Dokumentuaren akzioak
Karlota edo Dorleta
Kritika, 'Babia'
Ilargian egon, burua hutsik gelditu. Horrelako adierazpideekin itzul liteke gaztelaniazko babia hitza. Hitz horrekin izendatu duelako Asier Zabaletak bere talde berriaren Ertza taldearen lehen sorkuntza.
Egia esan, nik uste nuen Zabaletaren bilaketa artistikoaren hurrengo pausoaren aurrean aurkituko ginatekeela, baina aukera honetan dantza eta antzerkiaren arteko eremua hartu du Zabaletak zuzendari eta koreografo jarduteko, ikusleen aurrean agertu gabe. Gauzak horrela, nik biziki eskertu dut esku-programan antzerki-dantza hitzak agertzea, eta behin abiapuntu horretan jarrita asko disfrutatu dut lanaren planteamenduarekin eta egikera garbi-garbiarekin. Eremu eszenikoa sabaitik eskegita dauden hamaika estore koloredunek banatzen dute eta haietariko bakoitzaren aurrean garatzen dira laneko eszena laburrak, esketx erara. Horrek hasiera batean zertxobait mugatzen du espazioa, batez ere La Fundicion aretoko eszenatoki txikian, baina esketx bakoitzean estore bat edo bi batzen dira gorantz, eta emanaldia aurrera joan ahala gero eta toki gehiago sortzen da.Esan dudan bezala, lanaren planteamendua oso irudimentsua da, eszena askotan dantzari batek dantzaren bidez interpretatzen baititu beste baten pentsamenduak, bestea ilargian dagoen bitartean. Bereziki azpimarratu nahi dut interpretazioaren kontzeptua, normalean antzerki-dantzan edo egoerak irudikatu edo kontakizun bat azaltzen delako, dantzaren bidez. Kasu honetan, ordea, interpretatu egiten dira bestearen pentsamenduak eta norberaren egoerak, eta beste plano batera eramaten dira, horrela lortuz dantzaren benetako esanahi eta sakontasuna. Baina planteamendua irudimentsua izan bada ere, egikera bera nagusitu da beste ezeren gainetik, lau interpreteen dohainak direla medio. Zeren eta, gutxienez Maria Ibarretxe eta Jorge Lastraren kasuetan heziketa eta prestakuntza garrantzitsuak izan daitezke, eta baita ere kemena eta gaztetasuna, baina eurena, dudarik gabe, dantzarako dohaina da. Pilar Andres ez da beharbada beste biak bezain ezaguna, baina sorpresa bikaina eman digu bere presentzia eta mugimenduen zehaztasun eta malgutasunarekin. Azkenik, baina ez azkena, Iñigo Iraultza Garcia deskubritu dugu, bera ere antzezpenerako dohainekin apaindua, esate baterako kaletik ikusten duen neska hori Karlota edo Dorleta ote den ez dakienean, edota, pentsamendua beste nonbaiten duelarik, «Ibarretxeren baso sorgindua» aipatzen digunean.
Dokumentuaren akzioak