Dokumentuaren akzioak
Kepa Illarreta dantza-maisua omenduko du bihar Dantzarien Biltzarrak
Donostiako Aiete eta Amaran ia hogei urtez jardun da irakasten. Hernanin egingo zaio omenaldia
Oraindik bete-betean sartuta dago dantza sueltoaren munduan, epaile lanak askotan egiten dituelarik. Dantzatzeko trebezia galdua du hala ere: «Tabakoaren ondorioz hanketako zainetan ez dut zirkulazioa oso ongi, eta zangoek ez diote buruari obeditzen», adierazi digu. Etxean izan du ondorengorik. Bi alaba izan ditu lehen mailako dantzari. Handiena, Amaia, hiru aldiz izan da Euskadiko txapeldun, Antxon Mendizabalekin batera, eta bestea ere, Miren, ederki nabarmendu da txapelketetan-eta.
Omenaldia Hernanin izango da. Eguerdiko 13:30etan harrera egingo zaio herriko plazan, eta gero, Saretxo jatetxean, 175 bazkaldar bilduko dira.
Iñaki Iberoren ikasle
1937an jaio zen Kepa Illarreta, Aieteko Gurugu etxean. Mutikotan Salleko dantza-taldean ari izan zen, Iñaki Ibero izan zuelarik irakasle. 1963an ezkondu eta, handik gutxira, Aieteko gazte batzuek eskatuta, dantza-maisu hasi zen. Gauez egiten zuen lan hori. Hasierako ikasle haietatik, bi bikote oso goiko mailara iritsi ziren, helduen txapelketetan ere aritu baitziren.
Urte batzuk geroago haurrei eta gaztetxoei hasi zen irakasten, larunbat eguerdietan; hasieran, Aieteko parrokian, gero Jesuitinetan. Kaseterik ez zuenez, berak kantatuz irakasten zituen dantza-pausoak.
Dantza zaletasuna gehiago zabaldu nahian, bere ikastaroetara joaten ziren haurren gurasoekin batera irteera antolatzen zuen urtean behin, adibidez Urbasa aldera eta Nafarroako Ezkurrara.
Sukaldari moduan ere nabarmendu da. Bai Aieteko bai Amara Zaharreko bazkari eta afari herrikoi jendetsuetarako sarri egin ditu sukaldari lanak.
Hamabi bat urte zituela, eskola utzi eta lanean hasi zen, lehenbizi aroztegi batean. Gero Michelín enpresan aritu zen, eta gaseko kontadoreak irakurtzen. Ondoren errepresentate moduan egin zituen urte batzuk, aurrena txorizoak saltzen, gero drogeriako produktuak. Gaur egun jubilatuta dago.
Dokumentuaren akzioak