Dokumentuaren akzioak
'Kem cho', Portugalete
Indiako, Irlandako eta Mexikoko dantzak bat eginik abiatuko da, gaur, Nazioarteko Folklore Jaialdia
Azken hiru herrialdeetako ordezkariek hasiko dute, gaur, Euskal Herriko folklore festaldirik handiena: Indiako Mrudang Art konpainiak, Irlandako Rahan Branch konpainiak eta Mexikoko Guadalajara hiriko Folklore Baletak. Zubi Alde kiroldegian eskainiko dute folklore emanaldia, 22:00etatik aurrera.
Khusbu Patel dantzari indiarrak zuzentzen du Mrudang Art Academy. Oso gazte zela hasi zen dantzan, lau urte besterik ez zituela. Indiako gaztetxoek haien herriko folklorea dantzak eta abestiak ikas eta zabal ditzaten sortu zuen egun Indian arras ezaguna den Mrudang Art Academy. Dangi eta Danglile izeneko dantza bi taularatuko ditu gaur konpainiak. Patelek esandakoaren arabera, Indiako herrialde bitan, Dangen eta Radestanin, herritar xumeek egin ohi dituzten dantza bi dira: «Jantzi apalak erabiltzen ditugu dantza biak interpretatzeko. Izan ere, herritar txiroen dantzak dira biak. Herritar txiroak, baina zoriontsuak, eta horixe bera eskatzen diote Jainkoari: zoriontsu izaten segitzeko kemena».
Mutilek zein neskek egiten dute dantzan. Hortik aparte, Garba eta Huddo dantzak ere eskainiko dituzte Portugaleten. Khusbu Patel Euskal Herrian dagoen aurreneko aldia da, baina euskaraz kaixo eta agur esatera ausartu da. Guri ere indieraz berba batzuk irakatsi dizkigu: kem cho (kaixo) eta avjo (agur).
Dantza beste miresten du musika talde irlandarrak
Orain zazpi urte berriz sortu zuen John Caffeyk Rahan Branch folklore taldea. Irlandako erdialdeko taldea da; inguru horretako zenbait familiak osatutako konpainia. Urte gutxian itzelezko arrakasta lortu dute Irlandan, eta Europako gainerako herrialdetara zabaltzeko asmoa agertu dute. «Dantzari ez ezik, musikari ere garrantzi handia ematen diogu; horren ondorio dira, nire ustez, urte gutxian metatu ditugun sari eta lorpenak», adierazi du Caffeyk.
Hogeita bi dantzari eta hamabost musikari etorri dira Portugaletera. Soilik instrumentalak diren lanak interpretatzeaz batera, Irlandako dantza tradizionalen erakustaldia egingo dute. Hiru bakarlarik, gainera, ahotsa jarriko diete Irlandako erdialdeko usadio eta sineskerei. Sekula ez dute saiorik eskaini Euskal Herrian; ez dakite, beraz, bertako jendeak zer nolako harrera egingo dien oholtzara igotzean. Baina Euskal Herriak Irlanda bera dakarkie gogora: «Menditsua, berdea eta lainotsua da Euskal Herria hemen izan diren egun bietan hodeiek estali dute zerua, eta oraingoz etxean sentitzen gara», adierazi du James Hoganek, taldeko koreografia zuzendari gazteak.
Urriko festak ospatzen dituzte Mexikoko Guadalajara hirian. Artista ezagunekin ekitaldi asko antolatzeaz gain, munduko herrialdeetako folklore taldeei bertaratzeko gonbita egin ohi diete. Portugaleteko Elai Alai taldea izan zen Guadalajaran iaz. Hantxe ezagutu zuten Guadalajarako Udaleko Folklore Baleta, eta aurretik mexikarrek egin bezalaxe, haien herrialdera, Euskal Herrira, etor zitezen proposatu zieten.
Jalisco estatuko tradizioei buruzko datu bilketa eta azterketa egin, eta horiek hedatzeko xedearekin, duela ia hamarkada bi sortu zen Folklore Baleta, 1984an. «Eginbehar horrek, baina, Mexikoko gainerako estatuetako folklorearen inguruko ezagutza lanaren atarian jarri zuen Baleta», azaldu du taldeko arduradun Gabriela Vega Cardenasek, «eta gaur egun, Veracruz, San Luis Potosi, Nayariz eta Michoacan estatuetako dantzak eta kantuak ere menderatzen ditu».
Munduko hainbat lekutako lurra geurearen aberasgarri
Munduko lurrak aberastuko ditu egunotan Euskal Herriko sustraiak. Gernikako arbolaren urtadarra landatuko dute jaialdiko antolatzaileek hainbat herrialdetako taldeek ekarritako lurrarekin. Floridako parkean ereingo dute kultura aniztasunaren hazia.
Dokumentuaren akzioak