Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kepa Ogiza: “Espektakulua bilatzen dugu Dantza Agerketan”

Dokumentuaren akzioak

Kepa Ogiza: “Espektakulua bilatzen dugu Dantza Agerketan”

Irailaren 18tik 20ra bitartean ospatuko da Euskal Herriko dantza autoktonoen topaketa. Ekimen honen atzeko lanaren nondik norakoak jaso ditu GEURIAk Kepa Ogizaren eskutik.

1972. urteaz geroztik Basaurik Euskal Herriko Dantza Agerketa antolatzen du eta aurten 43. edizioa ospatuko da irailaren 18tik 20ra.
Egilea
Maider Ibañez
Komunikabidea
Geuria
Tokia
Basauri
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/09/15
Lotura
Geuria

Jende askok ezagutzen du dantza jaialdi hau gure eskualdean, baina gutxi batzuek besterik ez, barruko lana. “Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeak elkartzen gara Euskal Herriko Dantza Agerketa prestatzeko. Apirilean hasten gara lehenengo bilerak egiten eta herrialde bakoitzetik zein dantza talde ekar ditzakegun zehazten dugu”, dio Kepa Ogizak, antolatzaileetako batek.

Zazpi probintzietako dantza taldeen zerrenda laburtua egin ondoren, eurekin harremanetan jartzen dira. “Zerrendako lehenengo aukerak ezetz esaten badigu, bigarrenera jotzen dugu. Zenbait talderekin arazoak izaten ditugu, askotan data kontuagatik ezin dutelako Basaurira etorri”, dio Ogizak. Esate baterako, Zumarragako dantza taldearen atzetik ibili ziren denbora luzez, etortzeko aukera izan zuten arte. Horiek horrela, “talde bat finkatuta dugunean, gainontzekoak lotzen ditugu”.

Horretarako irizpide batzuk jarraitzen ditu antolakuntzak: “Nahiko zaila izaten da zein dantza talde ekarri nahi ditugun adostea. Baliteke talde batek dantza ikusgarririk ez egitea, orduan beste herrialde bateko talde bat bilatu behar dugu, ikusgarritasun eta erakargarritasun hori duena”. Era berean, dantza ezberdinak ekartzea da beste irizpideetako bat: “Ezin ditugu bi soka-dantza edo beste hainbeste ezpata-dantza ekarri. Ezberdinak izan daitezen saiatzen gara, baita gizonen eta emakumeen arteko oreka mantentzen ere”. Azken finean, “espektakulua bilatzen dugu Euskal Herriko Dantza Agerketan, ezberdina, erakargarria eta ikusgarria izan dadin”, dio Ogizak.

TELOIAREN ATZEKO LANA

Hurrengo pausoa, Basaurira etortzen direnean Bizkotxalde parkean eurekin elkartu eta egitaraua adostea izaten da. “Nahiz eta dantzen hurrenkera aurretik adostuta izan, hona etorri eta azken momentuko aldaketaren bat egin behar izaten dugu. Guk aurkezpenak eta proiekzioak prestatzen ditugunez, dena lotuta izaten dugu eta zati batean aldaketak egonez gero, atzetik datorren guztia ere aldatu egin behar dugu”, azaldu du Ogizak.

Ondoren, antolakuntzako bi lagun arratsalde osoz egoten dira Euskal Herriko Dantza Agerketan parte hartzen duen talde bakoitzarekin, “kalejira egin bitartean, ikuskizuna martxan dagoenean eta hau bukatzen den arte”.

100 LAGUNTZAILE INGURU

Basauriko dantza talde bakoitzeko bi lagun aritzen dira antolakuntza lanetan apiriletik aurrera,
baita Joseba Ibarra aurkezlea eta Iñaki Irigoien euskal folklorean aditua ere”, dio Ogizak.

Agerketaren egunean, ordea, kopurua ugaritu egiten da: “Basauriko dantza taldeetako berrogei pertsona inguru aritzen dira Agerketaren egunean laguntzaile bezala, baita Herriko Taldeakeko hogeita hamabost bat lagun -koadrila bakoitzeko bi pertsona gehi zuzendaritzako kide batzuk- eta Basauriko Txokoetako hogei lagun ere, gutxi gorabehera”. Azken hauek larunbateko jardunaldiko afaria prestatzen dutela azaldu du Ogizak. Horiek horrela, guztira ehun lagun inguru mugitzen ditu laguntzaile lanetan Euskal Herriko Dantza Agerketak. Horri, gainera, Euskal Herri osotik etorritako ehunka dantzari gehitu behar zaizkio.


“EUSKAL HERRIKO DANTZA AGERKETAN EURIA DA GURE ARERIO BAKARRA”

Guk nahiago dugu Euskal Herriko Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean ospatzea, dantza autoktonoak erakusteko lekurik aproposena plaza baita eta, gure ustez, Social Antzokian egitean galdu egiten du xarma hori”, dio Kepa Ogizak. “Eguraldia da gure arerio bakarra. Dantza Agerketa ospatuko den aste horretan etengabe gabiltza eguraldiaren mapari begira”.

Muntaketa lanei dagokienez ere, ezberdina da prestaketa: “Bizkotxalde parkeko eszenatokia prestatzeak denbora gehiago behar duen bitartean, Social Antzokian, besteak beste, argiak dagoeneko jarrita daude”, dio Ogizak.


 

Dokumentuaren akzioak