Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kinto ospakizunak bi zatitan

Dokumentuaren akzioak

Kinto ospakizunak bi zatitan

Domekan eta astelehenean hasi eta ostegunetik larunbatera izanen dute segida kinto ospakizunek. Azken egunean aurtengoei adin guztietako kintoak festara batuko dira.

1999an jaiotako 66 neska-mutilek osatzen dute aurtengo kintada. Santa Ageda bezperako mezara joanen dira haietako batzuk bihar iluntzean. Handik atera eta txistulariekin kalejiran abiatuko dira. Herrian barnako segizio animatua Foru plazan despedituko da. Domeka dute kintoek egun handia.
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Albistea
Data
2017/02/03
Lotura
Guaixe

Iñigo Plaza Reyes eta Eider Arakama Madina errege-erreginak eta Igone Augusto Fernandez eta Manex Goikoetxea Presa ordezkoak buru dituztela, 7:30 aldera gosaltzera elkartuko dira. Neskak baserritar jantzia izanen dute, mutilak, berriz, txuriz jantziak bularra gurutzatzen dien zapiekin, kaikuekin eta txapelarekin. Eskutan, zintaz edertutako gorosti makila izanen dute.

Santa Ageda eguna domeka denez, ohi baino beranduago hasiko dira eskean, 8:00ak edo 8:30 aldera. Altsasuarren borondatea zilarrezko erretilutan jasoko dituzte. Erabateko genero berdintasuna lortu zenetik laugarren urtea izanen da batzuk eta besteak elkarrekin eskatzen dutena. Kintako buruak, txistulariak lagun, Foru plazatik udaletxera joko dute gero herrian barnako ibilbideari ekiteko. Zahatoa eramateko lanetarako nesaki-mutiki pare bat izanen dituzte. Kintoen bizitokiaren arabera banatu egin dira eta binaka opil bana prestatu dute. Batzuetan hiruren artean egin dute. Guztira 30en bat izanen dituzte. Haiek saldu eginen dituzte eta bat saltzen duten bakoitzean, esker onez jota dantzatuko dute. Kintoekin dantza egitera animatzen diren altsasuarrak asko izaten dira. Salmenta horretatik eta esketik ateratako diruarekin festako bazkari-afarien gastuei aurre egiten diete.

Dantza
Domekan 16:00ak aldera utziko diote eskatzeari. Bazkaldu eta 19:00etan plazara gerturatuko dira. Banaka-banaka, kinto guztiek zortzikoa dantzatuko dute. Bost egunetan txandakatuko dira. Andoni Beramendi eta Txetxo Claver izan dira aurten ere dantza irakasleak. Afaldu ondoren, berandu ixteko baimen berezia duen tabernan ordu txikiak arte izanen dira kintoak, ordena honetan: Lezea, Biltoki, Gautxori eta Arkangoa. Astearteko eta asteazkeneko atseden egunen ondoren, intxaurrondoaren itzalpean dantzatzera ostegunean bueltatuko dira, 19:00etan.

Kinto ospakizunak bi zatitan

Dokumentuaren akzioak