Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Katea eten gabe, aurrera begira

Dokumentuaren akzioak

Katea eten gabe, aurrera begira

Egilea
Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gasteiz
Mota
Erreportajea
Data
2024/09/21
Lotura
Alea
Manuel Iradier Txangolari Elkartearen mendi irteera, Vasco Navarron. Argazkia: MANUEL IRADIER ELKARTEA

Kirolean eta ondare kultural eta naturalaren zabalpenean lan eskerga egin du azken 75 urteetan Manuel Iradier txangolari elkarteak. Bizirauteko gakoak izan dira berritzeko gogoa eta garai berrietara egokitzeko gaitasuna, lan boluntarioarekin batera. Gaur, korrikalariak eta dantza taldea dira elkartearen bihotza.

Arabako ondare naturalaren eta kulturalaren transmisioan kate bat ikusten dute Pilar Garcia de Salazar eta Fernando Casi Manuel Iradier txangolari elkarteko kideek. Azken 75 urteetan eten ez den katea. "Elkarteak gorabehera asko izan ditu. Herriaren instituzionalizazioak ere ekarri zuen garai batean oso rol garrantzitsua genuen elkarteak, kultura eta herriaren izaera sostengatzen zuten elkarteak, nolabait desaktibatzea. Baina Fernandok esan duen bezala, jarduera berriak martxan jartzeak, korrikalarien taldea, esate baterako, balio izan du Manuel Iradier elkarteak aurrera egiteko eta indarberritzeko", azaldu du Garcia de Salazarrek. Zerbaitengatik dituzte gaur 700 bazkide, eta herrialdeko kirol jardueraren eta kulturaren ezinbesteko parte dira. "Orain zabalagoak gara", azpimarratu du.

Pilar Garcia de Salazar eta Fernando Casi.

Fernando Casi elkarteko lehendakariak, ALEArekin izandako solasaldian, 75 urtez irauteko gakoak eman ditu: berritzeko gogoa eta lan boluntarioa. "Elkarte guztietan bezala, guk ere gorabeherak izan ditugu. Hemen inflexio puntu bat egon zen, 80. hamarkadan. Elkarteko talde guztiek lotura izan dute nolabait naturarekin edo naturaren ikerketarekin, kulturarekin… Korrikalarien atala elkartean sortu zutenean oso gauza berritzailea izan zen, eta inpaktu handia izan zuen; ahul geunden garaia zen, eta Korrikalarien atalak balio izan zuen elkartea biziberritzeko". Talde horren bultzadarekin, 80ko hamarkadan hasi zen Manuel Iradier elkartea ostera ospetsuak bilakatu diren kirol probak antolatzen: Hiru Handiak, Gasteizko Mendiak edo Gasteiz-Estibaliz bezalako herri lasterketak. "Gure ohiko jarduerarekin, espeleologiarekin, arkeologiarekin, antzerkiarekin, dantzarekin zerikusi asko ez duen jarduera batek balio izan digu altxatzeko eta gora egiteko", aitortu du lehendakariak. Hartara, gaur, elkarteko talderik indartsuenen artean dago korrikalariena. "Gazteak batez ere korrikalarien sekzioan daude –esan du Casik–; baina baita Jare dantza taldean ere, eta musika taldean. Talde guztietan badago gazte talderen bat, baina hiru horietan daude batez ere"

Emakumeen parte hartzeari dagokionez, Garcia de Salazarrek aitortu du elkarteko arlo guztietan emakume asko dauden arren, ez dutela oraindik lortu zuzendaritzan emakume gehiago sartzea. "Alde horretatik falta dugu; emakumeak zuzendaritzan eta antolakuntzan egotea bultzatu behar dugu".

"Ardura soziala"

Elkartearen jarduera berritzeko apustuarekin batera, Euskal Herrian elkarte erreferentea izatea lan boluntarioarekin lortu dela uste dute Casik zein Garcia de Salazarrek. "Erreferentea izatea lanarekin lortzen da. Lan boluntarioa dago guztiaren atzetik, jende erreferente asko egon da elkartearekin batera: Micaela Portilla, Armando Llanos, Alberto Zerain, Juanito Oiarzabal, Tximist espedizioan parte hartu zuten mendizaleak, Aita Barandiaran... Lan desinteresatuaren balore hori mantendu dugu, eta saiatzen gara gazteei ere transmititzen", azaldu dute.

"Mantendu dugu lan desinteresatuaren balorea, eta transmititzen saiatzen gara" 

Ildo horretan, Garcia de Salazarrek nabarmendu du ekimen sozialak aurrerantzean ere izan behar duen garrantzia. "Hau ekimen sozial bat da, gure ondare naturala eta kulturala babesteaz arduratzen dena. Hurrengo belaunaldiei transmititu behar diegu lan hori egiten jarraitu behar dugula, ezin dela lan hori soilik instituzioen eskuetan utzi. Arlo publikoak eta sozialak elkarrekin lan egin behar dute gure ondarea zaintzeko eta zabaltzeko, berrikuntza egiteko, ikertzeko… Hori guztia gazteen eskuetan egon behar da".

Elkarte bat, hamaika atal

Elkartearen inguruan garatu den kultur eta kirol ondarea erakusteko, eta bertan aritu diren aitzindariei eskerrak emateko, hamaika ekitaldi antolatu ditu aurten Manuelak. Hartara, hurrengo urriaren 6an, orain dela 75 urte bezala, 1949an egin zuten lehen mendi irteera errepikatuko dute. San Leon haitza igoko dute, Toloño mendilerroan; eta Urizaharra, San Vicentejo eta Guardia bisitatuko dituzte. Bestalde, azaroaren 29an, 75. urteurreneko gala antolatu dute Europa biltzar jauregian. Manuel Iradier abesbatzak, Jare dantza taldeak eta beste hainbat gonbidatuk parte hartuko dute.

Gainera, hiriko hainbat espaziotan elkartearen historia jasotzen dituzten irudiak eta kontakizunak paratu dituzte. Gasteiz On elkartearekin lankidetzan, adibidez, ibilbide bat eratu da hainbat saltokitan jarritako panelen bidez; Alde Zaharreko arrapala mekanikoetan, berriz, elkarteak 75 urte hauetan egin dituen jarduerak eta izan dituen atalak erakutsi eta nabarmendu dira; eta gainera, erakusketa ibiltari bat antolatu dute gizarte etxeetako espazioetan.

"Orain dela berrogei urte menditik korrika egitea lau zororen kontua zen"

Frankismo betean jaio zen Manuel Iradier txangolari elkartea. Gonzalez de Salazarrek esan duenez, urte horietan eskasak ziren kulturaren inguruko elkarteak, eta mendietara joateko irteera antolatuak. "Baziren arabar batzuk Club Deportivo Eibarren parte hartzen zutenak, eta aitzindari horiek sortu zuten Manuel Iradier elkartea". Errezeloak egon arren, gogo handia zegoen orduko gasteiztar horien artean kultura, euskara, euskal izaera eta herrialdeko ondare naturala aldarrikatzeko; eta Gasteizen errotu zen taldea, biztanleriaren hazkunde handiak lagunduta.

Hala,1950eko eta 1960ko hamarkadetan, elkartearen jarduerak bi esparrutara zuzendu ziren gehien bat: batetik, txangozaletasuna eta mendiko kirolak sustatzera, eta bestetik, kulturaren hainbat alderdi ikertzera, ezagutzera eta zabaltzera. Horretarako hainbat atal antolatu ziren: txangozaletasuna eta mendizaletasuna, arkeologia eta artea, argazkilaritza eta erakusketak, hitzaldiak eta argitalpenak, etnografia eta toponimia, historia eta espeleologia. Handik gutxira elkartearen jarduera bestelako interes esparruetara zabaldu zen: mikologia, folklorea, antzerkia eta zinema, esate baterako. Casik azaldu duenez, lehen juntatik erabaki zuten talde desberdinak sortzea. "Espeleologia taldetik sortu zen arkeologia taldea, ikertzeko interesagatik; eta mendi txangoen taldetik sortu ziren ondare naturalarekin lotutakoak: mikologia, natur zientziak… Abesbatza ere 1961an sortu zen, eta Azazetako begiratokian egin zuten lehen emanaldia".

Ikurrina Ipar Euskal Herrian

70eko hamarkadan eta 80ko hamarkadaren erdira arte, areagotu egin ziren Euskal Herriaren nortasunaren aldarrikapen ekitaldiak, orduko egoera politikoaren ondorioz."Folklorea erabili zen gure izaeraren zabalpenerako", gogoratu dute elkarteko kideek. Orduan sortu ziren Gasteizko Euskal Liburu eta Disko Azoka edo Umeen Euskal Jaia. Garcia de Salazarrek gogoratu duenez, han eta hemen antolatzen ziren euskal jaiei esker ezagutu zuten Euskal Herria elkarteko dantzariek. "Udako igandeak ziren Eibarreko euskal jaira joatea, Durangora, Ondarroara, eta aukera hori izan genuen gure herria ezagutzeko. Hemen ikurrina ez zegoen legeztatuta, eta Ipar Euskal herrira joaten ginenean, hango dantza taldeek ikurrina erabiltzen zuten normaltasun osoz; zapatilak zinta berde, gorri eta zuriekin janzten zituzten… Guri atentzio handia ematen zigun hemen oraindik ezin zelako hori egin".

Mairuelegorretako Euskal Jaia ere hamarkada horretan sortu zen, 1963an hain zuzen. Elkarteko kideek diotenez, hasieran oso jende gutxik parte hartu zuen, baina pixkanaka zabaltzen joan zen ekitaldia, euskal kulturaren erreferente bilakatu arte. "1973an, 20.000 lagun inguru bildu ziren Mairuelegorretan", gogoratu dute Casik eta Gonzalez de Salazarrek. 
Manuel Iradier txangolari elkartearen azken urteetan, 80ko hamarkadaren erdialdetik gaur arte, bestelako jarduerak izan dituzte ardatz, hala nola mendizaletasuna, atletismoa, mikologia eta dantza. Horrek izaera zabalagoa eman die eta, aldi berean, pizgarri izan dira elkartearen gogoa berritzen jarraitzeko. Halaber, hainbat herri atleta elkartean sartu zirenean, kirol jarduera berri bati ekin zioten, inguruan herri lasterketak antolatuz eta horietan parte hartuz. Mendi saila suspertu egin zuten, mendi martxak eta mendi lasterketak antolatuz. "Bazkideen artean berritzaile asko izan ditugu, oso ezagunak. Eloy Corresek, adibidez, Hiru Handiak proba antolatzea bultzatu zuen; ordurarte maila indibidualean antolatzen zen, baina 1987an Corresek eta korrikalarien atalak modu antolatuan egiteko ideia izan zuten. Korrikalarien atala oso aitzindaria izan da, lehenak izan ziren menditik korrika egiteko ideia gauzatzen. Gaur egun oso zabaldutako kirol jarduera da, baina orain dela 40 urte menditik korrika egitea lau zororen kontua zen", kontatu du Casik. 

Dokumentuaren akzioak