Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kepa Ajuria: 'Francoren sasoian euskal nortasuna gorde eta indartzeko ezinbestekoak izan ziran jantza taldeak'

Dokumentuaren akzioak

Kepa Ajuria: 'Francoren sasoian euskal nortasuna gorde eta indartzeko ezinbestekoak izan ziran jantza taldeak'

Egilea
Dabi Piedra
Komunikabidea
Bizkaie
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/10/26
Lotura
Bizkaie

Galdakaoko Andra Mari jantza taldeak 60 urte bete ditu aurten eta ospakizunetan sartuta dabilz bertako kideak. Kepa Ajuria 1965etik dabil taldean eta, beraz, ibilbide luze horretatik mende erdia ezagutu dau. Gaztetxua zala hasi zan eta gaur egun bera da presidentea. Andra Marik sasoi baten berreskuratu zituan jantzez, taldeak pasautako zailtasunez eta gaur egun jantzeak daukazan erronkez egin dau berba.

 

1.- 60 urte bete ditu Andra Marik. Tarte honetan guztian, zein izan da taldearen ezaugarri nagusia?

Horrenbeste urte bete izana bada ezaugarri bat. Kultura arloan talde bat horrenbeste urtean beharrean egon izana bada berez aintzat hartzeko modukoa. 1955ean sortu zan Andra Mari, une gatx baten, eta 60 urte geroago taldea bizirik egotea oso inportantea da.


2.- Zein da zuen helburu nagusia?

Jantzea eta jantzearen inguruko guztia da gure zeregin nagusia. Gure belaunaldikook hasi ginan jantzak ikasten eta orain geuk erakusten deutsegu gazteei eta hasten dagozan umeei. Euskal Herri guztiko jantza muetak lantzen doguz eta musika arloan be musikariei erakusten ibilten gara musikariei zer joten dan jantza bakotxagaz. Erropak be inportanteak dira, jakin egin behar da jantza bakotxean ze erropa eroan behar dan.


3.- Beraz, zuek, jantzeaz aparte, euskal kulturako beste adierazmolde batzuk be aztertzen dozuez?

Bai, bai. Guk urtero egitarau zabala eukiten dogu, Santa Agedan hasi eta abenduan Olentzeroren egunera arte. Hemen lan handia egiten dogu Euskal Herriko musikak, ohiturak, tradizinoak eta abar berreskuratu, landu eta erakusteko.


4.- 1955ean, zelakoa izan zan Andra Mariren sorrerea?

Gazte talde bat hasi zan hau guztia martxan ipinten, eleizearen inguruan antolatuta. Eleizearen lokaletan batzen ziran. Hareek erabagi eben jantzak ikastea eta holan hasi zan taldearen ibilbidea. Gaztetxuagoak animau zituen jantzak ikastera, ni neu be holan hasi nintzan eurakaz. 1955ean momentu gatxa zan, Francoren diktaduran. Hasikeran, zazpi urtez-edo, eleizearen lokaletan egon ginan, baina gero Frankismoaren une gogorrenak heldu ziran eta bota egin gintuen. Eleiza barruan danetariko eretxiak egon ziran, batzuk gure alde eta beste batzuk, kontra. Azkenean, gu handik botatea erabagi eben.

Galdakaoko persona berezi bat baegoan, Pontzi Zabala medikua. Hari eta haren familiari eskerrak emon behar deutsaguz, entseguetarako lekua itxi euskulako. Sei-zazpi urtez bere lonjea ez baeuskun itxi, seguruenez gaur egun ez zan Andra Mari talderik egongo Galdakaon. Hantxe ibilten ginan, gure jantzakaz eta erropakaz Pontziren lokalean, oso inportantea izan da hori taldearentzat.


5.- Sasoi haretatik hona, Andra Mari taldea eta jantzea asko aldatu dira ezta?

Egoerea bai, duda barik aldatu egin da, ordukoa oso egoera gogorra izan zan. Gure lokalak euki arte, 18-20 urte oso gogorrak egon ziran. Jente piloa ibilten zan laguntzen, inguruan jente asko animau zan eta lan piloa eginda aurrera urten genduan. Herritarren laguntzinoagaz, lokala erosi eta orduantxe finkatu ginan. Ordutik, ikerketa lanean ibili izan gara, sasoi baten galduta edo ia galduta egozan jantza asko berreskuratzen. Gure helburuetako bat da Euskal Herriko jantza, tradizino eta musikak gordetea.


6.- 60 urtean zeintzuk izan dira zuen momenturik pozgarrienak?

Guretzat pozgarriena beti izan da gure ikerlanen bidez jantzak topau eta berreskuratzea. Esate baterako, gaur egun Altsasuko inauteriak bizirik dagoz guk egindako lanari esker. 1975aren bueltan Andra Mari Altsasun ibili zan lan piloa egiten. 1976an Altsasuko frontoian erakutsi genduan bertako inauteria eta herriko jentea harrituta geratu zan. Auritzen be, galdutako jantza batzuen barri euki genduan. Hango jente  nagusiari galdetuta eta Jose Anjel Irigarai historialariagaz batera, jantza hareek barriro plazara atara genduzan.

Oso pozik gagoz, ganera, Arratiako ondareari egin deutsagun ekarpenagaz. Arratiako jotak edo erromeria zaharrak berreskuratzen lan piloa egin dogu. Pausu asko galduta egozan, taldeak ikusten genduzan jotearen hiru pausu eskas egiten eta guk pentsau genduan han baegoala beharrizana. Sakon sartu ginan han. Behar asko egin genduan, baina polita.




7.- Gaur egun segiduten dozue ikerlan hori egiten, jantza zaharrak berreskuratzen?

Bagabilz bai, baina ez asko, gehiena dokumentauta dagoalako dagoeneko. Gehiena eginda dago arlo horretan. Orain jokerea modernoagoa da, jantza barriak asmau-eta. Jantza zaharrek eurek, egiteko beti zeozer dagoan arren, ez dabe lan handirik behar. Dokumentauta dagoz, bideoak dagoz, edonork ikusteko moduan.


8.- Gaur egun zenbat kide dagoz Andra Mari jantza taldean?

Gitxi gorabehera, 200 persona gagoz. 80 inguru gara talde nagusian, jantzariak, musikariak eta abar kontuan hartuta. Txikien edo umeen atalean, 120 neska-mutil inguru dira.


9.- Belaunaldien arteko zubilanari garrantzia emoten deutsazue?

Bai, ze azkenean gazteak dira etorkizuna. Eta ez da erraza, gazteek gaur egun gauza piloa daukiezalako egiteko, egun guztia daukie okupauta eta guretzako astirik ez daukie. Baina hor gabilz, amore emon barik. Jente barria taldera etorri daiten animetan segiduten dogu.


10.- Zer eskaintzen dau, ba, Andra Marik?

Eskoletan eta ikastoletan ibilten gara gure barri emoten. Ikastaroak antolatzen doguz eta urtean zehar eskolaz kanpoko klase batzuk be emoten deutseguz umeei. Ganera, San Juanetan edo inauterietan jantzan egiten ataraten doguz gazteak, jantza bakotxa zelakoa dan eta zer egin behar dan azaltzen deutsegu. Bide horretatik joan behar dau gure lanak. Urteroko egitarauan parte hartzen dabe gazteek eta gehienak holan animetan dira izena emotera.


11.- Sasoi baten, plazetan jantzan ibiltea ohikoa izaten zan, modu naturalean hasten ziran han gazteak jantzan. Gauzak aldatu egin dira, zuk zelan bizi dozu hori?

Aldaketa handia egon da, bai. Gazteek zeregin asko daukiez gaur egun eta, agian, jantzea maila bajuago baten ikusten dabe. Jaietan eta ospakizunetan jantza taldeak gitxiago ikusten dira eta hori bada Udalen ardurea be. Lehen, herriko jaietan beti jantza taldea ikusten zan eta orain ez da holan. Gure denporetan beti egiten zan jaietako Meza Nagusia eta ostean jantzariak ez ziran falta, musika-bandea be egoten zan. Gaur egun, jantza-taldeak herrietako jai-egitarau nagusitik desagertzen doazala ikusten dot.


12.- Euskal jantzen egoerea zelan ikusten dozu?

Nik uste dot nahiko txarra dala panoramea. Beste jantza talde batzuetako arduradunakaz berba egiten dot sarri eta danok antzeko arazoak daukaguz: Jentea animetako, gazteak erakarteko arazoak. Horretan sakondu egin beharko da, urtenbideren bat topetako. Pena handia emoten dau horrek, ze orain dala 40 urte eta gehiago, jantza taldeak izan ziran, mendizaleakaz batera, gizartearen indarra batzeko lekua, Frankismo sasoian euskal nortasuna gorde eta indartzeko ezinbestekoak izan ziran. Gaur egun hori ahaztu egin da, ikusi egin behar da gazteek zergaitik ez daben sentiduten geurera etorteko nahia.


13.- Edozelan be, zuek 200 kide daukazuez; egoerea aldatu dan arren, zuek ondo aguantau dozue eta 60. urteurrenera heldu zarie. Zein izan da horrenbeste irautearen sekretua?

Batez be ikerketa lanagaitik izan da, horrek bultzadea emon deusku. Gure leloa beti izan da lan egitea eta egindakoa jenteari emotea. Ganera, Galdakaon guk badaukagu urte guztiko egitaraua, sarritan daukaguz ekintzak herrian eta holakoakaz jentea animau egiten da gugaz etorten, gugandik ikasten. Igaz, beste alde batetik, 44 urteera egin genduzan atzerrira, Europan-eta ibili ginan eta gazteentzat hori pizgarria da, kanpora urten leikeelako, jaialdi handi batera edo atzerriko hamar-hamabi herrialdetako taldeak ezagutzeko eta beste kultura batzukaz lan egiteko. Gure kideek beste herri batzutako jenteagaz hartu-emona daukie, egin doguzan birei esker.


14.- Urriaren 30 eta 31n Musika Bizian jaialdia egingo dozue Galdakaon. Estadurik bako kulturen topaketa horretan, Bretainia, Irlanda eta Euskal Herriko musikariak entzun ahal izango dira. Bigarrenez antolatu dozue, ze helburugaz?

Igaz hasi ginan jaialdi hau egiten, ikusten gendualako Galdakaon holako zeozer faltau zala. Galdakao ezaguna da perretxikoakaitik, Peña Santa Cruz taldeak jardunaldi mikologiko ezagunak egiten ditu eta gastronomiaren arloan indar handia dauka. Galdakao denpora gitxian asko hazi da eta, bizi dan jente kopurua kontuan hartuta, ikusten genduan kulturan hutsunea egoala, zeozer faltau zala. Andra Mari taldeko lagun batzuk batu eta pentsau genduan ia zergatik ez kultureagaz lotutako jaialdi bat antolatu, musika jaialdi bat. Maiatzean egin genduan lehenengoa baina data hori ez dala egokiena ikusi genduan. Jente gazte asko dago eta asteburuetan kanpora joaten dira, gurasoen etxera, bigarren etxebizitzara eta abar. Orduan pentsau genduan urriaren azken asteburura aldatzea. Holan, Perretxiko Egunagaz bat egiten dau gure hitzorduak eta dana batera ospatzen dogu. Gure asmoa da datorren urtean barriro egitea, egun gehiagoko egitarau bategaz eta talde gehiagogaz.


15.- Bestetik, zemendiaren 21ean, Atzoko, gaurko eta biharko Andra Mari izeneko ikuskizuna egingo dozue. Zelakoa izango da?

Bost urtero egiten dogu. Taldean egon dan jentea animetan dogu jantzan egitera, gugaz batera. Holan, ume txikietatik hasi eta 70 urtetik gorakoetara, askok egingo dabe jantzan. Uste dot nagusiena 73 urteko bat izango dala. Hasi gara entseguak egiten dagoeneko. Moltsoka egiten gabilz entseguak eta, holan, egunean bertan, jantza asko egingo doguz, txikietatik hasi, nagusitxuakaz segidu eta holan, beteranoakaz amaitu arte. Musikariakaz bardin, ze jantzariak eta musikariak batuko gara.

Dokumentuaren akzioak