Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kepa Artetxe: 'taldekideen militantzia da dantza-taldearen adorea'

Dokumentuaren akzioak

Kepa Artetxe: 'taldekideen militantzia da dantza-taldearen adorea'

Egilea
Saioa Torre Gereketa
Komunikabidea
Bizkaie
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/03/03

1.- Taldearen nondik-norakoen ganean berba egin baino lehenago, sorrerea gogoratuko dogu. Zelako momentuak izan ziran hareek?



Orain 50 urte Euskal Herria Franco generalaren erregimenaren menpean biziten saiatzen zanean, modu ironikoan, erregimenarena berarena zan “Acción Catolica” izeneko instituzinoaren inguruan hasi ginan Galdakaoko dozena bat gazte euskal dantzak ikasteko eta plazaratzeko alkartzen eta ensaietan.



Momentu haretan (eta gaur egunean be), euskal nortasuna eta kontzientzia historikoa mantendu ahal izateko, dantza talde bat aurrera atara ahal izatea oso garrantzitsua zan. Ensaioetan, ganera, ederto pasetan genduan alkarren artean. Dantzak ikasteko Bilboko Gaztedi eta Dindirri taldeetako maisuak ekarri ebazan Galdakaora gure orduko arduraduna zan Sabino Larreak. Dantza- eta doinu-maisu asko euki genduzan eta guztiek egindako lana eskertzekoa eta aitatzekoa da; batenbat aitatu beharko bageunke, Txelu Etxebarria aitatuko geunke, baita berak argitaratu eban “Bizkaiko Dantzak” liburua be.



Maisuak topeteak, ensaioetako izerdiek eta antolaketarako ahalegin guztiek euren frutua emon eben eta handik urte pare batera lehenego saioak euki genduzan Galdakao bertako auzoetan.



Teknika aldetik, jazkera aldetik... konparetan badoguz, hasierako saioak aurrerago egin izan doguzanak baino “eskastxuagoak” ziran, baina hasierako urte hareetan dantzarien artean eta herrian egoan grina eta gogoa oso handiak ziran, baina kultura tradizionalaren ganeko jakinduria askorik ez. Euskal Herrian asko aldatu da hau: gaur egun, euskaldun askoren pasinoa eta gogoa moteldu egin dira, ikerketa ugari egin arren. Neurri baten, egoereak bueltea emon dau: lehen gogo asko eta "zientifikotasun" gitxi; gaur "zientifikotasun" gehiago eta gogo gitxiago.



2.- Zein izan da ordutik honako eboluzinoa taldekideei eta baliabideei jagokenean?



Hasieran, euskal kultura eta identidadearentzat babes moduan sortu zanak, 70. hamarkadan beste bide bati be ekin eutson: Juan Antonio Urbeltz folkloristeak ekin eutson gure kultura tradizionalaren ikertze lanari, hain zuzen. Honek, plazaratu aurretik, dantza mueta bakotxaren inguruan pausu, doinu, jazkera... ondo ikertu eta zaintzen ebezan. Horrezaz ganera, Euskal Herriko leku ugaritako dantza batzuk errekuperetako lana egiten be hasi ginan. Eta ordutik, hau izan da gure lanaren ildoa.



Bidean maisu asko ezagutu doguz, asko irakatsi eta lagundu deuskuenak. Ez dot izenik aitatuko, baten bat ahaztu egin ahal dodalako. Baina benetan, guzti guztiei bihotzez eskertzen deutsegu eurek irakatsi euskuena.



Taldea sortu zanean, parrokiako lokaletan ensaietan genduan, baina handik bota egin ginduezan. Guk ez geunkan dirurik eta, orduan, Pontzi Zabalak bere etxeko garajea itxi euskun ensaietako eta berari esker bizirik iraun ahal izan dau taldeak. Gero, Elorriaga familiak eukan baserri batera joan ginan, harik eta taldeari loteria tokau eta Galdakaoko Juan Sebastian Elkano kalean lokal bat erosi ahal izan genduan arte (dana dala, lokala osorik pagau arte, hainbat urtean atzerrira urten ezinik egon ginan). Gaur egunean, saioetako izerdiakaz pagauta hiru lokal daukaguz, danok eta dana kabidu ahal izateko: dantzarien ensaioak egiteko lekua, musikoen ensaioetarakoa, erropak, dantzarako eta saioetarako materiala, dokumentazino laneko grabazinoetarako bideoak eta doinuak, liburutegia, tresneria eta musika tresnak egiteko tailertxua…



Taldeak be, urteakaz batera, eboluzionau egin behar izan dau eta baliabide teknikoei jagokenez, gaurkoratu be bai: argiak, tresna audiobisual digitalak, dokumentazioaren informatizazinoa...



3.- Dantzea beti lotu izan da tradizinoagaz eta, zoritxarrez, antxinako usadio asko galtzen doaz. Denporeak kalte ala mesede egin deutso taldeari? Zenbat persona zagoze orain guztira?



Denporeak heldutasuna eta esperientzia emoten deutsoz talde bati eta hau ona dala esan geinke. Heldutasuna eta esperientzia persona gazteagoek dakarren indarra eta freskotasunagaz batzen danean, nahaste horretatik sortzen dan taldearen berezitasunak oso onak dirala esan geinke.



Momentu honetan 70 persona gagoz “nagusien” taldean eta 150 “txikien” taldean. Dana dala, egia da bizi garan garaiak gero eta gatxago egiten dauala dantza taldeen biziraupena: alde batetik, personak gero eta estresatuago eta arduratuago bizi gara: ikasketak, praktikak, lanean hasi ostean ikasten jarraitu beharra, erreleboetan lan egin beharra… Eta horrek gatx egiten dau ensaioetara etortea. Beste alde batetik, herriko jaietan gero eta gitxiago deitzen dabez dantza taldeak eta gero eta gitxiago zaintzen da arlo hau instituzinoen aldetik. Gure ustez, euskal kultureak eta euskal nortasunak iraungo badau, ezinbestekoa da kultura tradizionalaren inguruan lanean gabilzan taldeok be laguntzea eta gure presentzia eta eragina indartzeko neurriak imintea.



4.- Dantza talde ugari dagoz Euskal Herrian. Zeintzuk dira Andra Mari Dantza Taldearen ezaugarriak eta bereizgarriak?



Andra Mari Dantza Taldeak dantza eta ospakizun tradizionalak batu dauzan moduan erakutsi gura ditu, gure erroak ondo ezagutzen laguntzeko modurik egokiena dala iruditzen jakulako. Gaur egun, dantza taldeetan dantzak euren osotasunean egiteko bildurra edo dagoala dirudi (kantsagarritzat joten diralako edo), baina guk uste dogu gure herriak holan egiten baeban dantzan, holan plazaratu behar dogula.



5.- Galdakaon sortu arren, laster urten eban bertoko mugetatik Andra Mari dantza-taldeak eta Nazinoarteko Dantza Jaialdietan be parte hartu izan dozue, Galesen berbarako. Zelan sortu zan kanpora joateko ideia hori? Baegoan garai hareetan hara eta hona ibilteko baliabide nahikorik?



Ideia bera, goian aitatuko Sabino Larrearen buruan sortu zan. Akaso, orduko denporatan Europarentzako "ostenduta" egoan Euskal Herri hau plazaratzeko asmoagaz, faxismoak bahituta eukan kulturea erakusteko.



Baliabide askorik ez egoan, ez, baina Sabinoren gogoak eta taldekideon militantziak harresi guztiak gainditu ebazan.



Gaur egun be, gauzak ez dira lar aldatu: gure kulturea bahituta egon beharrean, urre gorrizko kaiola baten bizi dala esan geinke; urre gorrizkoa, baina kaiolea; eta Sabino Larrea baten faltan (g.b.), taldekideon militantziak bultzatzen dau taldea gorantza, harresiak gainditzeko; holantxe lortzen doguz baliabideak.



6.- Dantza-taldearen 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dozuez urte osorako. Bateren batzuk nabarmentzekotan...



Gure arima kulturalarentzako: erromeriak berbiztutea; atzo, gaur eta biharko Andra Mari taldearen jaialdi nagusia ("beteranoak", geu eta txikiak dantzan); Euskal Herriko talde-lagunakaz egingo dogun jaialdia; nazinoarteko taldeakaz hartu-emonak (Inauteriak Bulgariarrakaz, Maiatzeko erreginak Eslobakiarrakaz, San Juanak Serbiarrakaz...); herriko umeakaz ospatutako Urte barria eta Errege Eguna...



Gaur egun hain ezagun diran ikuskizun handien ikuspegitik: urtarrilean ETBn zuzenean ikusi zan dantzatutako mezea; Urrian, Euskalduna Jauregian (gure 50 ure honeetako bidean lagun izandako kantari eta dantzariakaz) ospatuko dogun jaialdia; abendurako preparetan gagozan gaur egungo euskal musikearen jaialdia...



Baina gauza bat esan behar dogu: guretzako dan-danak dauka interes bardina; lehenagoko gauza "txikiak" eta gaur egungo ikuskizun "haundiak", ze gure taldea eta gure jentea atzokoa eta gaurkoa da.



7.- Garagarrilean Boisera zoaze, Jaialdi 2005ean parte hartzeko. Zelako harrerea eukiten dozue nazinoartean?



Sano ona beti, eta ez gu garalako bakarrik. Guk beti esan dogu Euskal Herriko edozein talde serio batek (ondo ensaiatu eta landutakoak) itzelezko harrerea eukiko dauala munduko edozein lekutan. Gure arbasoek sortu, zaindu eta transmitidu deuskuena da altxorra, ez geu.



Boisen eukiko doguzan ikusleak euskal zuztarrekoak dira eta harrerea ona izango dala badakigu.



8.- Euskal Herri luze-zabaleko dantzak eskaintzen dozuez zuen ohiko ekitaldietan. Zelan izaten da ikasketa-prozesua?



Gauzak ondo egin gura diranean, ikasketa-prozesua nahiko gogorra izaten da, behintzat herritik zuzenean hartu behar danean: lehenengo, ordu asko pasau behar dira herriko zaharrak entzuten, datuak batzen...; gero, ensaiau, estiloa hartu, musikea landu... ; azkenean, gure zaharrentzat berezkoa zan gune berezi eta ia magiko baten batu behar gara musikoak eta dantzariak.



Beste talde baten eskutik ikasten danean, arlo teknikoa errazagoa izaten da, ensaietako orduak bardinak izaten diran arren.



9.- Ensaioak, behin eta barriro pausu bera eta dantza bera egin beharra, domeka goizetan ekitaldi ugari... gazteek atzera egiten dabe hau guztiau jakiten dabenean?



Hori aldrebesko gurdi baten modukoa izaten da: idiak (gaur egun bizi dogun giroak) atzerantza egiten dau, eta gurdiak (taldea eta bertako dantzari eta musikoak) aurrerantza. Badakigu nahiko gatxa dala hori ulertzea, baina holan da.



10.- Ohitura zaharreko ospakizun erritualak indartzeko be, egutegi berezia antolatu dozue. Zeintzuk dira egun horreek? Ohitura honeek galtzen dagozala uste dozue?



Asko, galtzen barik, galduta dagoz honezkero (herrietan behintzat). Dana dala, guk uste dogu urteokaz barriro herriratzea (Galdakaon behintzat) lortzen goazala. Holan, Galdakaoko kaleetatik Santa Ageda, zezeilaren 4an, Inauteriak, Maiatzeko erreginak edo Maiak, San Juanak, Olentzeroa... ikusi leitekez. Ganera, uste dogu hemendik aurrera herriko umeakaz Urte barria eta Errege Eguna be egitea lortuko dogula.



11.- Non ikusten dozu taldea beste 50 urte barru?



Euskal arimearen baztertxu baten eta, aldi berean, mundu zabaleko plazatan.

Euskal Herriaren kontzientzia kolektiboan: gure arbasoen kantu zaharrak abesten eta gure Herriaren askatasuna dantzatzen; betiko moduan.

Dokumentuaren akzioak