Dokumentuaren akzioak
'Karrikan' dantza ikuskizuna eskainiko du Kukaik Arrasaten
Jon Maya da zuzendaria eta dantzaria. Ikuskizun "berezia" dela azaldu du. Parte hartuko dute sei dantzarik eta Dj batek, eta kalean bertan eskaintzeko sortutako ikuskizuna da. Horregatik, oso sinplea izango da: "Baliabide tekniko gutxienarekin egiten saiatzen gara. Ez dugu eszenatokirik erabiltzen, lurrean egiten dugu dantza eta musikari baten laguntza izaten dugu".
Hiru koreografo talderen lana
Hiru koreografo taldek parte hartu dute dantza ikuskizuna prestatzen. Damian Muñoz eta Virginia Gartzia alde batetik; Iker Gomez izan da bigarren koreografoa; eta, Pantxika Telleria bestea. "Ikuskizun honek hiru zati ezberdin ditu, zati horietako bakoitza landu dugu koreografo batekin. Hirurak euskal koreografoak dira, baina Euskal Herritik kanpo jarduten dutenak lanean", azal du Mayak. Koreografia bakoitza 20 minutu ingurukoa izango da: "Zati bakoitzak zerikusia dauka euskal tradizioko gai batekin baina beti ere tratatuta dago hiru koreografo garaikide hauen begiradatik".
Musikak batuko ditu zatiak
Zigor Lanpre Dj-a ibiliko da zuzenean musika jartzen. "Alde batetik 
ikuskizunari osotasuna emate dio; hiru zatiko ikuskizuna da baina bere 
presentziak osotasuna eta lotura ematen dio. Gainera, pieza bakoitza 
girotu egiten du. Batzutan oso giro jakina emanez eta beste batzutan 
gauza askoz ere adierazgarriagoak esanez", dio Mayak.
Kalean dantza 
egiteak zer berezitasun daukan galdetuta, Maiak dio interesgarria eta 
polita dela: "Kalean edo aretoan dantza egin alde handia dago. Biak dira
 interesgarriak eta politak, baina era berean oso ezberdina da. Antzoki 
baten iluntasuna dago, argia, publikoa non dagoen badakizu, zu ere 
babestua zaude… Kalean, berriz, oso espontaneoa izan daiteke dena, 
jendea mugitu egiten da, telefonoa, zaratak... Era berean kaleko 
ikuskizunetan hartu emana zuzenagoa izaten da", azaldu du Mayak.
Aretoetara ikusleak espresuki joaten dira emanaldia ikustera; kalean, ostera, edonor geratu daiteke: "Baina kontuan hartu behar dugu zaletasuna sortu gura badugu eta jendea ohitzea gura badugu dantza ikustera guk joan behar dugula jendea dagoen tokira".
Ez da dantza tradizionala
Maiatzean, hain zuzen Leioako jaialdian, estreinatu zuten ikuskizuna. Ordutik 12 bat emanaldi egin dituzte, eta harrera "oso ona" izan duela azaldu du Mayak.
Kukaik egiten duen dantza ez da dantza tradizionala: "Kukain egiten 
duguna da sorkuntza, dantza ikuskizunak sortzen ditugu gaur egundik, 
baina ere berean gure lan tresna garrantzitsuenetariko bat dantza 
tradizionala da", esan du Mayak, eta gaineratu du: "Gure ikuskizun bat 
ez dut uste definitu behar denik dantza tradizional bezala. Kukaiko 
dantzariek euskal dantza tradizionala egiten dute baina beste lan 
esparru batzuetan". 
2001ean sortu zuten Kukai dantza taldea, Deiadarra ikuskizunarekin. Ordutik hainbat lan egin dituzte: Hnuy Illa, Sok2, Hostoak, Otehitzari biraka...
 Gaur egun euren azken lana eskaintzen dabiltza herririk herri. 
"Ikuskizun oso bizia, ikusteko erraza eta bariatua da", azaldu du Mayak 
gaurko emanaldiaz.
Dokumentuaren akzioak
 
     
 
  
 
 
