Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kissing, muac

Dokumentuaren akzioak

Kissing, muac

Medina / Borucki bikotea

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2000/02/09

ARETORA sartzen garenerako eszenatokiaren erdialdean dago bikote gaztea, zutik eta geldi-geldi, bata bestearengandik aurrez aurrean. Halako batean, eskukada bete arroz jausten da sabaitik eta mugimendu segida frenetiko bati ekiten diote, eskuekin zapladak emanez batak besteari paparrean.

Horixe bezain fresko eta zintzoa da Natalia Medinak eta Dominik Boruckik ekarritako planteamendua ¿Qué tal estás? (Zelan hago?) ikuskizunean. Hurrenez hurren Kanariar Uharteetakoa eta Alemaniakoa diren dantzari biok eskarmentu zabala daukate dantzaren munduan. Biek ala biek erakusten dute gaitasun eta sentsibilitate itzela, eta maisuki jolasten dute lanak dituen kontraste ugariekin era dialektikoan eraikitzeko eszenan gertatzen dena.

Estetika hotza, zehatza, kontzesiorik gabekoa erabiltzen du Medina/Borucki bikoteak, gogorra eta guzti dena zenbait momentutan. Zehaztasun osoz mugitzen dira, erloju-makineria baten antzera, bai musika mamitsuko uneetan eta baita isiltasun adierazkorrean murgilduta ere.

Ibilbide eta akrobazia geometrikoak burutzen dituzte, dantzari baten gorputza ardatz moduan erabiliz besteak egindako biraketa edo itzulipurdietarako, eta hasiera batean badirudi ez dutela emozio zehatzik transmititu nahi, plazer estetiko hutsarena izan ezik.

Exijentzia estetiko handia


Baina pasarte dantzatu ederrak eskaintzeaz gain, beste gauza asko daude erakusgai proposamen honetan. Esaterako, Boruckik plazaratutako gogoetak eta abesti ederrak, edota Nataliaren figura eta keinu ezin delikatuagoak. Eta egon badaude ikusleen eta dantzarien arteko kontrastea areagotzen duten ezusteak (haien artean «Kissing, muac» hitzak errepikatzen dituen kanta zoragarria).

Bestalde, pisu handikoa da argien diseinuan foku zuriak baino ez erabiltzea, oso kontraste garbiak sortarazten dituztelako argitasun eta iluntasunaren artean. Izan ere, argia iluna bezain esanguratsua da muntaiaren planteamenduan eta nabari indartzen du lanari darion instalazio kutsua.

Bereziki gustatzen zait zein era naturalean ateratzen diote etekin estetikoa egoerarik txikienei (adibidez, eremu eszenikotik sartzeko eta irteteko momentuei), eta bereziki politak iruditu zaizkit funtsik gabeko mugimenduak, haurrek beren gorputzekin jolasten dutenen antzekoak direnak eta amaiera absurduraino eramaten gaituztenak.

Beraiek dioten moduan, «Egoera honetatik irteteko bide bakarra bideoan grabatutakoa ikustea izango litzateke. Baina oraindik ez dugu bideorik».

Dokumentuaren akzioak