Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Katerin Artola: “Dantzaren munduan hausten ari da neska-mutil eskema”

Dokumentuaren akzioak

Katerin Artola: “Dantzaren munduan hausten ari da neska-mutil eskema”

Katerin Artola (Oiartzun, 2001) txikitatik aritu izan da dantza txapelketetan. 7 urte zituela parte hartu zuen lehendabizikoz soinu zahar txapelketa batean. Aurten, lehen aldiz, aurresku eta soinu zahar txapelketa mistoak egin dituzte Zarautzen eta Ordizian, eta biak irabazi ditu Artolak. Bide horri eutsi nahi dio etorkizunean; dantza zaletasuna baino gehiago izatea gustatuko litzaioke.
Egilea
Eider Goenaga Lizaso
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/21
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Aurresku Txapelketa Nagusia irabazi zenuen, irailaren 8an, Ordizian. Espero zenuen?

Espero, espero, inoiz ez da espero izaten. Baina, azkenean, hor dago egindako lan guztia. Urte osoan egindako lanaren emaitza dela uste dut. Oso-oso pozik nago.

Dena den, Ordiziakoa baino astebete lehenago, Zarautzen jantzi zenuen txapela. Esperantza emango zizun horrek, ezta?

Bai, Zarauzkoa izan zen nik egindako lehen txapelketa mistoa, eta gero etorri zen Ordiziakoa. Indarra eman zidan Zarautzen irabazteak; ondo ikusi nuen neure burua. Gainera, hain tarte txikian, ia-ia ezin da entsegurik egin; beraz, aurrez urte osoan egindako lanean jartzen da konfiantza.

Nolako prestakuntza egiten duzue txapelketarako?

Luzaketak oso garrantzitsuak dira, eta baita iraupen fisikoa ere. Aurten, gainera, mistoa izanda, zailagoak izan dira dantzak, eta indar handiagoa behar zen. Hori nabaritu dut txapelketa hauetan; indar handiagoa behar da, eta aurrez landu behar da hori. Urtean zehar, bizpahiru entsegu egiten ditut astean; txapelketak hurbiltzen diren neurrian, berriz, egunero edo ia egunero.

Gipuzkoaren kasuan, lehen aldiz antolatu dituzte txapelketa mistoak.

Gazte mailan egin izan dira, baina helduen mailan Zarauzkoa izan zen lehena, bai.

Nola gauzatu da txapelketa bateratzeko pausoa?

Iaz zortzi neska eta 11 mutil aritu ginen Zarauzko Txapelketan. Antzeko kopurua zen, eta orduan iruditu zitzaien, hain parekatuta egonda, garai egokia izan zitekeela txapelketa mistoa martxan jartzeko. Kontua da mutil gutxiago aurkeztu dela bateratu ondoren.

Zure ustez, aspaldi eman beharreko pausoa zen neska eta mutilek batera lehiatzearena?

Bai, nik uste dut bazela garaia; iritsi behar zuen honek. Gainera, Bizkaian badira zenbait urte txapelketak bateratu eta mistoa egiten dela. Gipuzkoan, lehengo urtean hasi ziren txikiekin, eta aurten eman da pausoa maila guztietan. Aldaketa oso modu naturalean eta normalizatuan gauzatu da, ez da batere arazorik edo kexarik izan. Aldaketak etorri behar zuen, eta etorri da.

Nik urte asko daramatzat txapelketara aurkezten, eta, egia esan, neskek bagenuenez geure saila, dantzatzeko aukera bagenuenez eta dantzatzen genuenez, ez nion garrantzia handirik ematen neskak eta mutilak bereizita dantzatzeari. Garrantzitsuena zen dantzatu ahal izatea; berdin zuen neskekin, mutilekin… Neskak eta mutilak batera gaude orain, eta hobeto.

Txapelketa mistoa egiteko, mutilek tradizioz neskenak izan diren dantzak eta neskek tradizioz mutilenak izan direnak egin behar izan dituzue, ezta?

Hala da, bai. Soinu zahar dantza bat egiten da, batetik, aurreko urteetan neskek egiten genuena, eta gero beste bi dantza ere egiten dira, aurreko urteetan mutilenak zirenak: aurkez aurke dantza eta zortzikoa. Bakoitzak hiru egin behar ditu. Aurkez aurke dantza da dantza finko bakarra; koreografia ez du norberak osatu behar; beste bietan, sortu egin behar da dantza, eta horietan progresio bat izan behar du dantzak, errazetik zailera.

Euskal dantzaren munduan pixkanaka ari da aldatzen nesken eta mutilen arteko bereizketa hori: ezpata dantza, pordondantza…

Bai, gero eta gehiago ari da aldatzen. Lehen mutilen dantzatzat hartzen zirenetan normaltasunez ari gara sartzen neskak, eta baita mutilak tradizioz neskenak izan diren dantzetan ere. Zorionez, dantzaren munduan hausten ari da neska-mutil eskema hori.

Zenbateko garrantzia du halako txapelketa bat irabazteak?

Ametsa da. Oso txikitatik ibili izan naiz txapelketetan, eta betidanik izan da nire ametsa hau irabaztea. Dantzaren munduan hauxe zen nire helburua, eta lortu dut.

Noiztik zabiltza dantzan?

Hasi, hasi, 5 urte nituela hasi nintzen, baina 7 urterekin eman nuen izena lehenengo txapelketarako; orduan parte hartu nuen nire lehen soinu zahar txapelketan… Gaur arte.

Zein da zure hurrengo erronka?

Ordiziako txapelketan ematen duten Patxi Epelderen eskultura etxera ekartzea. Eskultura ematen dute txapelketa hiru aldiz jarraian irabaziz gero edo bost garaikur eskuratuz gero, eta, oraintxe bertan, hori lortzea da nire helburua.

Zarauzkoa eta Ordiziakoa irabazita, punta-puntan zaudela esan liteke. Dantza munduan zaletasuna izatetik harago irits zaitezkeela uste duzu?

Gustatuko litzaidake, baina oso-oso zaila da. Oso dantzari onak daude gaur egun, eta oso zaila iruditzen zait. Saiatuko naiz hala izan dadin, baina ez da batere erraza.

Azken urteotan gero eta joera handiagoa dago euskal dantza eta dantza garaikidea uztartzeko. Nondik zaude gertuago?

Dantza tradizionaletik gertuago nago ni. Horretan ibili izan naiz txikitatik, eta horrela jarraitzen dut. Gustatuko litzaidake dantza garaikidearen munduan pixka bat sartzea, baina niri gehiago gustatzen zait tradizionala.

Katerin Artola: “Dantzaren munduan hausten ari da neska-mutil eskema”

Dokumentuaren akzioak