Dokumentuaren akzioak
Kaskaroten funtzioak
Hizkuntzarekiko, konparazione. Autentizidadea zigilatzea bada xedea, Kaskarotetan izateko exijituko ote da euskaraz jakitea? Ez dukegu Erramun Baxoken beharrik imajinatzeko garai bateko Uztaritzen ihauteriak ez zirela frantsesez egiten. Etenik gabekoa azpimarratzea baldin bada xedea, berreskura ditzagun Kaskarot euskaldunak… Edo gomita ditzagun egungoak AEK-ra, mintzapero-ra…
Enfin, gaurko egoera soziolinguistikoan, ezin dugu oraino segitu testuingurua neutroa balitz bezala: Kaskarotek, Zirtzilek, Libertimenduek, Maskaradek… dentsitate-gune paregabeak eskain diezazkiokete euskarari, etxe edo herriko plazan gainera. Euskaldunok, hainbat funtzio gara ditzagun gure hizkuntzan, hain eskas zaigun arraileria barne… Bertze ideia bat ahantzi gabe: balio erantsiarena, ondoko galderari erantzun konkretua emanez: zer biziarazten dit euskarak, bertze hizkuntzek biziarazten ez didatena?
Muinean, uste dut paradigma dugula diferente: salbatzeak ala biziberritzeak ez duke hari ber-bera iruten… Ez ote gaitu lehenak errazago eramaten tradizio/ modernitate oposiziora? Eta bigarrenak, berriz, sozializatzearen ideiara? Alor horretan, nik neskekin ere kontatzen dut: ene ingurumen pribatuan, profesionalean, intelektualean, artistikoan, politikoan, inkoherentean… Hor dira, hor zarete. Ez dut erranen naturalki, pentsatzen baitut orenak eta orenak modu autozentratuetan pasatu behar izan duzuela, horrelako gizarteratzera heltzeko.
Logikoa dirudi, beraz, 2017ko ihauterietan nesken presentzia ez galdezketatzea… Hor ere, ihauteriei eman funtzioaren arabera! Horretan baita gako nagusietarikoa, ene ustez. Kultura eta ohidura politikari hertsiki loturik egon baitira. Kaskarot edo Karatoxen funtzioetarik bat ez ote zen mutiko ezkongabeen bertuteen erakustea etxeetako alaben (eta nagusien?) aitzinean? Ezkontzari, etxeari lotu sistema politikoan elementu ez nolanahikoa, alegia deus ez…
Orduan bai, neskak Kaskarotetan “defautez” sartu dira Uztaritzeko auzo-herrietan… Eta “defautez” horrek ez die deus onik ondorioztatu ez ihauteriei, ez neska-mutikoei… Baina galdezketatu ote da Kaskaroten jarraidura-idekidura sistema? Zer funtzio bete dezaketen ezkontza eta etxea desegiten ari diren garai lausootan? Galdezketatu ote da jendearen desengainu politikoa? Edo zergatik Libertimenduek hain toki argia hartzen ari duten euskal kulturan, bertzeak bertze Euskal Herriko bi hiriburutan?
Egoerak ez dira zerutik heldu, ez eta, adibidez, jendea trail eta korrikari hala emana izatea. Hendaiako lagun baten hobby nagusia bilakatu da hondartza bazterreko lasterkarien zirikatzea: “Nora zoaz?!” galdeginen die gehienei; “Pixile zira?!” tarrapatan aire doan hari; “Ez zinen etxean hobeki izanen, goxoan, zaflai kanapean?!” itxuraz korrika hasi berriari… Neska gazte talde zorrotz-inpekablea ikusten duelarik: “Gizonak bezain tontoak ez izateko eskubidea duzue!” botako die.
Ez dut dantza-estetikaz deus aipatuko hemen (ez dakit tutik horretaz). Hala ere, Thierry Truffautek gogoa piztu dit talde “hetsien” istorioarekin: egia zait baditugula gauzak errateko mutikoon ala nesken artean, bizitzaren desafio berriei begira lotuz geroz.
Etorkizunak erranen du Uztaritzeko neska dantzariek zer aterako duten artistikoki, eta politikoki. Ez da menturaz garairik txarrena zerbait ekartzeko… Baina, aldi berean, ez badira Kaskarotetatik abiatzen ahal, beldur naiz trantze txarrean uzten direla, ekairik gabe bezala.
Bi pott.
Dokumentuaren akzioak