Dokumentuaren akzioak
Karriketan dantzan lau egunez
Festa giroan murgildu da Iruñeko Arrosadia auzoa; bihar botako dute suziria EHE taldeko kideek
Ospatu, parte hartuz
Auzotik eta auzoarentzat prestatzen dituzte jaiak aniztasunez
beteriko programazioarekin. «Jende guztiak parte hartzea beharrezkoa
da, festak beharrezko kolorea eta alaitasuna har dezan», esan du Izkok.
Euskaraz bizitzera, ohiturekin jarraitzea eta, oro har, kulturarekin
bat egitea da euren urteroko erronka, Jai Batzordeko kidearen hitzetan,
«kalera atera, kalea bete, kalean ondo pasatu eta herri jaiak bizi egin
behar dira». Emozioz azaldu ditu Izkok aurten izango dituzten era
guztietako ekitaldiak. Bihar, esaterako, «erraldoi eta buruhandien
kalejirak auzoko txoko guztiak zeharkatuko ditu, eta aurten inoiz baino
bereziagoa izango da, 20 urte betetzen baititu konpartsak». Herri
afariarekin eta dantzaldiarekin amaituko dute eguna, baina larunbataren
hasierarekin ere lotuko dute, diana goizaldeko zazpietan izango baita.
Eskulangile azokak kaleak erakusmahaiez beteko ditu, «zeramikaz, larruz
eta eskuz eginiko zenbait produktu egonen dira erakusgai, baita salgai
ere». Kalderete lehiaketa antolatu dute, eta beldur ere badira aurreko
zenbait festatan Iruñeko Udalak herrikoiak diren zenbait ekitaldi
zapuztu dituelako, baina jakinaren gainean daudenez, «antolatutakoa
ahal moduz aterako dugu aurrera», azaldu du Izkok. Eguna amaitzeko eta
gorputza mugitzeko zenbait kontzertu ere antolatu dituzte Ilargi Enea
plazan, besteak beste, Kaskezur, El Trono de Judas, Los Kebraos eta
Tokame la Polla arituko dira.
Gurpilari bira eta bira
Iganderako gorde dute nazioarteko jaialdia. Lurralde anitzetako
taldeak igoko dira agertokira, eta hainbat musika estilorekin ajea
uxatzeko aproposa izan daitekeela adierazi dute antolatzaileek.
Hamaiketakoa ere eginen dute ondoren, eta zenbait herrialdetako
pintxoak eta zaporeak egonen dira dastagai. Babarrun janarekin ase
geratu ostean, dantza erakustaldia egingo dute: hip hop, dantza
garaikidea, sabel dantza eta dantza latinoak. Pailazoak ere joango dira
Arrosadiara, haurren eta helduen algarak nonahi entzuteko modukoak
izango direlarik. Zezensuzkoaren eta gaueko musikaren ostean, jaiei
amaiera emanen diete, behintzat datorren urtera arte.
Azken egunotan jaso dute Udalaren eskutitza Arrosadiko Jai
Batzordeko kideek. Urtero legez, programazioa prest edukitzean Udalera
helarazten dute, hark aurreikusi eta onar dezan. Aurreko urteetan ez
dute traba gehiegirik jarri, baina aurten arazo bat baino gehiago ikusi
dute, dirudienez, programan. Gorka Izkok adierazi du guztiz harritu ez
badie ere aurreko urteetako eskaeretatik asko urruntzen dela aurten:
«Kalejirak eta kalean egindako orori trabak jarri dizkigute», izan ere,
zenbait kaletako errepideetan «gehiegizko zirkulazio arazoak» gerta
daitezkeela eta, egitarauan dauden zenbait ekitaldi moldatzera behartu
dituzte.
«Gurpila bira eta bira dabil udaletxean, handik eta hemendik
trabak eta inposaketak baino ez dizkigute jartzen», azaldu dute Jai
Batzordekoek atzo emandako prentsaurrekoan. «Iruñeko Udala bilakatu da
aurtengo etsai, inoiz baino gehiago, hiritarren eskaerak ezeztatzeaz
gain, gure ahalegin guztiak oztopatzen saiatzen ari da», azaldu dute
kexu batzordekideek. Horren adibidetzat jarri dituzte Txantrean
izandako jai herrikoein aurkako erasoak, Azpilagaña eta Iturrama
auzoetan «udaltzain asko» ibiltzea, Gora Iruñea!-k leku publikoan jai
gunea edukitzearen ukazioa eta sanferminetako peñek «jasaten dituzten
udal gobernuaren erasoak». Horiekin batera iritsi da Arrosadiara auzo
elkartearen kontra eginiko kanpaina, «azkenik itxi ahal izateko, auzoko
jendea elkartzeko toki bat ere utzi gabe». Hori gutxi balitz bezala,
udalaren ezezkoa berriz ere, «bizilagunek nahi eta eskatzen duten Galle
plaza berrian aurten jai gunea jartzeko», diote Jai Batzordeko kideek.
Jaiak, ordea, egingo dira, eta Arrosadiko antolatzaileen
xedeak ez dituztela zapuztuko azaldu dute: «Gure helburua da jaietan
denei gune bat eskaintzea, jendea harremanetan jarriz eta giro ezin
hobea bultzatuz, gaur egun indarrean dagoen norberekeria albo batera
utziz».
Musaren ordagotik, pokerraren apustuetara
Berrikuntza ugari egin dituzte aurten jaietako egitarauan; horien artean, poker txapelketa
M. Huarte.
Eraberritu edo hil; Arrosadian ere hori pentsatu dute, eta atzean geratu ordez, betikoari eutsi ordez, berriztatu egin dituzte jaiak. Ekitaldi ugari prestatu dituzte aurten ere, eta berrikuntza ugari aurki daiteke egitarauan. Harrigarriena, agian, bazkalosteko betiko mus partida kentzea izan da. Ohitura alde batera utzi, eta pokerra izanen dute aurten jolasa. Lehenengo txapelketa izanik, ez dakite oraindik zein izango den jasoko duten erantzuna, baina azkenaldian auzoan jende gazte anitz aritzen denez, parte-hartze handia espero dute Jai Batzordeko kideek. «Tabernetan eta zenbait geralekutan ikusi ditugu pokerrean jolasean, eta 'zergatik ez?' pentsatu genuen, hori izan zitekeen aurtengo jaietan berrikuntzetako bat», azaldu du Gorka Izko Jai Batzordeko kideak. Larunbatean izanen da zortea eta abilezia jokoan jartzeko eguna, musaren azpijoko eta keinuak alde batera utzita, aurten behintzat.
Ostegun gau partetik hasi eta igandeko gau erdira arte festarik festa ariko dira Arrosadia auzoan. Erraldoi eta buruhandien konpartsak ere badu zer ospatu. Hogei urte eginen ditu aurten, eta modu berezian goratu nahi dute. Bihar aterako dira auzoko kaleak girotzera, buruhandien zirikaz haurren irrien algarak ateratzera eta karriketako giroa berotzera. Larunbatean, Iruñeko gainontzeko konpartsak gonbidatu, eta guztiek batera, pauso bera jarraiki, handitasunez harro ariko dira Arrosadian barna.
Etxekoarekin aski ez, eta kultur anitzetako ekitaldiak ere prestatu dituzte Jai Batzordeko kideek. Auzoan ere gero eta atzerritar gehiago bizi denez, denontzako jaiak antolatzerakoan kultur aniztasunarekin bat egin nahi izan dute. Asturiasko gaiteroak, esate baterako, eskulangileen azokan barrena ibiliko dira larunbatean. Igandean, berriz, nazioarteko dantza jaialdian, estilo anitzek eginen dute bat agertokian.
Egitaraua
GAUR
20:00.
Jaiak badatoz!Trikitilariak auzoan. Jai gunea irekiko dute. Kontzertuak, Ilargi Enean: Bortitz, Iraultza, Suntsiketa eta Los Magras.
BIHAR
18:00.
Auzoko lagun zaharrenari omenaldia.
19:00.
Ilargi Enea erraldoi eta buruhandien konpartsa.
20:00.
Suziria, Gallen plazan : Euskal Herrian Euskaraz taldeak jaurtiko du.
20:30.
Mayordomoen dantza. Gazte kalejira, Skaleak taldeak girotuta.
21:00.
El Trio Dorado Konpainia eta Hermanos Cardenasen kontzertua. Jarraian, Luziano gizon orkestra. Zezenak, Ilargi Enea pasealekuan.
22:00.
Zezensuzkoa. Euskal herri afaria.
23:30.
Dantzaldia.
LARUNBATA
07:00.
Diana.
09:00.
Hamarretakoa.
10:30.
Eskulangile azoka. Asturiasko gaiteroak.
11:00.
Margolan erakusketa. Zeramika tailerra. Oberena dantza taldea. Kalderete lehiaketa.
12:00.
Haurrentzako animazioa.
14:15.
Kaldereteak.
16:30.
Lehenengo Poker Txapelketa.
18:00.
Iruñeko erraldoien topaketa.
20:00.
Kontzertuak: Kaskezur, El Trono de Judas, Los Kebraos eta Tokame la Polla.
21:00.
Zezenak.
22:00.
Zezensuzkoa.
IGANDEA
10:00.
Hamarretakoa.
11:30
Nazioarteko dantza jaialdia: Llajwas, Afolbo, Ofu Igbo, Peru arte, Contigo Peru, Atipac.
11:30.
Nazioarteko hamaiketakoa.
12:00.
Arrosadia kantuz.
14:00.
Babarrun jana.
17:30.
Dantza erakustaldia: Hip hop, dantza garaikidea, sabel dantza eta dantza latinoak.
18:30.
Pailazoak.
20:00.
Zezenak.
20:00.
Batukada.
21:00.
Zezensuzkoa.
00:00.
Jaien amaiera.
Dokumentuaren akzioak