Dokumentuaren akzioak
KIETB, pasioa erraldoiengatik
Konpartsako kide Ander Hormaetxea Yergak betidanik izan ditu gustukoak erraldoiak. 2010. urtean bere aitak erraldoi txiki bat egin ziola gogoratzen du, eta berak Izarra parkera ateratzen zuen jolasteko. Hormaetxeak 2016an ezagutu zuen Olatz Ibarra Santos konpartsako beste kideetako bat. Gonbidatu egin zuen bere etxera erraldoiak ikusten, eta orduan hasi zen Ibarraren zaletasuna ere.
2015ean Tartalo erraldoia egin zion Hormaetxeari Bego Bilbao bermeotarrak, eta 2017an Ibarrari Olatz arraunlaria. Eta, herrian ezaguna den Xixili txiki ere bazeukaten. Xixili txiki-rentzako bikotea ere sortu zuten, Peru arpoilaria. Modu horretara, jolas modura, erraldoiak kalera ateratzen ibiltzen ziren Hormaetxea, Ibarra eta Hormaetxearen arreba.
2016. urtean egin zuten lehenengoz, “modu informal” batean Izarrako jaiak: “Xixili txiki zen Izarrako jaien protagonista, eta nire beste hiru erraldoiak atera genituen. 2017tik aurrera Xixili txiki, Tartalo eta Olatz arraunlaria-gaz jarraitu genituen Izarrako jaiak antolatzen”. 2017ko irailean egin zuten, hortaz, KIETBren aurkezpen ofiziala.
10 eta 13 urte zituzten erraldoien munduan murgildu zirenean, eta azaldu dute gurasoen laguntza barik ezingo liratekeela gaur egun dauden lekuan egon. “13 urtegaz ez nintzen kontziente, jolas modura ateratzen ginen kalera”, dio Hormaetxeak. Gerora, gero eta arrakasta handiagoa hartzen joan ziren; gaur egun, herrian oso ezagunak dira.
2019an Eneko eta 2021ean Izarra erraldoiak gehitu zitzaizkien konpartsara, dantzariak biak. Aitor Calleja eskultore nafarrak egindakoak dira biak.
“Xixili txiki, Peru eta Izarra izan ezik, konpartsako kide bakoitzak bere erraldoia dauka, partikularrak dira, baina denen artean gozatzen ditugu”. Gaur egun, zortzi lagun inguru dira konpartsan. Dantzak ikasteko leku desberdinetatik etorritako pertsonen laguntza edukitzen dute. Taldekideak astean behin batzen dira entseguak egiteko, eta hamar dantza inguru dakiten arren, kalean “betiko hiruzpalauak” egiten dituztela diote. Ekitaldi berezietarako, hala ere, taldekideek asmatzen dituzte koreografiak, ematen dioten abestiaren araberakoa.
Umeen aurpegien poza ikusteak “merezi” duela diote, “euren ilusioa” da nagusi. Hala eta guztiz ere, Hormaetxeak dio “bere ilusioa” ere badela; “ekitaldiak ditugun aurreko gauean ez dut lorik egiten”.
Herrian bertan, ekitaldi asko eta askotan parte hartzen dute, eta gehiagora doaz. Eta, gero eta gehiago dira baita ere, herritik kanpo egiten dituzten irteerak: Bilbo, Zornotza, Gasteiz, Bergara, Ea… Horietara guztietara joateko gurasoen laguntza behar dute, “oso eskertuta daude”.
Izarrako jaiak. Elkarte modura eratuta daudenetik aukera daukate diru laguntzak eskatzeko. Ordurarte, euren poltsikoetatik ateratzen zuten gauzak antolatzeko behar zuten dirua: “Irteeretan ematen diguten dirua erabiltzen dugu,ekitaldietan itsulapikoak jartzen ditugu eta zozketak ere egin izan ditugu dirua batzeko”.
2021ean konpartsarako eskatutako Izarra erraldoiagaz diru asko gastatu dutela aipatu dute; “ia 1.300 euro dira, eta erraldoi txikia da”.
Zortzigarren urtez Izarrako jaiak antolatuko dituzte, abuztuaren 30etik irailaren 1era bitartean. “Gero eta jende gehiago mugitzen dugu. Saiatzen gara urtez urtez gauza berriak antolatzen, betiere, gure erraldoiak oinarri modura hartuta. Hala, horiei garrantzia ematen badiegu ere, garrantzitsua da guretzat umeentzat ekitaldiak antolatzea”. Hasita daude antolaketa lanetan, eta dena ondo baldin badoa “itzela” izango dela diote.
Aurrera begira konpartsa handitu gurako luketela aipatu du Ibarrak: “Gazteak animatu gura ditugu konpartsara batzera. Erraldoien mundua gustuko baldin badute, oso ondo pasatuko dute, eta probatzeko aukera ere badago. Guk argi geneukan gustuko genuela”. Instagram (KIETB_erraldoiak) bidez jarri daiteke eurekin harremanetan edo mezu bat idatzi daiteke kietb.erraldoiak@gmail.com posta elektronikora.
“Gauzak ondo baldin badoaz, erraldoi handirik ez, Bermeon baditugulako, baina erraldoi ertain-handiren bat egitea gustatuko litzaiguke, 3 metro ingurukoa”, dio Hormaetxeak. Horrelako batek 6.000 euro inguru balio du: “Diru asko bada ere, saiatu egingo gara”.
Herriko umeei erakutsi gura diete mota askotako erraldoiak daudela, tamaina desberdinetakoak: “Askok ez dakite erraldoi txikiak ere badaudela, eta oraindik bermeotar batzuek ez dakite herrian erraldoien bi talde daudela. Nahastea dago oraindik ere”. Horregatik, herrian erraldoien bi talde daudela gogorarazi gura dute; batetik, erraldoi txikiena KIETB, eta, bestetik, Bermeoko Erraldoien Konpartsa, erraldoi handiena.
Lan “asko” bada ere, “gogotsu” jarraituko dute, egiten dutena ilusioz egiten dutelako.
Dokumentuaren akzioak