Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Katalin Zarate Arrieta, kulturan murgilduta: “Euskal dantzak, kantuak, bizitzari begiratzeko modu bat dira”

Dokumentuaren akzioak

Katalin Zarate Arrieta, kulturan murgilduta: “Euskal dantzak, kantuak, bizitzari begiratzeko modu bat dira”

Aiko taldeak Jotamentala dokumentala estreinau barri dau eta gazte lezamarrak dantzari moduan hartu dau parte bertan. Katalinek oso harreman estua dauka euskal kultura eta folkloreagaz, eta harreman hori hain zuzen be euki dogu hizpide. Baita Jotamentala be, jakina.
Komunikabidea
Aikor
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/03/01
Lotura
Aikor

Zelan sortu zan dokumentalean parte hartzeko aukerea?
Aiko taldea batez be amarengandik ezagutzen dot. Dantzariak behar zituen dokumentalerako eta gurasoak, ahiztea eta laurok parte hartu genduan baserri baten grabau zan zatian. Gerra garaiko erromeria bat izango bazan moduan atondu zan lekua. Dokumentalaren beste zati bat Bizkaia Aretoan, EHUn, grabau zan eta han be ibilteko deitu eusten. Zati horretan, alde batetik, dantzarien irudiak, dantzan; eta bestetik, Jon Maia, Juan Antonio Urbeltz, Ansorena... moduko dantzari finen berbak batu ditue.

Zein da Jotamentala lanaren helburua?
Jotea dantza talde inguruko zerbait izango bazan moduan erabilten dogu batzuetan, baina, egia esan, bakotxak gura dauan moduan dantzatu daike. Pausuak ez doguz zertan ordena zehatz baten emon; pausu pilo bat dago eta bakotxak berea aukeratu daike. Dokumentalean ikuspuntu horretatik aurkezten deuskue jotea, eta lehen, zein egoeratan edo zertarako erabilten zan be kontetan deuskue. Esate baterako, ligetako.

Esperientzia polita?
Oso, jente pilo bat ezagutu dodalako. Eta aberasgarria be, dantzan egin gura dodan ibilpiderako. Dokumentala grabaten ibili nazenean, baita Itxas Alde Bakioko dantza taldeagaz egin dodazan bidaietan be, ikusi dot han eta hemengo jenteak badaukagula zerbait lotzen gaituana, oso ezbardinak izan arren. Dantza inguruan beste ikuspegi zabalago bat eukiteko be izan da lagungarria. Horrek guztiak asko aberasten nau.

Noz hasi zan zure harremana euskal kulturagaz?
Txikitatik euki dot oso harreman estua euskal kulturagaz, berton jaio eta hazi garalako. Gazte-gazterik sartu nintzan Itxas Alde dantza taldean eta hor jarraitzen dot gaur egun. Bertoko Zamudioko alkartean be banabil panderoa eta trikitia joten. Bestalde, askotan joaten gara Zuberoara. Asko maite dot Zuberoa eta amarengandik jaso dot harenganako loturea; kantak berarengandik ikasi dodaz, eta dantzak, ostera, Santutxuko Gaztedi dantzari taldearen eskutik. Bertan, Santutxun, zuberotar dantzak ikasteko aukera izan neban, eta aitite be Gaztediko dantzaria izan zanez gogotsu hasi nintzan. Gaztedikoakaz lehen maskarada manexa edo kanpotarra egin genduan Zuberoan bertan... Etxean asko kantetan dogu, eta klaseak be jasoten dodaz. Horreri esker, Lezamako Astrapala proiektuan sartu nintzan eta Maya erlea marrazki bizidunen hasierako sintonian ipini dot ahotsa. Horrelakoetan ezagutu dot nire estiloko eta euskal kulturan murgilduta dagoan jente asko, eta banoa nire ibilpide kulturala eraikitzen.

Pentsatzen dogu horreek guztiak osagarriak dirala zuretzat. Baina zein gurago?
Dantzea eta abestea. Horrek biek nire bizitzaren zati handi bat hartzen dabe. Eguneko ordu gehienak emoten dodaz kantetan, etxekoakaz, lagunakaz, neu bakarrik... Dantzeari, beharbada, ez deutsat hainbeste denpora eskaintzen, entseguetara joan behar danez, mugatua dalako.

Zer dira zuretzat euskal dantzak, kantuak... kultura?
Bizitzari begiratzeko modu bat, eta bizitzeko modu bat. Bideak bertatik eroan nau... ez dot nire bizitzea dantza eta kantu barik imajinaten. Ezinbestez gorde eta mantendu behar doguz, eta bilakaerea izatea ahalbidetu. Azken baten, gure historiaren zati handi bat dira eta hortik abitauta be sortu dira hainbat gauza. Gure egitekoa hori mantentzea eta jarraitzea da, izan be ezin da zer garan hain erraz ulertu, zer izan garan jakin barik.

Gazteak euskal kulturara erakartea gatxa dala dinoe.
Beno. Hainbat erromeria mota dago eta danak dodaz gustuko. Esate baterako, Aiko taldeak egiten dituanetara eta ohiko euskal dantzak dantzatzen diranetara be gustura joaten naz. Baina egia da batzuetan apur bat lekuz kanpo sentiduten zarala, zure adineko gazte gitxi dagoalako. Dana dala, han eta hemen zabilzanez, akabuan zure kezkak dituen beste gazte batzuk ezagutu eta harremanak lantzen dozuz.

Itxas Alde dantza taldeagaz egindako bidaiak aitatu dozu hasikerean. Nondik ibili zarie?
Lehen bidaia Galiziara egin neban, eta gero Kroazian, Txekian, Estonian... izan gara. Beste kultura batzuk ezagutzeaz gainera, aukerea emoten deutsu besteakaz bardintsu daukaguna ezagutzeko, eta zer faltetan jakun be aztertzeko. Emoten dau dantzea oso gauza sinplea dala, baina ikusten dozu leku guztietan dagoala eta bere pisua daukala. Ni asko beteten nau. Ea aurten Poloniara joaterik daukagun.

Hamazortzi urte daukazuz, oso gaztea oraindino. Zer ikasten zabilz eta zertan gustauko litxakizu ibiltea?
Magisteritza nabil ikasten eta musikan espezializau gura neuke. Irakaskuntzan ibiltzea gustauko litxakit, eta espero dot gaur egun arte egindako eta egingo dodan ibilpidea lanerako lagungarria izatea. Bestalde, hasi naz Bakion dantzak irakasten, umetxoei zein helduei.

Kazetaria, Gernika pelikulean

Katalinek zineman be emon ditu lehenengo urratsak, Gernika pelikulean estra ibili dalako. “Castingaren barri euki neban Interneten bidez. Zergaitik ez pentsau neban eta ha egiten ebiltzan lekura azaldu nintzan. Paperak bete, argazki batzuk egin eta listo. Ibilaldian nengoala, eta castinga ahiztuta neukala, dei bat jaso neban eta galdetu eusten ea hurrengo egunean Barakaldon, Munoa jauregian, egon neintekeen, filmetako. Baietz erantzun neban, jakina! Ni pozarren”.
Arropa, pelukeria eta makillaje probak egin ostean, kazetari kanpotarra bihurtu zan lezamarra. “Hiruzpalau egun emon nebazan grabaten. Gogorra da, aktore nagusien lanaren zain ibili behar dalako, zelan daroen hareek filmazioa... Ez dakizu noz dan zure txandea eta bat-batean esaten deutsue. Baina orokorrean oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Lehen egunean, estrak alde batera itxi ginduezan, baina hori jente gehiegi gengozalako izan zan, beharbada. Eta hurrengo egunean, oso ondo; giro ezin hobea sortu zan makillatzaileakaz, kameralariakaz, aktoreakaz...”.
Gernika laster estreinauko da eta Katalin bere burua pantaila ikusteko irrikan dago. “Ez dot berbarik egiten. Kazetariak lan egiten dauan komunikabidearen egoitzea Munoa jauregian dago, eta nik leku batetik bestera eroaten dodaz paper batzuk. Ea zelan lotu dan!”. Beste pelikula baten errepikatuko leuke? “Jakina! Oso gustura egon nazalako eta esperientzia gustau jatalako”

Dokumentuaren akzioak