Dokumentuaren akzioak
Kirolaren ertzak
Kirola, dantza eta generoa
Oier Araolaza. Dantzaria eta ikertzailea
Urteak dira erakunde publikoak kirolaren sustapen lanetan dihardutela. Eskola Kirola moduko kanpainak antolatzen eta finantzatzen dituzte erakunde publikoek (3 milioi euro Gipuzkoan, adibidez). Gipuzkoako Diputazioaren datuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleen %80k parte hartzen du Eskola Kirolean. Mutilen eta nesken arteko desoreka handia zen orain 30 urte (%80 gizon. %20 emak.), baina emakumeen kirolaren sustapen kanpainekin ari dira orekatzen datuak (%60 gizon. %40 emak.).
Dantza ez da kiroltzat jotzen normalki. Dantzak ez du kirolak duen babes instituzionalik, ez azpiegitura sarerik. Hala ere, Gipuzkoan astero 10.000 lagun aritzen dira euskal dantzan. Horri gehitu beharko litzaizkieke beste dantza motak: balleta, modernoa, garaikidea, areto dantzak, kaleko dantzak eta e.a. Gehienak emakumeak. Kirol estatistiketan ez da jasotzen dantzaren berri, eta beraz, dantzan ari direnak, dantzaz gain kirolik egiten ez badute, pasibotzat jotzen dira. Alegia, dantzariak fisikoki aktibatu beharreko herritartzat jotzen dira, dagoeneko aktibatuta, dantzan ari direla kontuan hartu gabe. Aisialdirako jardueren eskaintza zabalaren erdian, baliabide eta babes urriekin lehiatzen da dantza, eta administrazio publikoa bera du lehiakide gogorrena, herritarrak kirolera bultzatzen baititu dantzan ari ote diren kontuan hartu gabe.
Ume guztiei gustatzen zaie dantza egitea. Musikak eragiten dizkigun sentipenak gorputzaren bidez azaleratzea gizaki guztiok dugun gaitasuna da. Ahalmen horrekin jaiotzen gara. Hazi ahala emakume gehienek gaitasun hori landu eta garatzen dute, eta gizonezko gehienek baztertu eta desaktibatzen dute. Umeei jaio orduko adierazten diegu zein den asignatu diegun genero-identitatea, eta genero bakoitzari lotutako jarduera estereotipatuetan trebatzen dira, beraien identitatea beste generoarekiko oposizioz eraikiz. Horrela, kirola, oro har, mutilen jardueratzat identifikatzen dute umeek eta dantza nesken jardueratzat. Beraz, eskola kirolaren garaia iristen denean ahalegin berezia egin behar da emakumeak kirolera hurbiltzeko, zenbait urtez neska asko aldenduta izan baita kiroletik, praktika maskulinoa zelakoan. Horrela, nagusiki dantzan aritu diren neskak kirolera bultzatzen dira, eta bertan, ordura arte kirola besterik egin ez duten mutilekin topo egiten dute.
Gizonezko gehienek dantza emakumeen jardueratzat daukate, ez dute ezagutzen eta ez dute balioan jartzen. Ez dakite dantza ondare kulturala izateaz gainera, osasunerako kirola bezain onuragarria dela. Arrotzak zaizkie dantzak eragiten dituen emozio eta plazer fisiko eta intelektualak, orekan eragiten dituen onurak, adimenaren, espazioaren eta dimentsioen antolaketan eta ongi-izate fisiko eta mentalean egiten dituen ekarpenak. Gizonezko gehienek ez dakite nola laguntzen duen dantzaren praktikak norbanakoaren garapen pertsonalean, intelektualean, afektiboan eta sozialean.
Neskek eta mutilek trebetasun eta gaitasun desberdinak garatzen dituzte hazkuntza prozesuan, baina bat-batean neskei esaten zaie gehien jorratu duten ariketak, dantzak, ez duela baliorik, eta kirola egin behar dutela. Kirola egin behar dute beraz, gutxi egin duten jarduera bat, eta beraiekin batera izaten dira kirola besterik egin ez duten mutilak. Gainera, kirola modu lehiakorrean ulertzen da nagusiki. Kirolaren bidez emakumeen gizonekiko gutxitasun konplexua eta gizonezkoen nagusitasunarena indartu eta naturalizatu egiten da. Baina kontuz, gizonezko gehienek ez dute inoiz dantza egingo; ez dira emakumeak trebatuta dauden jardueran arituko, ez dira gutxiago direla agerian jarriko dituen umiliaziotik pasa beharko.
Norbaitek azaldu diezadake zergatik ari den kirola sustatzen eta dantza baztertzen? Norentzat da hobea kirola sustatzea eta dantza baztertzea? Zergatik ez dugu dantza balioan jarri, dantza sustatu eta gizonezkoak dantzan aritzera bultzatuko dituen politika publikorik?
Eta porteriak kenduko bagenitu?
Beñat Amenabar. EHUko irakaslea Hezkuntza, Antropologia eta Filosofia fakultatean
Gure ikastetxeetan haurrek patioen erabilera librerako aukera dutenean oso ohikoa izaten da errealitate zehatz batekin topo egitea. Laburbilduz eta salbuespenak salbuespen. Futbola nagusi izaten da, dagoen espazioaren erabilera guztiz baldintzatuz, eta gainera nagusiki jarduera horretan parte hartzen dutenen gehiengo handi bat mutilak dira. Neskek espazioaren erabilera oso eskasa egiten dute, gehienetan modu marjinalean parte hartuz, bai espazioan edo bai jardueran, hau da: periferian kokatuaz. Oso ohikoa izaten da, halaber, (adin desberdinetako haurrak egoten direnez) helduenek erabiltzea gehien espazioa, eta beraz gaztetxoagoak parte hartze baldintzatua izatea. Zer esan aniztasun funtzionalaren ikuspegitik. Uste dut irakurlegoaren gehiengoak imajinatzen duela argazkia.
Errealitate honen aurrean analisi eta iritzi desberdinak plazaratu ohi dira, baina nahiko hedatua dagoen bati heldu nahiko nioke oraingo honetan. Laburtuz, futbolean aritzea ez da zertan txarra izan. Honako argudioak nagusitzen diren zaleen artean: futbolaren bitartez hainbat balore transmiti daitezke (lankidetza, errespetua...), futbolean gero eta neska gehiago ari dira (azken boladan San Mamesko betekada, Reala eta Athleticen arteko derbiak, Realak finalerako txartela lortzea...), ezin ditugu haurrak derrigortu, aukera askatasuna izan beharko lukete behintzat denbora tarte horietan...
Ikuspegi hau, gaur egungo gizartearen pentsaera neoliberalean txertatuko nuke zalantzarik gabe. Iruditzen zait denbora librean patioen erabilera horietan ez dela justiziarik egiten, ez dela parekidetasunik sustatzen, eta, are gutxiago aukera askatasunik bermatzen.
Alderantziz, hegemonikoak diren praktikak inposatzen direla eta berez gure gizartean oso hedatuak dauden praktikek hartzen dutela nagusigoa, eta jarduten den gehiengo handienak ezaugarri zehatz batzuk dituela (mutila, zaharrenetakoa...). Gaur egungo haurren gehiengo batek espazio eta denbora tarte hori ez du gustuko izaten. Haurren errealitatetik gertu gauden arduradunok (ikastetxe, zuzendaritza, guraso, irakasle, udal eta aldundi arduradun eta abar) ezin dugu pentsatu guk ez dugunik ezer egiten hori horrela izan dadin edo ezin dugula ezer egin hori aldatzeko. Guztiz alderantziz, uste dut, jakinda edo jakin gabe, baina hainbat eta hainbat ekintza eta baliabide erabiltzen ditugula, egoera hori mantentzeko.
Hasierako galderari berriro helduz, zerbait gertatuko litzateke porteriak kenduko bagenitu? Egia esan, ez da erraza iragartzea erantzuna, baina nik kenduko nituzke eta lehenbailehen gainera. Noski, horrek bakarrik ez du zertan errealitatea aldatu, baina gure esku dagoen urrats txiki bat izan daiteke. Nik ildo horretan uste dut beste hainbat urrats egin beharko genituzkeela. Espazioaren aldaketak eragitea izan daiteke gure aukeratako bat.
Uste dut ikastetxeetako patioek beste bizikidetza justuago, parekideago, barneratzaileago eta anitzago bat sustatu beharko luketela, eta horretarako bertan ardura dugun helduok ausardia gehiago izan behar dugula. Espazioaren berrantolaketa horien adibideak erraz topatuko ditugu hainbat eskola eta herrialdetan, ekin diezaiogun beraz.
Dokumentuaren akzioak