Dokumentuaren akzioak
Karmen Etxalarkoa Pastorala, euskara ardatz
Katalunia gogoan. Gora Katalunia libre eta gora Euskal Errepublika!
Irailaren 16an, Bilbon, Kataluniako prozesuaren aldeko manifestazio erraldoia egiten zuten bitartean, Etxalarrek Karmen pastoralaren lehen saioa jokatu zuen. Ni ez nintzen bertan, baina entzun dudanez arrakasta handiaz jokatu zuten. Jendetza handiak Etxalarko karrikak, plazak eta ostatuak bete izan zituen egun osoz, eta arratsaldeko 15.30etan, pastorala puntu-puntuan hasi zenean, frontoiko jarleku guztiak jendez lepo zeuden.
Igandean ere, antzeko zerbait gertatu zen. Ni arratsaldeko ordu-biak eta erditan iritsi nintzen Etxalarrera, eta ordurako herria jendez gainezka zegoen. Sarrerak agortuak ziren eta sarrerarik gabe zeudenek ilara luzea egiten zuten, sartzeko nolabaiteko modua bilatzen. Beharrik, nik duela hilabete Sarako herri ostatuan erosi nuen. Frontoira sartu eta hango jarleku batean eseri nintzen. Inguruan adin eta jatorri guztietako jendeak ziren. Ezagun franko. Baziren etxalartarrak eta Bortziriko beste herrietakoak, euren euskara kantariaz mintzatzen, baziren baztandarrak, Iruñea aldetik etorriak, lapurtar eta baxenafar franko, Gipuzkoako auzo herrietakoak, bizkaieraz mintzo zirenak, eta baita xiberotarrak ere. Arratsaldeko 15.30etan arizaleak, pastoral doinuaz lagundurik, frontoira sartu eta oholtzara igo ziren,
1.- Karmen Etxalarkoaren inguruko azalpenak
Prosper Merimée idazle frantses ospetsuak 1845. urtean Carmen izeneko eleberria idatzi eta bi urteren buruan, hau da, 1847an argitara eman zuen. Liburu honetan Carmen izeneko neska ijito baten ibilerak kontatu zituen. Protagonista nagusia Carmen neskatxa da, ijitoa, igarlea, lapurrerian dabilena, eta, batez ere, eder-ederra. Hori dela eta, gizonak maitemintzeko eta zorabiatzeko abilezia handia zuena. Guk, hemendik aitzina, Karmen deituko dugun pertsonaia nagusiaren ondoan, Nabarroezizenez deitzen zuten mutila daukagu. Nafartarra, Elizondokoa, eleberriaren hastapenetan militarra duguna eta, Karmenen amodioagatik, kontrabandista eta bide-lapur bilakatuko dena.
Prosper Meriméek liburuaren hasieran kontatzen duenez, Nabarro Kordobako presondegian ezagutu zuen eta bertan zegoela, bere bizitzaren abenturak eta desbenturak kontatu omen zizkion. Egia ote? Literatur teknika hutsa? Nork daki. Batzuek diote egiazko istorioa dela, besteek, berriz, Meriméen burutik sortutako fikzioa dela defendatzen dute. Modu batean edo bestean, gauza da Karmen famatua egin dela, bai literaturan, eta baita, geroxeago, egindako opera eta ikuskizunetan ere.
Arestian aipatu dugun bezala, Karmen ijitoa edo buhamina zen, eta gazteleraz mintzatzeaz gain, ijitoen mintzairaz ere maiz hitz egiten zuen.
Nabarro, lehen erran bezala, baztandarra zen, euskalduna, eta honen hizkuntza euskara zen. Elkar ezaguten dutelarik Karmenek, mutila euskalduna dela sumaturik, euskaraz eginen dio eta sortzez Etxalarkoa dela aitortuko. Badirudi, ttikia zenean, ijito batzuek bahitu eta Andaluziara eraman zutela.
Nabarro ezizenaren gibelean, Joxe Lizarrabengoa elizondoarra daukagu. Espainiarrek ezin omen zuten bere abizena ahoskatu ere egin, eta nafarra zenez, horrelako goitizena ezarri zioten. Baztanen pilotari famatua izan omen zen, baina arabar baten aurka jokatu zuen partida baten ondoren, gauzak izugarri korapilatu zitzaizkion. Badirudi bi pilotarien artean herra eta ezin-ikusi handia sortu zela orduz geroztik, eta liskar ugaritan ibili zirela. Horrelako kalapita batean Joxek pilotari arabarra hebaindu edo egurtu egin omen zuen, aurkaria erdi elbarri utzirik. Justizia atzetik zebilkiola, Nafarroa utzi behar izan zuen eta Espainiara joan. Armadan sartu zen eta brigadier kargua laster zuen eskuratu. Karmen ezagutu zuelarik, sarjentu izateko asmotan zebilen.
Karmen ezagutu zuen momentutik, Joxe arras maiteminduta gelditu zen, eta neskaren amodioa lortzearren, edozein gauza egiteko prest azalduko da, baita ebasteko eta hiltzeko ere. Engoitik, Meriméek sorturiko narrazioaren ildoa izugarri nahasten eta korapilatzen da. Joxek, Karmen preso daramaten soldaduen eskuetatik libratuko du, baita horregatik brigadier kargua galduko ere. Hortik aitzina, dena galduko du Karmenen amodioarekin itsuturik. Baina, Karmen ez da aingerutxo bat, gizonak erabiltzen dakien neska ederra baizik, eta Nabarro azken horietako bat izanen da, baztandarraren zoritxarrerako. Karmen kontrabandistez eta gupidarik gabeko bide-lapurrez osaturiko talde batean dabil, eta hortxe ere, sartuko da Joxe elizondoarra. Hor barruan dabilela, Gartzia Begibakarra, lapurren taldeburua, Karmenen senarra dela jakinen du.
Eleberri hau egiazko tragedia da, eta bukaera aldean, hilketa eta bihozgabekeria ainitz egin ondoren, Joxek Begibakarra hilko du, baita neskak zituen gainerako maitaleak ere. Hala eta guztiz ere, ez du inoiz atzemanen neskaren bihotza, eta maitale bat hil orduko, beste bat da sortuko. Azkenean, etsiturik, Joxek Karmen bera hilen du. Ikusten dugun bezala, gaia biziki egokia da pastoral batendako eta Karmen pertsonaiak, egiazkoa edo fikziozkoa izan, ongi merezi du pastoral baten süjeta izatea.
Horrela pentsatu zuen Gerardo Mungia iruinsemeak, eta horrela idatzi. Etxalartarrei aurkeztu, hauei gustatu, eta pastorala jokatzeko deliberoa zuten hartu.
2.- Karmen pastoralaren nondik norakoak
Karmen Etxalarkoa Prosper Meriméeren eleberri batetik sortutako pertsonaia izanki ere, gurera dute ekarri Gerardo Mungiak eta etxalartarrek. Mungiak pentsatu zuen pastoral hau Karmenen herrian jokatu behar zela, hau da, Etxalarren, eta horregatik etxalartarrekin mintzatu ondoren, antolatze prozesu luze baten ondoren, irailaren 16an eta 17an, herriko frontoian zuten jokatu. Pastoral-idazleak ongi islatu du, hamazazpi jelkalditan, Meriméek nobela hartan idatzi zuena. Hori bai, nahiz eta Andaluzian gertatu, izugarri ongi jakin du Euskal Herrira txertatzen. Amodiozko istorio hura euskaraz gertatu zen, eta euskaraz oroitarazi digute etxalartarrek.
Errejenta, edo errejentsa kasu honetan, hobeto erranik, Pantxika Urruti barkoxtarra izan da, 2016an, Maite Berrogain-Ithurbidek idatzi eta Baionan, Donostian eta Donibane Garazin jokatu zuten Katalina de Erauso pastoral ederra zuzendu zuena. Pastoral hura arrakastatsua izan zen, baita Etxalarko hau ere, eta horretan Pantxikak zerikusi handia izan duela erran beharra dago. Gerardo Mungiak pastoral klasiko baten egitura eman badio ere, Pantxika Urruti izan da pastoralaren ohiko bideetatik, jakituria handiz, trajeriaren ildoa gidatu duena.
Osora ehun eta hogeita hamar arizale inguru aritu dira lanean, musikariak, dantzariak, jostunak, teknikariak… eta gainerakoak zenbatu gabe. Herri oso baten auzolana izan da, fruitu ederrak ekarri dituena.
Miren Olaetxea etxalartarra izan da Karmen süjeta jokatu duena, eta Migel Joxe Ariztia amaiurtarra Joxe baztandarra irudikatu diguna. Kantoreen irakaslea Alberto Lasa eta dantzen irakaslea Amadeo Telletxea. Satan dantzetan etxalartar gazteak trebatze lanetan Ilhora eta ibai Capot anai-arrebak eta Arnaud Izal aritu dira. Hiruak xiberotarrak eta dantzari finak, esperientzia handikoak. Xiberoko pastoraletan erabiltzen diren ohiko doinuez gain, Etxalarko musikariek Euskal Herri osoan ezagunak diren doinuak erabili dituzte, eta dotorezia handiaz gainera. Halanola: Aldapeko, Ala kinkirriñera…, eta horrelakoak. Pasadobleren bat ere entzun genuen.
Lehen perediküaren bigarren bertsetan honela zabaldu zuten Etxalarko bazter ederretara: 2.- Honat jinak gozatzerat / ongi zarete? Egun on. / Euskarak bat egin gaitzan / lortzen badugu, zorion! Eta ederki lortu zutela erran beharra daukat, pastoral hau euskarari egindako nolabaiteko omenalditxoa izan delakoan bainago. Lehen jelkaldian Karmenek eta Joxek elkar ezagutu zutenekoa kontatu ziguten. Bigarren jelkadian, elkarren arteko ibilerei eman zieten hasiera, eta bukaeran lehen kantorearen tenorea izan zen. Horretarako Xalbadorren Ama Euskal Herria bihotz-pizgarria abestu zuten.
4. jelkaldian Inkisizioarekin horren loturik ibili ziren fraide domingotarrak igo ziren oholtzara, eta bigarren kantorean, Gerardo Mungiak idatziriko eta Jabier Perez de Azpeitiak musikaturiko Haragia eta bekatua izeneko kantu ederra abestu zuten. Kantu honen kobletan garai zahar haietan horren ohikoak ziren mezu misoginoak nabarmen entzun genituen, eta jendeak txistu eta oihu artean hartu eta erantzun ere. Hona hemen bigarren eta hirugarren koblak: 2.- Deabrua mozorratzen da sugez ala emakumez / panpoxa, lerden, pollit, eper edo ttirripittinez. / Gizonak! Emaztekietarik begira itzazue! / Engoji bazide plazerretan… egizue mehe! // 3.- Andereak noiztenka behar du dezatela puni / Halaxet ikas dezan eta halaberki konpreni / gizonak ongixko dakiela zer zaion komeni / nori otoiztu, noiz solastu, men egitea zeini.
5. jelkaldiaren bukaeran txalapartaz eta kriskitinez lagunduriko dantza zoragarria eskaini zuten, publikoaren txaloaldi luze eta beroa jaso zuena. Güdükek, laupabost, arrakasta handia izan zuten eta publikoaren arreta bereganatu. Pastoralaren ildoa ustekabez eta kantu, soinu eta dantza ederrez beterik zuten urratu, pastoraletan ohitua ez zen publikoaren arreta, begirunea eta plazera piztuz. Baina istoria aurrera zihoan, korapiloak lotzen, askatzen eta berriro lotzen, ikus-entzuleen bihotza hunkitzen jakin zuen ildo zirraratsuari jarraikiz.
11. jelkadian kontrabandisten kontuak azaldu zituzten, eta bukatzeko horiei buruzko kantore ederra eskaini. Kantu horretan Etxalarko hainbat kontrabandistaren izenak aipatzen zirelarik. Ikus dezagun lehen kobla: 1.- Txorilepo aldean / han zituen Xaldua, / Segismundorekilan / Altxugai deitua, / Eugenio Sanzberro, / Miaka gaixua, / hogeita hamaseiko gerran gatibua.
13. jelkaldian ohiko artzainak, artaldea eta astoa oholtzara igo ziren kantatzera, eta amaitzean talo ugari jaurti zuten frontoia lepo bete zuten publiko aldera. Bardea-tik Bordarat izeneko kantu ederra abestu zuten. Lehen koblak honela zioen: 1.- Pikorbidetik helduz Bardeak ja urrun./ Zonbat urrats emanak! Zonbat gau eta egun! / Artaldearen buruak urrixak ditu azun. / Antzumeek inarrosten, zerentako hain frikun?
15. jelkaldian, ate gorritik türka andereak atera ziren airoski eta gaizto, makilak bortizki astinduz eta oihuka. Jendeak atsegin handiz hartu zuen hauen jokoa.
Eta azkenean, iritsi ginen 17. jelkaldira. Hauxe izan zen trajeriaren amaiera, bertan, Joxek, desesperaturik, jelosiaz beterik, eta Karmenen bihotza bereganatzeko guztiz etsiturik, neska labain kolpe batez hil baitzuen. 211. bertsetan honela erran zion Joxek Karmeni: 211.- Zure maitale guziak / hiltzeaz ja akitua. / Oraingoan hilko zaitut. / Alta nauzu nazkatua. 224. bertsetan Karmenek honela erantzun zion: Herioari buruz noa / badakit nauzula hilko. / Aspaldian idatzia. / Baina nik ez dut etsiko.Gero seigarren kantorearen tenorea izan zen eta bertan Joxeren eta Karmenen arteko elkarrizketa batez, euren amodioez eta desamodioez mintzatu ziren. Bukaeran Joxek nabala atera eta honela erran zion: Enekin etorriko zara! Eta Karmenek arrapostua eman: Ez, ez, ez!Orduan, Joxek bi nabala-pikoz Karmen hil zuen eta soldaduek elizondoarra preso hartu eta eraman.
Gero azken perediküaren ordua izan zen. 237. eta 238. bertsetetan euskararekiko atxikimendua zuten berriz gogoratu: 237.- Euskarari atxikiak / Nafarroako haranak / guzion erronka baita / helduena, ttikiena // 238.- Aipa nahi nizueke / hemengo jente guzier / euskaraz solas zakizkie / haurrak jaio bezain ber.
Ondoren eta bukatzeko azken kantorea. Gerardo Mungiak idatziriko eta Errege Beldak musikaturiko Gotorlekua izeneko kantu eder eta gogoangarria, laster Euskal Herriko irrati guztietan, behin eta berriz, entzunen dena. Jendeak emozio handiaz entzun zuen. Lau koblaz eta errepikaz osaturik zegoen. 1.- Baztan, Bortzirietan sofritzen dugu Espainia eta Frantzia arteko / muga gaitzigarria, ondoan. Maiz gizonek onartua ondikoz. / Gerra guziak, behialakoak, munduko gerrak eta zibilak / hemen gaindi iragan dira atsekabetuz baso eta arroilak. // 4.- Euskal Herriko erdikaldean, Pirinioko hegoaldean / etxalartarrek elkartu dira bertakoa den auzolanean. / Zuberoako pastorala izan da gure funts, gure egarzola. / Taulara igan da Prosper Meriméek idatzi Karmenen parabola. Eta errepikak lau haizetara, publikoaren laguntzaz, zabaldu: Bizi nahi dut euskaraz / bizi nahi dut euskaraz / euskaraz biziko gara!
3.- Pastoralari buruzko nire iritzia
Egia erran behar badizuet, Etxalarrera hurbildu nintzenean, aurreiritziz beteta neraman burua. Gauza ainitz entzunak nituen, aldeko eta kontrako. Zuberotarrek, orokorrean, ez dute begi onez ikusten pastoralaren zabaltze prozesu hau. 2014an Itxaro Bordak idatziriko Gerezien denbora jokatu zuten Baionan. 2015ean Jon Alonsok idatziriko Joxemiel Bidador Iruñean, eta iaz, Maite Berrogainen Katalina de Erauso Baionan. Aurten, Etxalarko Karmen pastorala. Gehiegizkoa dela iruditzen zaie. Zuberotarrek pastorala Zuberoarekin eta zubererarekin estekaturik ikusten dute.
Zuberoak gaur euskalduntasuna bizirik iraunarazteko hiru zutabe nagusi ditu: ikastola, maskarada eta pastorala, eta hiru ardatz horien inguruan indartzen dute euskara eta euskal kultura. Hori egia da. Batzuek diote pastoral ugari egiten badira Zuberoatik kanpo, gainerako euskaldunek Zuberoako pastoraletara joateari utziko diotela eta honek pastoralaren gainbehera ekarriko duela. Baliteke. Baina badira kontrakoa erraiten dutenak ere. Hauen ustez, Zuberoatik kanpo egiten diren pastoral hauek pastorala bera indartuko dute, eta Zuberoarekin loturik dagoela oroitaraziko digute denoi. Zergatik ez?
Nik auzi hau ez dut oso garbi ikusten, egia aitortu behar badizuet. Bi aldeetan arrazoiak ikusten ditut. Agian, oreka bat atzeman beharko genuke. Pastoralen arloan nagusitasuna beti Zuberoari utzi, eta tarteka, gainerako lurraldeetan pastoralaren bat edo beste egin. Ez dakit. Denborak du erranen eta bidea argituko.
Pastoral hau guztiz ederra iruditu zait, pastoral zaharraren bideak eta arauak ongixko errespetatu dituena. Idazlearen lana bikaina izan da, euskara batua, Pirineo aldeko euskalkiak eta ijitoen mintzaira ongi tartekatzen jakin duena. Eta zer erranik ez, Pantxika Urruti errejentsaren lanaz. Izugarri ona. Hortxe egon da, nire ustez, pastoral honen arrakastaren gakoetako bat. Gago gehiago izan dira, jakina. Kantuek, dantzek, jokoek, janzkerak… horiek ere izugarri ongi bideratu baitute Karmen Etxalarkoa pastoralaren ildoa. Zer erranik ez, etxalartarrez, arizale moduan aritu direnez, eta baita bestelako lanetan, auzolan paregabean lan egin dutenez ere; hauen lana ederra, oparoa eta bihotzez eskertzekoa izan baita. Laburbilduz, pastoral bikaina izan da. Aupa Etxalar!
Badakit orain erran behar dudana aipatzean ez dudala deus berririk asmatuko, baina horra hor nire gogoeta. Beti izan da horrela, baina azken hamarkadetan ikusten ari garen pastoral zoragarriak kontuan harturik ---eta Etxalarko hau barne---, erran dezakegu pastorala dela euskaldunen antzerki nazionala. Hala bada, hala bedi! ---dio euskal erramolde zaharrak.
Dokumentuaren akzioak