Dokumentuaren akzioak
Kemen Dantza Taldearen urrezko ezteiekin dator 'Hondarribia Dantzan'
Beste urte batez hemen da Kemen Dantza Taldearen eskutik 'Hondarribia Dantzan'. Aurtengoa, gainera, edizio berezia izango da, izan ere, Irun eta Hondarribiko dantza taldea sortu zeneko 50. urteurrena betetzen ari da. Hori dela eta, «egitarau oparoa osatu» dutela diote antolatzaileek.
Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak aipatu duenez, «aurten ere 'Hondarribia Dantzan' gure artean daukagu. Eskerrak eman nahi dizkiet Kemen Dantza Taldeko kide guztiei gure kulturaren alde egiten duten lan guztiagatik. Egitarau ederra prestatu dugu eta dei egin nahi nieke herritarrei eta gure artera etortzen diren guztiei programazio zabal honetaz gozatzeko».
Silanesek gogoratu du nola «dantzaren eta, oro har, folklorearen inguruko festa den aurten hamazazpigarrenez ospatuko den 'Hondarribia Dantzan'. Bertan hezkuntza eta alde ludikoa barneraturik daude. Kemen Dantza Taldearen helburu nagusienetako bat bailaran hainbat ekintza kultural sustatzea izanik, 'Hondarribia Dantzan' ere ildo horren barnean kokatzen dugu. Bestalde, zer esanik ez, euskal kultura dantzatuaren zabalkundearen alde lan egin ahal izateko bidea ere bada».
Egitarauaren lehen eskaintza Zuloaga Etxean dago ikusgai atzotik larunbatera arte, '50 urte, 50 une' erakusketa, hain zuzen ere.
Bigarren proposamena bihar iritsiko da: hainbat belaunalditako taldekideen laguntzarekin mahai ingurua egingo dute '50 urteri begira' izenburupean. Kultur Etxean izango da, 19:00etatik aurrera.
Asteburua iritsita, dantzak berak izango du protagonismoa. Ostiralean, 19:00etan hasita, erromeria izango da Santa Maria Magdalena plazan.
Larunbatean, berriz, Kemeneko eta taldearen harrobia osatzen duten Adaxkako dantzarien artean prestatutako emanaldia izango da Itsas Etxea auditorioan, 19:00etan. Sarrera doan da, baina gonbidapena eskuratu behar da Arma Plazako turismo bulegoan edota tickets.kutxabank.es web orrian.
Dantzari Txiki Eguna
Azkenik, igandean Dantzari Txiki Eguna izango da. Adaxkako dantzariekin batera, Iruñea, Tolosa eta Hendaiako taldeak izango dira gonbidatuak. Guztira 150 dantzari gazte inguru aurreikusten dituzte antolatzaileek: «Egitarauan nagusitasuna jasoko duen ekimena izango da hau, bai eskualdeko agendan zein Euskal Herri mailan zabaldu eta kultur agendan kokatzea da asmoa». 11:00etatik aurrera herrian zehar ibiliko dira dantzan, eta 12:30ean saioa eskainiko dute Arma plazan, edo Soroetako frontoian, eguraldi txarra egingo balu.
Iragarritako emanaldietan 50. urteurrenerako diseinatutako kamisetak egongo dira salgai.
Dokumentuaren akzioak