Txistularien hotsek ernatuko dute herria, aitzineko bi egunetan egin duten eran. Gaurkoa, baina, azken diana izanen da, heldu den urtera arte ez baitute San Pedro jairik ospatuko Eskoriatzan (Gipuzkoa). Larunbatean bota zuten bestetako txupinazoa, eta, harekin batera, pregoia irakurri zuen Eskozap Zapatista taldeak. Ordutik, herriko kaleek besta usaina hartu badute ere, gaurko eguna berezia da herritarrentzat: euskal jaia.
Goizean, dianaren ondotik, Kuxkuxtu txaranga arituko da giroa alaitzen, eta sagardo eta talo postuak irekiko dituzte musika laguntzeko. Bazkaldu aurretik, 12:30ean, Gorosarri dantza taldea ariko da dantzan, trikitilari eskolako musikarien erritmoan. Dantza taldeko txikienek dantzatuko dute, baina ez da eguneko emanaldi bakarra izanen. Izan ere, arratsaldean, berrikuntza bat eskainiko dute helduen taldeko hemezortzi bat dantzarik. Orain dela urte anitz zigor dantza dantzatzen zuten plazan, zigor izeneko makila luze eta mehe batekin. Soka dantza mota bat zen, eta arintasunaren eta indarraren erakustaldi gisako baten moduan oroitzen dute herriko testigantzek. Urte anitz dira halakorik dantzatzen ez dela, eta, hortaz, gaur, Gorosarrik zigor dantza eguneratu bat aurkeztuko du plazan. «Gorosarri dantza taldea aspaldi sortu bazuten ere, azken urteetan nahiko geldirik egon da, eta duela urte batzuk pentsatu genuen zerbait egin behar genuela taldea indartzeko», kontatu du Dorleta Ezeiza Barrutiak, Gorosarri dantza taldeko kideak.
Irudietako arrastoak
«Taldea berpizteko zer egin pentsatzen ari ginela, iruditegi batekin egin genuen topo, eta hor jakin genuen duela urte asko zigor dantza egiten zutela gaurko egunez», azaldu du Ezeizak. Kontua zera da, inork ez zekiela nola dantzatzen zen, ezta zigor hori zer zen ere. «Hainbat elkarrizketa egin genituen herriko jendearekin, eta nola edo hala, lortu dugu jakitea eskuetan tresna batekin dantzatzen zutela, eta elementu hori lurra jotzeko erabiltzen zutela». Hori hala izanik, eurek ere objektu bat erabiliko dute lurraren kontra jotzeko: «Makila luze eta mehar batekin dantzatuko dugu, ondorioztatu baitugu hori zela zigorra». Irudietako arrastoei begira aritu dira luzaroan, eta «polita» iruditu zaie halako ekintza bat berreskuratu ahal izatea.
Ez zen idatzita geratu, ezta grabatuta ere, noski; hortaz, Gorosarriko dantza irakasleak hartu du pausoak sortzeko ardura. «Hemen askotan erabiltzen ditugun pausoak hartu eta dantza bat sortu du, betiere argazkietan-eta agertzen zenari begiratuta. Azkenerako, gaur egungo eta garai hartako dantzen arteko nahasketa bat izan da emaitza», argitu du Ezeizak.
Gaurko eta orduko dantzen artean hainbat desberdintasun egonen dira, eta horietako bat arropa izanen da. Euskal jaia «nahiko berria» dela erran du dantza taldeko ordezkariak, ikusi baitu zigor dantza dantzatzen zuten herritarrek ez zutela baserritar jantzirik soinean. «Gu, gaurko egunez, baserritarrez janzten gara, baina irudietan agertzen ziren dantzariak nahiko elegante eta kalez jantzita agertzen ziren».
Dantza hori ikusi aitzinetik, baina, herri bazkaria eginen dute gaur, gainerako egunetan ez bezala. Umeentzako parkea ere jarriko dute, Santa Marinan. Gero, arratsaldean, musikak hartuko du plaza, eta bata bertzearen gibeletik joanen dira musikariak kontzertuak ematen.
Udalaren egitarauaz gain, ordea, bada bertze eskaintza bat ere: txosnagunearena. Gatza eta berakatza: Aupa Eskoitza! lelopean ireki dituzte aurten txosnak, eta zazpi eguneko egitaraua osatu dute. Gaur, gauerditik hasita, etxeko DJak izanen dira, eta, ondotik, aditutakoen sari banaketa. 02:00etan agurra eginen diote kukumarruari —bestetako pertsonaia da—, eta paella jana eginen dute bukatzeko.