Kaskarotak inauterietako pertsonaia enblematikoak eta sinbolikoak dira: beztituak diren dantzari gazteak, etxez etxe dantzan eta kantuan ari direnak. Lapurdiko herrietan errotua da erritual komunitario hori. Kaskaroten tradizioa maskulinotzat jo izan da luzaz, gizonak baizik ez baitziren kaskarotez janzten garai batean. Urteen joanean, haatik, kaskaroten erritua aldatu, bestelakotu, eta gelditu ere gelditu da, beste modu batean berriz piztu aitzin. Aldaketa horiek gertatzearekin batean, emazteen lekua ere mudatu da. Egun, herri guztietan, emazteek ere parte hartzen dute kaskarotetan. Aldaketa pittaka gertatu zen, herri bakoitzeko testuinguruaren arabera eta tokian tokiko dinamikak agerian utzita.
Kaskaroten tradizioa ezaguna bada ere, jatorria ez da argi oraindik. Thierry Truffaut antropologoak bizi osoa pasatu du Euskal Herriko dantzak, inauteriak eta ohiturak ikertzen. Ezin du zehazki erran kaskarotak noiz hasi ziren; haatik, kaskaroten arrasto batzuk bildu ditu. Mementokotz atzemana duten kaskarotei buruzko aztarna zaharrena 1802koa da, Hazparneko auzapezaren araudi baten artxibokoa —Xabier Itzaina politologoak aurkitu zuen—. Truffautek azaldu duenez, ez da kaskarot hitzaren aztarna zaharragorik atzeman oraingoz. Baina horrek ez du kentzen froga batzuk izatea iradokitzen dutenak kaskarotak lehenago ere ospatzen zirela.
Aztarna guztiak kontuan hartuta, kaskaroten izaera eta itxura aski antzekoak dira leku guzietan. Mutiko gazteek antzeztutako pertsonaia izan da historikoki: mutil ezkongabeak izaten ziren, soldadutza egiteko adinekoak, hau da, 17 eta 25 urte bitartekoak. Errituaren presentzia agerikoa da Lapurdi osoan. Truffauten arabera, pertsonaia garrantzitsua da sinbolikoki, neguan ibiltzen baita, udaberria ekartzeko: «Kaskarotak gaztetasuna, bizitza eta komunitatearen etorkizuna gorpuzten ditu. Argiaren irudia da, berritasunarena, udaberriarena, ugalkortasunarena. Jantzi alai eta koloretsua du, loreduna. Janzki biziki androginoa janzten du». Kaskarotekin batera, beste pertsonaia batzuk ere ibiltzen dira etxez etxe, maskaratuak diren pertsonaiak adibidez: eskelariak.
Garai batean, pertsonaia hori herriko emazteen dragatzeko bide bat zen. Gizon bakoitzak amak jositako bezti bat janzten zuen, etxeko aberastasuna, edertasuna eta bitxiak agerian emateko. Dantzariek dantza edo kantu bat ematen zuten etxe bakoitzean, eta trukean, dirua, janaria edo edaria ematen zieten. Errituaz gelditu diren aztarnetan agerikoa da neskak ez zirela presente dantza taldeetan.
Dantza taldeetan ez, baina bestelako lanetan parte hartzen zuten emazteek, Truffautek erran duenez. «Emazterik gabe ez da inauteririk. Emazterik gabe, kaskarotak ezin dira ospatu», azpimarratu du antropologoak. Herriko neskak ez ziren ospakizunaren lehen lerroan, baina bazuten rol garrantzitsu bat, «baitezpadakoa». Izan ere, amak, amatxiak eta ahizpak ziren dantzarien jantziak josten zituztenak. Jostun lanak egiteaz gain, haiek zituzten dantzariak errezibitzen, jatekoa eskainiz. Generoen araberako rol desberdintasunak agerikoak ziren, beraz.
1940ko eta 1950eko hamarkadetan, hots, Bigarren Mundu Gerraren ondotik, kaskaroten tradizioa galdu zen abantzu Lapurdi osoan. Zenbait taldek baizik ez zuten erritua atxiki: Uztaritze eta Hazparneko taldeek, erraterako.
Berriz pizteko gogoa
Truffautek esplikatu du urte horietan euskal kultura folklorizatu zela: «Lapurdi gero eta probintzia folklorikoagoa bilakatzen ari zen. Turismoaren ikuspegiak erabat suntsitu zuen probintzia. Dantza taldeak turistentzat baizik ez ziren dantzatzen. Eta batez ere, hizkuntza zapaltzea lortu zuten». Egoera ikusirik, antropologoa lanak eta ikerketak egiten hasi zen, Lapurdiko inauteriak berriz pizteko. Jean Michel Guilcher frantses etnologoak inauteriez eta kaskarotez egin lanak oinarritzat hartuz, hausnarketak egin zituen, eta argi zitzaion neskek ere kaskarotetan parte hartu behar zutela. Horri bide emateko, neskendako jantzi berezi bat sortu zuen ingurukoekin batera. 1980ko hamarkadaren hasieran, jantzia talde anitzetara hedatu zen. Beraz, desagertua zen tradizio bat berriz piztu, eta lekua egin zieten neskei ere.

Kaskaroten ohitura herri anitzetan galdu zen. Ohitura berreskuratu zuten talde gehienetan, orduan, ez zen eztabaidarik sortu nesken presentziaren inguruan. Baina Uztaritzeko kaskaroten kasua ez zen hori izan, Bigarren Mundu Gerratik landa errituak segitu baitzuen, beti gizonen artean. Alaia Cachenaut Uztaritzeko Errobiko kaskarotak elkarteko kidea da eta Izartxo dantza taldean aritu zen, ikasketaz, antropologoa ere bada. Azken urteetan kultura eskubideei buruzko tesi bat lantzen ari da, Uztaritzeko kaskaroten kasua abiapuntutzat harturik. Ikerlariak esplikatu du urteetan izan zirela neskak integratzeko hainbat eskaera, baina debalde izan zirela. 1980ko hamarkadatik landa, gaia garrantzia hartuz joan zen taldeko eztabaidetan, bereziki astearte gizena pizteko gogoa ukan zutelarik. Neska dantzarien rola taldeko gogoeten eta eztabaiden erdian kokatzen hasi zen. Berpizte horrekin neskei eta mutikoei rol berezi eta banatuak sortu zitzaizkien, baina neskak ez ziren kaskarotetan dantzari gisa sartu.
Integrazio horren aurkako argudioak hainbat zirela kontatu du dantzari uztariztarrak, baina argumentu nagusia «tradizioaren» errespetatzea omen zen. «Tradizioa ikusten da aldatu behar ez den zerbait bezala», erran du Cachenautek. Baina gehitu du argudio horien inguruan «paradoxak» sortzen zirela. «Interesgarria da. Aldatu behar ez diren elementuak hautatzen dira historiako garaien arabera. Adibidez, garai batean, kaskarotek bildutako dirua elkarren artean banatzen zuten, lan sari ttipi bat balitz bezala. Baina kaskaroten ohitura Izartxo dantza taldeak berreskuratu zuenean, hots, ohitura elkarte mundura pasatu zelarik, dirua denentzat gordetzen hasi ziren. Alta, aldaketa honek ez zuen tradizioaren errespetatzea zalantzan ezarri. Arazoa zen neskak kaskarot gisa parte hartzea; eta horrek erakusten du erronka generoari lotua dela».
Horren aitzinean, nesken aldetik erresistentzia bide zenbait izan ziren, urteen arabera. Adibidez, garai batean, dantza taldeko neskek zituzten bazkariak kozinatzen, eta urte batzuetan gertatu da neskek desberdinki kozinatzea: «Kozinatzeko maneran bazen erresistentzia ttipi bat: ez zen formalizatua, baina bazen. Baina, urteen arabera, izan dira aldarrikapen argiagoak, irmoagoak: ‘Ez gaituzue kaskarotetan parte hartzen uzten; beraz, ez dizuegu deus kozinatuko’», kontatu du Cachenautek.
Ez parte hartzeak hainbat ondorio ekarri ditu, Cachenautek adierazi duenez. Haren lanean identifikatu duen ondorio nagusietariko bat izan da herriaren ezezagutza: «Kaskarotetan parte hartzean, jakitate komun bat sortzen da, adibidez, herriaren ezagutzaren inguruan. Kaskarotak etxez etxe ibiltzen dira; beraz, lekuak eta leku horietako biztanleak ezagutzen dituzte. Kaskaroten barnean egiten den transmisio bat da; neskek, aldiz, ez zuten jakintza hori lortzen parte hartzen ez zutelarik».
Luxi Garat ere Izartxo elkarteko dantzaria da. 6 urte dituenetik ari da dantzan, eta eztabaida horien lekuko izan da. Haurra zenean, ez zen konturatzen bazela nesken eta mutikoen arteko desberdintasun bat, «hala» zen, besterik gabe. Handitzean, hura eta lagun zituen beste neska batzuk galderak egiten hasi ziren beren kolkorako, eta, pittaka, egoera aldatzeko borrokari lotu. «Hastapenean, gure adineko mutiko lagunek ere zaharragoen ber iritzia zuten. Ez zuten nahi guk ere parte hartu genezan. Urtero, inauteri garaian, ber eztabaida genuen: zergatik zuek bai eta guk ez?».
Mistotasunik ez
Garatek zerrendatu ditu kaskarotetatik baztertuak izateko argudioak, haurtzarotik entzuten dituztenak: «Aitzakia anitz bazituzten; batzuek oraindik badituzte. Erraten ziguten ez zirela beti neskak eta mutikoak nahasi behar proiektuetan; ez zela baitezpadakoa. Horrez gain, tradizioa hala zela zioten, eta tradizioa ez zela aldatu behar. Uste zuten nesken sartzearekin ospakizunaren giroa aldatuko zela, batetik, eta mutikoek gero eta gutiago parte hartuko zutela, bestetik».
2022an, aldatzeko gogoa izan zen taldearen barnean. Taldekideak ohartu ziren azken finean egoera «zentzugabea» zela. «Denak bestan ginen, elkarrekin egiten genituen kaskarotak, baina mutikoak kaskarotez jantzirik, eta gu, eguneroko jantziekin. Ez zuen gehiago zentzurik», erran du Garatek. Orduan, neskek bilkura bat antolatu zuten, eta erabaki hurrengo kaskarotetan dantzari gisa parte hartuko zutela, kosta ahala kosta. Ber urtean, elkarteko biltzar nagusian, taldeko guztiei jakinarazi zieten neskak ere kaskarotak izanen zirela. Ondorioz, lantalde bat sortu zuten berrikuntzak ekarriko zituen aldaketei bide emateko.
Erabaki zuten beste dantza bat sortuko zutela, eta beraz, beste musika bat ere bai. Janzkiari ere pentsatu behar izan zuten: bilkurak eta tailerrak egin zituzten erabakitzeko nolakoa izanen zen. «Hasieran, dantzari batzuek mutikoen jantzi berbera jantzi nahi zuten. Beste batzuentzat, garrantzitsua zen neskek berena izan zezaten, zinez identifikatu ahal izateko. Pertsonaia misto baten sortzeko gogoa ere bazen», esplikatu du Garatek. Ororen buru, mutikoek beren janzkia atxiki zuten, eta neskek berenak sortu: gona zuria, lepoko zapi batekin, girgilekin eta gorri pixka batekin. 2023ko neguan atera ziren lehen aldiz kaskarotez.

Cachenautek esplikatu du lehen urtea «ontsa» pasatu zela eta aldaketa «atsegin» handiz hartua izan zela anitzen partetik. Halere, zenbait etxetan, jendeak oharrak eta txisteak egin omen zituzten neskak hor zirela eta: «Bereziki alkoholari eta giroari buruzko oharrak entzun genituen: ‘Orain neskak badirenez, giroa lasaiago da, ezta?’ edo ‘Aurten ez dugu alkohol hori atera, neskak hor baitira, baina nahi baduzue aterako dugu botila’. Ohar horiek erakusten zuten, funtsean, kaskaroten pertsonaia mutiko izate mota bati lotua zela. Mutikoari lotuak diren estereotipoak erakusten dituzte, eta era berean, bereizte prozesu batean, neskarenak zein diren».
Kaskarotei loturik baina orokorkiago, usu pentsatzen da berriki arte neskek ez zutela dantzarik egiten euskal dantzan. Truffautek ukatu du hori hala zela. «Nire teoria da Pierre de Lancrek egindako sorgin ehiza baino lehen mutikoak bezainbat dantzatzen zirela neskak. Ez naiz hori pentsatzen duen bakarra. Gainera, teoria horrek esplika dezake kaskarotek jantzi androginoa izatea. Baliteke, garai batez, denek parte hartzea bai kaskarotetan, baita beste edozein dantzatan eta ohituratan ere».



