuarekin. Hain zuzen, Akirak Internet sarearen bidez ezagutzen du On Kixoteren eleberria. Kontakizuna ezagutzen doazen heinean, Bidanshi eta Akira On Kixoterekin maitemindu egiten dira eta pixkanaka-pixkanaka zaldunaren eta Sancho Panzaren paperetan sartzen dira.Informatikaren munduak gazteengan duen eragina aztertu nahi du ikuskizunak. Hala, bi japoniar gazteak sortu berri duten mundu fantastikoaren protagonista bihurtzen dira. On Kixoteren joan-etorriek, aipatutako joko horren bidez, eleberriko zazpi kapituluekin egiten dute bat: Camachoren ezteiak, Montesinoseko haitzuloak, haize-errotak...Ikuslea etengabe etorkizuneko mundu batean kokatuta egongo da, giro birtual batean murgilduta. Amaieran, kontakizuna Bartzelonan amaitzen da, eta ikusleak zalantza bat izango du: On Kixoteri esker bizi izandakoa ero baten ametsa edo errealitatea izan ote den. Erdi Aroa eta etorkizuna uztartuta datoz ikuskizunean flamenkoaren eta arte garaikideen eskutik.



Beste aurpegia On Kixoteren txanponaren beste aldea Grigorovitx baletak ekarriko du Donostiara. Amargoren irakurketa aske eta garaikidearen ondotik, Grigorovitxek eleberriaren irakurketarik klasikoena egingo du. Lan hau abuztuaren 19an eta 20an izango da ikusgai Kursaalean.



Grigorovitx baletak Marius Petipa koreografoak sortu zuen baletaren irakurketa eszenografiko eta koreografiko berria egin du, Yuri Grigorovitx bera zuzendari duela. Ludwig Minkusen musikaren gainean, hiru ekitaldiz osatutako ikuskizuna aurkeztuko dute. Kontakizuna On Kixote eta Sancho Panza Lorenzoren tabernan azaltzen direnean hasiko da, eta hortik aurrera bikotearen abentura ezagunenak izango dira protagonista.Balet errusiar hau 90 dantzarik osatzen dute eta tartean Bolshoi baleteko izar nagusiak daude. Esaterako, Anna Antonitxevak eta Sergei Filinek parte hartuko dute Donostiako emanaldietan.

Dokumentuaren akzioak