Dokumentuaren akzioak
Karakotxak Luzaiden, Pazko egunez
Herriaren izena Euskal Herrira hedatu duten dantzak osorik eskainiko dira gaur, ohi legez
Gaurko egunez aterako dira karrikarat, bertze urte batez, osorik dantzatzera. Urte osoan egun bakarrean izaten da ikuskizun hau bizitzeko parada. Goiz partetik hasten dira dantzan herriko gazteak karriketan barna. 09:30 aldera abiatuta, Arnegira joaten dira lehenik, eta handik itzulitakoan, Pekotxeta auzoan segitzen dute dantzekin (garai batean hori ere Arnegi zen, baina 1530ean muga ezarri zutelarik, Luzaiden gelditu zen). Autoz egiten dute ibilbidea egun dantzariek, baina lehen, oinez joaten ziren. Arnegira ez ezik, Donibane Garazira erejoaten ziren dantzariak Pazko egun goizean, orain ez hainbertze urte.
Eguerdi partean hartzen dituzte Luzaideko karrikak dantza doinuek. Karrikan sartu gabe, bi lerrotan ezartzen dira dantzariak, eta karrika-dantza dantzatzeari ekiten diote. «Martxa deitzen zaio hainbat tokitan, baina Lu-zaiden karrika-dantza deitu izan zaio euskaraz», argitu digu Anjel Aintziburuk, hainbertze urtetan dantzari izanak. Plazaraino joaten dira karrika-dantzarekin, eta han, hamabortzen bat dantza mota egiten dituzte: muxikoak, eskualdunak, sorgiñak, makila-dantzak... Ondotik, neskekin batera, kontra-dantzak egiten dituzte. 13:30 inguru arte irauten dute dantzek, eta bazkaritara joaten dira guztiak, norbere etxera. Arratsaldeanjarraitzen du ikuskariak; 16:00ak airean, Elizalde auzoan elkartzen dira, eta karrika- dantzarekin pilota plazaraino heltzen dira. 100 bat dantzari elkartzen da pazko egunez, eta ondorioz, herriko plaza ttiki gelditzen da. Osorik dantzatzen dituzte arratsaldean ere.
Dantza bakarra, pertsonaiak franko
Pertsonaia ugari dago Luzaideko dantzetan, eta horiek kokaleku bat dute dantzatzeko tenorean. Zaldizkoak joaten dira aitzinean. Hauek irekitzen dute bidea, eta puska biltzen aritzen dira. Makilariak datoz hauen ondotik, eta zapurrak gibelago, zaldizkoek bezala bidea irekitzea xede dutela. Zigantiak, emakume itxurako bi erraldoi xume eta banderariak datoz ondotik, izenak berak dioen moduan, ikurrina eramaten dutenak. Gorriak, bolantak -dantzariak- eta emakumeek ixten dute taldea. Arratsaldean, axeak eta tupinak eransten zaizkie, bukaeran. Bereziak dira bi pertsonaiok, Anjel Aintziburuk argitu bezala: «Axea eta tupina gizona eta emakumea dira. Axeak ardi larrua du bizkarretik, eta emakumea gibeletik, eta elkarri loturik dira eskuz eskura. Eskuineko eskuan zarpila deitzen dufen ziri bat eramaten dute. Muturrean korda bat dute, eta honen muturrean bada bola bat, ez uzteko buluzten, erresistentzia egin behar baitute. Gizonak badu ardi larrua eta buruan txapela, elorriz hornitua, eta hura kendu behar dute bertze aldekoek».
Elkar gurutzatze horrek joko berezia ematen dio dantzari, eta bestaren unerik bizienetakoa da. Baina Anjel Aintziburuk gurutzatze hori garai batean hobeki egiten zela uste du. «Plazan hobeto da inguru guztia libro izatea, eta gisa hartara organizatzen zen guztia. Hiru itzuli ematen dira, eta hiru lehenbiziko itzulietan debeku da buluztea. Gero, hiru itzuliak eman eta, buluzten hasten dira, badute eskubidea buluzteko. Lehenago ez ziren lotzen buluzterakoan, bi edo hiru sartzen zirelako, eta orain berdin sartzen dira hogei lagun. Elkarri atxikitzen zaizkio, eta jokoa ez da hori; lehenagoko jokoa politagoa zen: atakatu, eta harrapatzen zuenak tira, eta bertzela, berriz saiatzen ziren. Aldiz, orain, orain lotzen dira. Denbora gehiago irauten zuen jokoak lehenago».
Kutsu militarra
Ez da erraza jakiten dantza hauen jatorria zein den. Ez nondik datozen, ez zer erranahi duten. Aintziburuk argitu du Biarnoko alderdian badirela antzeko pausoak bertze musika batez. «Monendarrak ere Monen Frantziako hiritik etorriko dira, eta Alemanak behar dute izan alemaniatik... Zuzenki ez daki inork nondik sortuak diren eta nola sortuak diren. Eskotixak behar zuten izan Eskozian sortuak, baina joan zen aldi batez entzun dut sortua izaten ahal dela Bosnian». Ez zaio harrigarria egiten hau Aintzibururi; «jendeak izan ditu ohitura berdintsuak. Gazteak saiatu dira toki batzuetan dantza batzuk sortzea, eta bertze batzuetan ikasten nola egiten zuten».
Jatorri argirik ez, baina Luzaide non kokatua dagoen antzematea bertzerik ez dago zerbait sumatzeko. Zibilizazio anitzen pasatokia izana da Luzaide, eta horrek ondorioak utzi ditu, tartean bere dantzetan. «Luzaide izan da pasaiako toki handia. IV. eta V. mendean, eta VIII. edo IX. mendean. Gerlarako tokia edo iheslarientzako izan da. Luzaide iheslari batzuek sortu zutela erraten da». Jantziek zein dantzek borrokaldiak ager ditzakete, eta hortik, zenbait adituren ustetan, kutsu militarra hartzen du bestak. Armadarekin lotura ezpatetan ere aurki daiteke.
Anjel Aintziburu urteetan aritu zen dantzan pazko egunez Luzaiden, eta hainbat urte sasoitan han-hemenka. Bere garaietatik dantza fidel mantendu da, bere aburuz. «Dantza perfekzionatu egin da. Gisa batera perfekzionatu da, bertzera ez». Emozioa eragin zioten kontradantzak perfekzionatu zirenean. «Don Miguel Sagaseta herriko apaizak bildu zituen kontradantzak, anitz urrats eginik. Kontradantzak dantzatzen genituen guk, baina ez oraingo perfekzioarekin. Galduak ziren ohiturak. 1968tik goiti hobeto egin dira. Aldiz, gu kontradantzetan hasten ginen itzulika, eta gero bertze batzuk hasten ziren berantago, eta orain ez da horrela egiten».
Miguel Sagasetaren bilketa lana ardatz
Dantzak ongi ikasten dira gaur egun, Aintzibururen ustetan, «eta hori da gauza bat betiko ongi egina dena. Horretan badu merezimendu handia Don Miguel Sagasetak egin zuen lanak. Gerlengatik-eta ohiturak aldatu zirelako, galdu ziren pixka bat. Gero, bolant-dantzetan eta jauzi-dantzetan aldatu dira pixka bat urratsak. Zorte edo dobla egiten zen lehenago itzulian, eta orain ez da itzulian egiten, urratsak segidan egiten dira. Zenbait tokitan itzulian egiten dute, Donapaleun adibidez». Ongi ezagutzen ditu dantzak, eta zenbait kontutan sobera adornatzeko joera ere hartu dela uste du. «Sobera antrexanta sartzen da, sobera adornatzen da. Antrexanta egiteak dantzariak erraztasuna duela erakusten du, baina sobera ere ez da polita, eta badira urratsak urrats egin behar dutenak, eta antrexantak antrexantak egin behar dutenak. Badira antrexantak egiten dituztenak, eta badira egiten ez dituztenak. Baina, ene gustuko, ez da komeni sobera egitea, sobera adornatzea». Karrika-dantza ere segidan egiten zuten euren garaian, eta gaur egun, aldiz, eten egiten da. «Politagoa iruditzen zait segidan egitea». Eta poliki-poliki aldaera ttikiak sumatzen ditu, dantza anitz horien artean: «Plazarako sarrera, banderen mugimendua...»
Egungo dantzariei horien guztien berri ematen die, baina ez du samin- durarekin erraten. Bihotzarekin agertzen ditu begiekin ikusiak, eta garrantzia kendu nahi dio honi. «Badira egiten dutenak, eta badira egiten ez dutenak; herriak duen ohitura bat da, hartu behar da herria den bezala, aizu». Aldaketa horien jatorria hainbat arrazoirengatik izan daitekeela uste du Anjel Aintziburuk. «Berdin izan daiteke hori nonbaitetik hasi zelako, eta berdin izan daiteke ez zekitelako urratsa nola zen, eta moldatu dutelako musikaren arabera, etaberdin ontsa da».
Hala, azpimarratu nahi du bazirela lehen egiten ziren dantza batzuk, gero galdu zirenak, eta Luzaideko dantzetan badirela hain aspaldikoak ez diren batzuk. «Varsoviana amerikarrek ekarri zutela badut ustea, 1942, 43 edo 44an. Gure garaian dantza batzuk eta urrats batzuk ez ziren ongi egiten».
Jantziek ez dute aparteko aldaketarik izan. Txapelak izan du bilakaera nagusia. Garai batean, 1920ko hamarkadako argazkiek erakusten duten bezala, kartoizko kapela gorria erabiltzen zen, ispiluz hornitua. Aintzibururen garaian, ordea, boneta gorria erabiltzen zen, eta gaur egun arte iritsi da.
Elkarren irakasle
Pazko eguna dantzarekih lotzen du Anjel Aintziburuk, bertze luzaidar anitzek bezala. Beti ezagutu du horrela, eta egun seinalatua da oraindik beretzat. Gazte zela ikasi zuen dantzan. Orduan ohitura zen elkarri erakustea, lagunek lagunei, zaharrenek gazteagoei; «Igandeetan-eta elkartzen ginen bordaren batean dantzak ikastera, urteak lehenago. Urte pare bat edo behar ziren ikasteko».
Ttikitandik ateratzen dira orain dantzara, oinez hasi ordurako. «Ohitura zen gure garaian hemezortzi-hogei urteak arte ez janzteko, eta gero etorri da poliki-poliki gaztetzea. Ni nintzen gazteena hamabortz urterekin; orduan ez zen inor hain gazte ateratzen, eta orain badira haur txikiak». Orain irakasle baten laguntzaz ikasten dute, ttiki-ttikitandik.
Gordeka hasten ziren ikasten, hala ere. «Anaiekin, adiskideekin, zaharrenekin ikasten zen, igande arratsaldeetan, zokoren batean, eta prestatua zegoenean ateratzen zen plazara».
Bestak bere izaerari eutsi diola diosku Anjelek, nahiz izan zuen bere krisi garaia ere. «Izan zen memento bat, 80ko urtearen inguruan, galzorian. Leitzan izan nintzen hiru bolantaren xerka, ez zelako aski jenderik hemen. Kasik utzia zegoen bolantak egitea, eta Jeep batean joan ginen Leitzara. Ikaragarrizko eguraldi txarra zegoen, ikaragarrizko horma. Sagaseta. lagun bat eta hirurok joan ginen»
Espainiako Gerrak ere etena ekarri zion dantzari, «herrian ez zen gazterik». Baina gerra ostean berreskuratu zen berriz ere. «Etxeam baizen dantzarako giro hori. Don Miguel Sagasetak hori ikusi zuen hemengo etxeetan 63an etorri zenean. Jendeak hori sentitzen zuela ikusi zuen, eta horrela hasi zen biltzen». Bitxia izan zen hainbat herritarren harridura Sagaseta apaiza karakotxak berreskuratzen hasi zenean, «Santiagotan, herriko bestetan, karakoitxak debekatu izan zituen bertze apaizaren batek eta harritu egin zituen apaiz batek dantzak berreskuratzea.
Sagasetaren aitzinetik, bada izen garrantzitsu bat Luzaideko dantzen ikerketan: Faustin Mentaberri. Haren eskutik izan ziren Luzaideko dantzak Bartzelonako Nazioarteko Azokan, 1929an. «Inportanta izan zen hori Luzaideko dantzentzat», aitortu du Aintziburuk.
Dokumentuaren akzioak