Dokumentuaren akzioak
Kinto izan ezin ziren emakumeek espazioa berenganatuko dute Aretxabaletan
Mutilak soldadutzara joan aurreko ohitura edo erritua ziren Aretxabaletako kintoak. Hemezortzi eta hemeretzi urteren bueltan, mutilek San Joan gau bezperan, basora joan, makal bat aukeratu, moztu, eta herrira eramaten zuten. Ostean, Santa Ageda bezperatik inauteri egunera arte igandetan plazan dantzatzen zuten. Besteak beste, arin-arina eta fandangoa dantzatzen dituzte. 2005era arte ezin izan zuten neskek dantzatu. Hori dela eta, urte luzez kinto izan ezin ziren hirurogei emakumetik gora elkartu, eta larunbat honetan, Aurten gu be kintta! eguna ospatuko dute.
10:00etan hasiko dira herriko plaza apaintzen, eta 19:00etan hasiko diren dantzekin emanen diote amaiera egunari. Antolatzaileen artean dagoen Lorea Serratok egunaren jatorria azaldu du: “Hasierako ideia Mirari Irure-rena izan zen. Irurek Emma Goldman anarkistaren esaldi bat nabarmentzen du askotan: ‘Ezin badugu dantza egin, ez da gure iraultza’. Egia da oso serioak garela beti borroka feministarekin, baina borroka ere jaiaren eskutik lotuta joan daiteke”.
"Matxinada matxista bat egon zen. Mehatxatzen hasi ziren esanez igual txistulariek ez zutela joko. Orduan, bozkatu, eta parte hartzea ukatu zidaten"
Horregatik, larunbateko jaia urte luzez ukatu dieten lekua bereganatzea eta erreparaziorako espazioa izatea nahi dute. “Jende pila bat batu da gure borroka txiki honetara, baina beste kritika asko ere jaso ditugu. Ikusten da matxismoa oso errotuta dagoela”, esan du. Egun, denek parte hartzen duten arren, prozesua ez da erraza izan. 1990. urtearen bueltan kokatzen du Serratok inflexio puntua: “Neska batzuk inauterietan, kintoz jantzi eta kalera atera ziren. Gainera, mutil bat atera zuten erdira. Inspirazio iturria izan zen niretzat. Nahiko eztabaidatua izan zen eta kritikak jaso zituzten”.
1995ean, kinto izatea egokitzen zitzaionean, inguruko neskekin hitz egin, eta mutilekin dantzatzea proposatu zien. Besteak beste, arin-arina eta fandangoa dantzatzen dituzte. Hala ere, ez zuen arrakasta handirik izan. Batzuk, alde agertu arren, ez zuten parte hartu nahi izan, konfrontazioa saihesteko. Hori dela eta, bere kabuz joan zen lehenengo entsegura: “Euren argudio bakarra soldaduska zen, baina jada ez zihoan inor soldaduska egitera eta intsumisoen aldeko kartelak egiten laguntzen ziguten. Bi entsegutara joan nintzen, eta bigarrenean matxinada matxista bat egon zen. Mehatxatzen hasi ziren esanez igual txistulariek ez zutela joko. Orduan, bozkatu, eta parte hartzea ukatu zidaten”.
Hurrengo urteetan, zenbait neska galdetzen egon ziren, baina ezetz esan zieten. 2005ean lau neska atera ziren. Pare bat urtez ez zuen neskarik parte hartu, eta ordutik, urtero dantzatzen dute. “Ez dakigu iraultza kontuagatik izan zen, edo jaiotza kopuruagatik. Mutil gutxi zeuden, eta ohiturak ezin zuen aurrera egin”, azaldu du. Neskak ere protagonismoa hartzen hasi zirenetik, rolak aldatu direla sentitzen du. Izan ere, ordura arte neskek “bigarren mailako rola” zuten: “Mutilak protagonistak ziren eta denak zeuden eurak dantzan ikusteko esperoan. Momentu batean gu ateratzen gintuzten dantzatzera. Horretarako, sorbaldan ukitu, eta aukeratu egiten gintuzten. Bestela ezin zinen atera. Beti fisikoaren arabera ateratzen gintuzten; adibidez, neska guapoena”. Orain aldiz, ama ateratzen dute, bikotekidea edota beste pertsona bat.
Boterea galtzeari beldurra
Serratoren ustez, aldaketarekiko erresistentzia adierazten dutenek boterea galtzeari beldurra diote: “Matxismoaren baitan dagoen zerbait da. Urte luzez eurek izan dute protagonismoa eta boterea espazio publikoan egoteko. Tradizioaren argudioarekin beti kanpo uzten gaituzte. Kinta izaten saiatu nintzenean esan zidaten: ‘Lore, berdin zaigu zuk gurekin dantza egitea laguna zarelako, baina besteek ere atera nahi badute nor aterako dugu dantzatzera?' Subjektu aktiboak izan nahi zuten, eta guk objektu pasiboa izan behar genuen”.
Dokumentuaren akzioak


