Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kintoen erritua jaso du Ekaitz Zilarmendik 'Banakoa' lanean

Dokumentuaren akzioak

Kintoen erritua jaso du Ekaitz Zilarmendik 'Banakoa' lanean

Argazkilari aretxabaletarrak 'Banakoa' lana aurkeztu berri du; kintoen erritoari eta haiek egiten dituzten dantzei erreparatuta osatu duen argazki sorta da; lan pertsonal hori Dantzan.eus webgunean jarri du ikusgai.
Egilea
Mirari Altube
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Aretxabaleta
Mota
Albistea
Data
2019/06/09
Lotura
Goiena

Kintoen erritua jaso du Ekaitz Zilarmendik 'Banakoa' lanean

Oñatiko Argi argazki jaialdiaren barruan, orain dela bi urte, aurkeztu zituen kintoen bueltan egindako lan horren printza batzuk Ekaitz Zilarmendik, baina azken bi urteotan moldatzen eta garatzen joan da proiektu hura, besteak beste, argazki berriak sartuta. Orduan Sistemak deituriko lana orain Banakoa izenarekin aurkeztu du: "Begirada bat da. Bakoitzak bere begirada propiotik begiratzen du mundu hau eta nire egia islatu dut", dio.

Errituen gaineko hausnarketa

Kintoen gaineko lana 2007an hasi zuen, nahiz eta 2012ra arte buru-belarri ez sartu horretan. Helduen munduan sartzen hastea tokatzen zaien gazteek Aretxabaletan egiten dituzten errituak jaso ditu. "18 eta 19 urteko gazteek egiten duten erritual horretan badago zerbait. Aldaketa asko tokatzen zaizkie sasoi horretan, eta erabaki batzuk hartu beharra ere bai. Ondorio gutxi batzuk dira, edo, beharbada, galdera batzuk. Bizitzaren etapa berri batera pasatzera doazela esateko egiten dituzten erritu horien gaineko hausnarketa txiki bat da". Erritu horien artean daude tantaia jasotzea ekainaren 23an eta herritarren aurrean dantzan egitea Santa Ageda egunaren bueltan. "Eta dantza horien artean badago bat guztiek egiten dutena: banakoa". 

Sortze prozesuaren parte

Dokumentatze lana izatetik lehen urteetan lan pertsonal izatera pasatu da. "Urtetik urtera errepikatzen diren erritoak dira, eta urtero berdina jasotzen nenbilen kezka sortu zitzaidan. Kezka horrek lagundu egin zidan zentzu bat topatzera egiten nenbilen lanari. Hasierako emaitza eta gaur egun bilakatu dena zeharo ezberdinak dira; sortze prozesu baten parte da hori guztiori", azaldu du Zilarmendik. Argazki zuri-beltzekin osatutako sorta da Banakoa: "Argazkilaritzarekin harremana hortik abiatu nuen, eta lan hori ere bai. Zuri-beltzean hasitakoari nondik eman behar nion jarraipena zalantzak izan nituen, baina 2017an erabaki nuen abiapuntuari kasu egin behar niola". Gaineratu du estetika ezberdinetan dantzan jardutea gustuko duela, mugarik jarri barik sortze prozesuari.

 

Dokumentuaren akzioak