Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Katalina Erausoren bizia pastolaralen sujeta bilakatua

Dokumentuaren akzioak

Katalina Erausoren bizia pastolaralen sujeta bilakatua

Katalina Erauso moja-alferzari buruzko bizitza igandean eskainiko duten pastoralean islatuko da. Ekimenaren bultzatzaileek egun osoko programa antolatuko dute. Horrez gain, heldu den irailaren 3an emanaldia Donostian eskainiko dute.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Kazeta.info
Mota
Albistea
Data
2016/06/02
Lotura
Kazeta.info

"Abentura ederra izan da hiru urte hauetan, eta orain prest gara pastorala emateko", baieztatu zuen Pantxika Urrutyk, Maitena Lapeyrerekin batera errejentaren lana egin duenak. Gidaritza bezala, beste guztia ere lan kolektiboa izan da, pastoral tradizionalen egitura eta parte-hartze modua badu; ezberdintasuna Zuberoako herri bateko biztanleak izan beharrean Baiona hiriko lagunek egindakoa dela, Garako artikuluak azaldu duenez.

150 pertsonez osatutako taldea da, non arizaleen artean dauden ahots ederrak nabarmendu zituzten behin eta berriz sortzaileek. Lau izango dira sujetak, Erausoren adin ezberdinak erakusteko.

Obraren sorreraren kokaguneaz gain, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko loturak ere egiten du berezi. Azpeiti eta Azkoitiko Sahatsa dantza taldeak parte hartuko du, eta Donostia 2016 hiriburutza kulturalaren baitan kokatzen da, horregatik izango da bertan ere ikusgai. Gipuzkoako emanaldian 800 toki besterik ez daude, aldiz Laugan 3.000 baino gehiago izango dira, horregatik estreinaldira hurbiltzeko deia egin zuten antolatzaileek.

Gainera, Lapurdiko emanaldiak egun osorako programa du. Gizartetik sortua eta jendearen artean garatua izan dela aditzera eman nahi izan dute antolaturiko ekimenetan. Lehen hitzordua goizeko desfilea izango da, Santespirituko Errepublikako plazatik, Lauga estadioraino. Bidean, 140 antzezle, dantzari, soinulari; 25 ardi, txakur bat eta asto bat, "Baionako kulturaren zurkaitz" batzuekin elkartuko dira. Aldiro hiriko elkarteetako kideek pastoralzaleei harrera egingo diete, truke artistikoa egiteko. Bazkaria izango da ondoren, eta 15.30ean estreinaldia.

Proiektuan emakumeek duten garrantziak ere egiten du berezi. Katalina Erauso sujetaz gain, idazlea eta errejentak ere emazteak dira. Protagonistaren bizitza andreek gizartean duten tokiaz eta generoari buruzko gogoetarako gune bilakatzen da. Izan ere, AEBetako lesbianen artean erreferente historikotzat hartua da.

Aparteko emakumea

"Pastorala emazte baten historia da, emazte baten borroka, beti libre bizi nahi izan duen emazte batena. Komentuko presondegitik gizonen munduko presondegira joan zena, beti ihesi askatasunaren xerka", baieztatu zuen Urrutyk.

Katalina Erausoren bizitzak pastoral bat egiteko gaia ematen zuela pentsatu zuen Maite Berrogain-Ithurbidek. Jean-Louis Davanten gomendioari segituta historia gidoi bilakatu zuelarik dozenaka pertsona elkartu dituen abentura abiarazi zuen: gizonezkoen gidaritzapean egiten diren pastoraletan bizitzaren zati handiena gizonez mozorrotua eman zuen emakumearen ibilbidea taularatzea.

XVI. eta XVII. mendeen artean bizi izan zen moja-alferezaren bizitza abentura luze bat da, 15 urterekin komentutik ihes egin zuenetik, 50 urte beranduago Antonio de Erauso izenarekin Mexikon hil zen arte. 

0524_kul_pasto

"Katalina de Erauso" pastoralaren aurkezpena Baionan. 

Dokumentuaren akzioak