Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Katerin Artola

Dokumentuaren akzioak

Katerin Artola

Euskadiko Aurresku Txapelketa Nagusiko txapela jantzi zuen Ordizian pasa den larunbatean, aurrenekoz partaidetza mistoa izan duen edizioan. Pozik dago oiartzuar gaztea, gogor lan egin baitu horra iristeko, askok uste baino gogorrago: «Niretzat dantza kirola da, edozein kirol bezain exijentea delako fisikoki eta psikologikoki».
Egilea
Amagoia Mujika Telleria
Komunikabidea
Naiz
Mota
Erreportajea
Data
2018/09/15
Lotura
Naiz

U me-umetatik dago Katerin Artola Telleria (Oiartzun, 2001) dantzari lotua. Oiartzunen hasi zen lehen pausoak ematen, baina Lezora egin zuen salto ondoren, Lurdes Esnaola dantzari eta jostunaren ondora. Azken urteak Esnaolarekin trebatzen eman ditu eta pasa den asteburuan, Ordizian, Euskadiko Aurresku Txapelketa Nagusiko txapela jantzi zuen.

Aurten lehen aldiz, gipuzkoar erara dantzatutako Euskadiko Aurresku eta Soinu Zahar txapelketak bateratu egin dira, eta partaidetza mistoa izan du txapelketak. Orain artean gizonezkoak alde batetik eta emakumeak bestetik lehiatzen ziren. Hiru izan ziren dantzari bakoitzak dantzatu beharreko dantzak; desafioa, soinu zahar bat eta zortzikoa.

0915_katerin1

Txapelketa mistoa izan den lehen urtean txapela jantzi izana oso berezia izan da oiartzuar gaztearentzat. «Oso pozik nago. Ordiziako txapelketa berezia da, oihartzun handia dauka. Eta mistoa izan den lehen urtean txapela janzteak sekulako ilusioa egiten dit», kontatu du.

Astea berezi joan zaio, eskolara buelta eta komunikabideekin egotea egokitu baitzaio. Baina ez du irribarrea galtzen. «Aste honetan ez naiz entrenatzen ari. Atseden hartu dut. Azken hilabetea gogorra izan da, ordu asko eta asko eman ditut entrenatzen, baina merezi izan du. Gainera, Lurdes min hartuta dago eta bakarrik asko aritu naiz». Ordiziakoa baino astebete lehenago Zarauzko Euskal Asteko Aurresku Txapelketa irabazi zuen, mistoa hori ere.

Katerin Artolaren dantzari ibilbidea sariz eta txapelez beteta dago, umetatik nabarmendu baita plazetan. Aurresku Txapelketan, adibidez, laugarren txapela du. Aurreko hirurak gazte mailan lortu zituen. Dantzatzeko moduagatik ez ezik, estilismoagatik ere sari dezente lortu ditu, jantziengatik. Eta horretan ere parte handia dauka Lurdes Esnaolak, berak josten baitizkio dantzarako erabiltzen dituen jantziak. «Ordiziako Aurresku Txapelketa gero eta zailagoa ari da jartzen, gero eta pieza zailagoak eta luzeagoak eskatzen dituzte, dantzaria gehiago luzitzeko eta publikoak gehiago gozatzeko. Horregatik, gero eta lan handiagoa egin behar dugu prestatzen eta entrenatzen. Nik, adibidez, pausoak hobetu eta hobetu aritzeaz gain, dezente lantzen dut forma fisikoa, oso garrantzitsua da-eta. Eta jantziek ere garrantzia dute. Mutilen kasuan, askoz jantzi arinagoak eta sinpleagoak eramaten dituzte. Gure jantziek, berriz, pisu eta bolumen gehiago izaten dute eta horrek zaildu egiten du dantza. Lurdesek sekulako lana egiten du nire jantziak ahalik eta arinenak eta erosoenak izan daitezen», kontatu du oiartzuarrak.

Ordiziako txapelketa erakusleiho polita da, euskal dantzan aritzen direnek askotan izaten ez dutena. «Dantzaren atzean lan asko dago. Jende askori ez zaio iruditzen, denbora-pasa bat dela uste dute, pausoak jakitearekin nahikoa dela eta ez da horrela. Niretzat dantza kirola da, edozein kirol bezain exijentea delako fisikoki eta psikologikoki».

Lehen esan bezala, umetan Oiartzunen hasi zen dantzan. «Une batean sentitu nuen ja ez nuela aurrera egiten eta beharra sentitzen nuen dantzari bezala garatzeko, hazteko. Horregatik joan nintzen Lurdesena Lezora. Gero Villabonako Oinkari taldean ere aritu nintzen, oso gustura, baina azkenean utzi egin behar izan nuen joan-etorrietan denbora asko galtzen nuelako eta ez nintzelako iristen», esan du.

Bereziki dantza tradizionala gustatzen zaio, baina garaikidean ere aritzen da. «Dantza tradizionala gustatzen zait, txikitatik horixe egin dudalako. Tradizionalak exijitzen duen zorroztasuna gustatzen zait. Baina oinarri tradizionala duen dantza garaikidea ere asko gustatzen zait. Ikasturte honetan zehar, adibidez, Haatik konpainiak Errenteriako Dantzagunean antolatutako egitasmoan parte hartuko dut eta oso kontentu nago. Aiert Beobidek zuzenduko du ikastaroa eta niretzat erronka ederra da».

Horrez gain, Pasai Donibanen dantza klaseak ematen hasiko da haurrei, eta horrek ere ilusioa egiten dio. «Nik irakasle onak izan ditut bidean, ni dantzara lotzen asmatu dutenak. Gustatuko litzaidake nik ere berdina lortzea nire ikasle txikiekin, dantzara gerturatzea eta dantzara lotzea».

Berak, behintzat, pasioz bizi du. «Nik izugarri gozatzen dut dantza egiten eta txapelketako urduritasun eta estutasun hori asko gustatzen zait. Dantza bakoitzak irauten duen minutu eta erdi hori topera bizi dut. Sentsazio oso berezia da».

Jakitun da bidea ez dela erraza, batez ere norberak ireki behar duelako. «Aurrera begira ikusten ditut aukerak. Iaz, adibidez, epaile hasi nintzen gazte txapelketetan. Izugarri gustatzen zait mundu hau». •

Dokumentuaren akzioak