Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Karmen Larunbe zenari omenaldia, Gaiarren

Dokumentuaren akzioak

Karmen Larunbe zenari omenaldia, Gaiarren

Haren izena daraman dantza konpainiak bi koreografia taularatuko ditu

Egilea
Alberto Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2006/02/03

Omenaldia Gaiarre Antzokiko Fundazioak eta Kultura eta Turismo Departamentuak antolatu dute, eta Larunbek berak sortu zuen dantza konpainia izango du protagonista nagusia. Dantzari zenaren semeak, Juan De Torresek, Karmen Larunbek omenaldia merezi zuela nabarmendu du aste honetan, Iruñean. «Biran geundela, Pirinioak zeharkatzen genituen aldi oro, geratu egiten ginen, berak arnas har zezan. Hemengo paisaiak goraipatzen zituen oroz gain».Gaurko emanaldian, La ventana (Leihoa) eta Más o menos un día (Egun bat, gutxi gorabehera) koreografiak aurkeztuko ditu bere izena daraman konpainiak. Leihoa, gainera, dantzariaren beraren koreografia da. Egunotan, bitartean, dantzariaren hainbat objekturekin erakusketa dago ikusgai antzokian bertan. Argazkiak, afixak, bideoak, jantziak eta atrezzorako gaiak.



Argentinan hasieran, Bruselan gero



Karmen Larunbek 6 urte zituela, Argentinara atzerriratu zen familia, eta han hasi zen dantzarekin bere harremana, Misiones eskualdean. Bertako antzerkia zuzendu ondoren, Bruselara joan eta Maurice Bejart dantzari ezagunaren koreografia laguntzaile izan zen urteetan.



Ondoren, Bruselako Ballet Garaikidea zuzendu zuen. Europako dantza konpainiarik onenetakoa izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta Karmen Larunbek ospe eta izen handia hartu zuen. Ez zion inoiz utzi, nolanahi ere, bere konpainiarekin koreografiak prestatzeari.Askotan azpimarratu da dantzariak Nafarroarekin izan zuen lotura, eta ikuskizun eta koreografia asko aurkeztu zituen bertako jaialdi eta antzokietan. Ziudadelako Gauetan, Erriberriko Jaialdietan eta Nafarroako Jaialdietan parte hartu zuen, eta Gaiarre antzokian maiz dantzatu zuen. Azken aldia 1994an, Elizondon, Nafarroako Jaialdien barruan. Halaber, eskola bat sortu zuen Iruñean, dantza klasikoa, garaikidea eta dantza herrikoia erakusteko.Hil eta gero, semeak hartu zuen dantza konpainiaren ardura, eta bere burua Karmen Larunberen oinordekotzat zuela azaldu zuen herenegun. «Berak martxan jarri zuen konpainiak bere izenarekin jarraitu du. Oinordekotza historikoa oso handia da, eta badakigu utzi zigun ondarea balioesten».

Dokumentuaren akzioak