Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kataluniako mugimenduei begira

Dokumentuaren akzioak

Kataluniako mugimenduei begira

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/03/11

Bartzelona hiriburua, esate baterako, hiri garrantzitsua da Europako dantza garaikidearen unibertsoan. 70eko hamarkadan eztanda txiki bat gertatu zen, eta txinparta horren indarra gaur egunera arte iritsi da. Konpainia klasiko indartsuak eta hasteko irrikaz dauden koreografo gazteak biltzen dira Katalunian: Cesc Gelabert, Ramon Oller, Maria Muñoz... Damian Muñoz gasteiztarra ere han jarduten da, eta hark sarritan esan du: «Bartzelonan zaude, eta dantza garaikidearen unibertsoa zure aurretik nola igarotzen den ikusten duzu: ikastaro bat dela, ikuskizunak direla... Dantza garaikidearen munduan, Bartzelona geldiune garrantzitsua da. Nahi gabe, munduarekin harremanetan zaude».Inbidia sentimendua, azken garaian, are eta gehiago nabarmentzen ari da. Izan ere, Kataluniako dantzari eta dantzari profesionalen egoerak hobekuntza nabarmena izango du aurki. Diru laguntzak asko handitu dira, eta dantzariek lan akordioa sinatu berri dute.Gobernu berriak kultur politika berria jarri du martxan. Lehenengo eta behin, kultura departamenduaren antolaketa goitik behera aldatu du. Besteak beste, hainbat institut sortu ditu kulturako arlo ezberdinez arduratzeko. Sorkuntza garaikidearen kasuan, ICAC (Sorkuntza Artistikoaren eta Pentsamendu Garaikidearen Institutua) antolatu du. Erakunde berriak, nahiz eta oraindik ez den lanean hasi, dagoeneko diru laguntzen deialdiak egin ditu. Horien barruan dantza, jarduera artistiko bezala, ez da inon agertzen, sorkuntza garaikidearekin zerikusia duten kultur jarduera guztiak erakunde berri horren barruan baitaude. Diru laguntzen deialdia sei bidetatik egin dute: kultur hedapenerako elkarteak, ikerketa, sorkuntza eta produkzioa, konpainia egonkorrak, fondo tematikoak, azpiegiturak eta heziketa eta hedapena.



Arnasa hartzeko



Aurreko gobernuak ematen zituen laguntzekin alderatuz, hirukoak (PSC, ERC eta IC-Els Verds) %288an gehitu ditu sorkuntza garaikiderako laguntzak. Deialdiak, dagoeneko, egin dituzte, eta, beraz, badirudi egitasmoak aurrera egingo duela. Marta Garciak Generalitateko kultura departamenduan jardun du azken urteetan, eta laster ICAC berrian hasiko da lanean. «Aldaketa horiek politikariek erabaki dituzte, nik ez dut ezertan parte hartu. Argi dagoena da laguntzak sorkuntza garaikideari bideratutakoak direla, baina jakin badakit dantzari garrantzi berezia emango zaiola».



Dantzaren inguruko jendea gisa horretako albisteak entzuteko gogoarekin zegoen. Dantzarien artean itxaropena piztu dela nabarmendu du Cesc Gelabert koreografo eta dantzari ezagunak: «Maragallek hasieratik esan zuen kulturarentzako dirua bikoiztu egingo zuela. Baina guk ohartarazi genion dantzaren kasuan oinarri oso-oso baxutik abiatzen ginela, eta bikoiztearekin bakarrik ez genuela ezer egingo. Badirudi orain datozen diru laguntzak esan horien erantzunetik abiatzen direla».Nolanahi ere, Gelabert oraindik ez da guztiz fio: «Gobernuko hirukoak arazo politiko larriak ditu, baina espero dut horrek kulturarako laguntzak kolokan ez jartzea». Izan ere, Gelabertek onartu du neurri berri horiek dantzari guztiei «arnasa hartzeko» balio izan dietela: «Urte asko daramatzagunontzat aurrera jarraitzeko arrazoi bat bada, gure bidean jarraitzeko aukera bat. Eta, bide batez, jende gaztea animatzeko ere aukera bat da. Geunden egoeran, gu nekatzeko eta jende berria ez hasteko arriskua zegoen».



Lan ituna



Diru laguntzak handitzea, ordea, ez da Kataluniako dantzak jaso duen albiste on bakarra. Generalitatearen jarrera baikorra baliatuz, Kataluniako Dantzari Profesionalen Elkartearen barruan 14 konpainiak eta 300 dantzarik lan akordio bat sinatu dute.



Urtarrilaren 10ean sinatu zuten, eta urrats hori «lehenengo pausua, etorkizunerako bide bat» dela adierazi du Karel Mena Kataluniako dantzari profesionalen ordezkariak.Menaren esanetan, «dantzariaren lanbideari duintasuna ematen dio akordio honek. Orain arte, kontratatu guztiak langilearen ohiko prozeduraz egiten ziren, dantzariaren lanbidea kontuan hartu gabe. Gaur egun, aktoreek bezala, dantzariek ere badute beren lan akordioa. Ondorioz, lanbidea eta haren berezitasuna onartu dira».Akordioa sinatzeko prozesua urtebete ingurukoa izan da. Teresa Carranzari gaia aztertzeko eta proposamen bat egiteko eskatu zion Dantzari profesionalen elkarteak. Europako hainbat herrialdetako egoerak ezagutu, lan-itunak aztertu eta batzorde bat eratzeari ekin zion Carranzak. Bitariko batzordea osatu zuten; batetik dantza konpainiak eta bestetik dantzariak. Hala, bi mahaien proposamenak jaso, eta testu bateratu bat osatu zuten; hain zuzen, 14 konpainiek eta 300 dantzariek sinatu duten dokumentua.Karel Menaren irudikoz, urrats oso garrantzitsua izan da sinadura hori: «Espainiako estatuko lehen akordioa da; horregatik, ezagutarazi eta akordio berriak sustatu nahi ditugu». Hala ere, Menak gogorarazi nahi du konpainia gutxi batzuen arteko akordioa dela, eta balio juridikorik ez duela: «Izan ere, Katalunian ez dago dantzaren enpresaburuen elkarterik; beraz, ezin dugu lan itunik sinatu». Dantza profesionalen hurrengo erronka da hori. Heldu den bitartean, dantzari eta konpainia sinatzaileek bertan jasotako baldintzak betetzeko konpromisoa hartu dute.Ituna sinatzeko bide horretan hartutako lehenengo urratsa dantza konpainien elkartea osatzea da. Konpainia horretatik enpresaburuen elkartea sortuko da, eta haren bidez, 2008. urtean dantzarien lan-ituna sinatzea espero dute. Karel Menak zein Cesc Gelbertek bi gabezia nagusi ikusten dituzte akordio horretan. Batetik, dio Gelabertek, «gutxieneko baldintzekin osatutako akordioa da. Zenbait konpainiak akordioa sinatzeko baldintzak egokitu egin ditugu, baina ez da ahaztu behar gutxieneko baldintzak direla. Hemendik aurrera, horiek hobetzeko lan egin behar dugu».Menak, ildo beretik, konpainia ugarik akordioa ezin izan dutela sinatu nabarmendu du: «Konpainia txiki askok hanka sartzeko beldurra zuten, beraien egoera prekario samarra delako, eta akordioko baldintzak errespetatzeko gaitasunik ez dutelako. Baina hor ikusiko da Generalitateak duen benetako jarrera. Ondo dago diru laguntzen aurrekontua areagotzea, baina beraien politika zein den ikusiko da baldintza horiek errespetatze aldera jotzen dutenean, eta konpainiak guztiak baldintza horietara iristeko laguntzen dituztenean». Karel Menaren esanetan akordioa orduan izango da ona.Edozein lan-itunetan bezala, Kataluniako dantzarientzat sortutako honetan, lan jarduna (35 ordukoa), izan beharreko atsedenak, gehiegizko orduen balioa, gutxieneko soldatak, kontratatze politika eta beste zehazten ditu. Halaber, dantzarekin zerikusi zuzena duten berezitasunak ageri dira: emanaldiaren aurretik zenbat ordu lehenago iritsi behar duten antzokira, hilabetean zenbat emanaldi egin ditzaketen, entseguen ordutegiak zehazten ditu... Akordio horren beste berezitasuna da koreografo eta zuzendari bera duten konpainientzat dela, eta ez konpainia komertzialentzat.



Albiste ona izanda ere, Gelabert bere herrikideei gogorarazi nahi die Europako iparraldeko lankideen baldintzetara iristeko oraindik asko falta zaiela. «Beraz, albiste on honek ezin gaitu liluratu, gure eskubideak dira, eta hobetuz joan behar dugu».



EUSKAL HERRIKO EGOERA



Zirkuitua sortu nahian



Kataluniako egoeratik oso urrun, Euskal Herrian dantza garaikidean aritzen diren koreografoek eta dantzariek martxoan eta apirilean dituzte hitzordurik garrantzitsuenak. Batetik, koreografo gazteen erakusketa izango da. Aurten bederatzigarren ekitaldia da, eta aukeratutako lanak apirilaren 7an, 10ean eta 14ean aurkeztuko dira Barakaldon, Gasteizen eta Donostian. Bertan ikusi ahal izango diren lanak bihar aukeratuko dituzte Basauriko Social Antzokian. Aurten aurkeztu diren hamaika hautagaik bertan erakutsiko dituzte, lehen aldiz, euren koreografiak, dantzariek, kazetariek eta programatzaileek osatutako epaimahaiaren aurrean. Beraz, hantxe aukeratuko dira hiru emanaldiko bira txikia egingo duten koreografoen lanak.



Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak ekimen berria jarri du martxan. Iaz diruz lagundu zituen ikuskizunetako bost aukeratu, eta Zirkuito izeneko sarea sortu du. Asier Zabaleta, Blanca Arrieta, Moare, Damian Muñoz eta Organik taldeek guztira hamalau emanaldi eskainiko dituzte Donostia, Gasteiz, Barakaldo eta Elorrion, gaurtik maiatzaren 21era bitartean.

Dokumentuaren akzioak