Dokumentuaren akzioak
Kantuan, janari truke.
Aspaldi hasita daude Euskal Herriko lagun talde eta abesbatzak biharko
prestatzen. Lege zaharrari jarraituz, herri eta auzoak kantuz beteko
dituzte, makila kolpeek lagunduta. Santa Ageda bezpera izaki, martiri
siziliarraren bizitza abestuko dute, horren truke sariren bat jasoko
dutelakoan.
III. mendean bizi izan zen Ageda, Italia hegoaldean. Tradizio
katolikoaren arabera, Kintiano gobernadorea txundituta geratu zen
neskatila gaztearen edertasuna ikusita. Harekin ezkondu nahi izan zuen,
baina ezezkoa jaso zuen erantzunean. Agedak bere burua Jainkoari
eskainia zion. Hala, agintaria sutsu haserretu zen, eta bularrak moztu
zizkion mendekuak itsututa. Horregatik izendatu zuen Elizak andrazkoen
zaindari.
Inork azaltzen asmatu ez duen arrazoiren batengatik, Euskal
Herriraino iritsi zen santa horrenganako fedea. Bazter ugaritan daude
haren omenez jasotako baseliza eta elizak. Eta duela zenbait hamarkada
arte ohikoa zen haren festaburuaren bezpera ilunabarrean kanpaiak
jotzea. Usadio hori ia galduta dagoen arren, oraindik indartsu dirau
eskean irtetearenak.
Santa Ageda bezperako eske horrek dituen ezaugarriei esker
lortu du arrakasta, Antxon Agirre etnologoaren esanetan. «Ez du
aparteko esfortzurik eskatzen. Ez da musikaririk behar halabeharrez.
Askotan lagun talde batekin nahikoa izaten da, bertsolaririk gabe.
Makilak eskura izatea besterik ez da behar». Festaren sinpletasun
horrek urtero errepikatzeko modukoa bihurtzen duela dio.
Beharrizanak eskatuta
Bestelakorik gertatu da, ordea, Euskal Herrian honen moduko
beste jai batzuekin. Izan ere, eskea ez da otsailaren 4ko kontua
bakarrik. San Nikolas egunez hasita, egutegiak jasotzen dituen neguko
ospakizun gehienak eskeari lotuta daude. Nahiz eta gure garaietara
indarra galduta iritsi zaizkigun.
«Antzina-antzina ez zen hainbestetan irteten. Gizarteak
ekitaldiak eta festak sortu ditu, denborak aurrera egin ahala», dio
Agirrek. Gure jai gehienek jatorria erlijioan dutela ohartarazi du:
«Euskal Herria 1.000. urte inguruan kristautu zen. Gaur eguneko
ospakizunak orduz geroztik sortutakoak dira. Horrek ez du esan nahi,
halere, aurretik ez zegoenik ezer. Baina gaur egun Eguberria, Aste
Santua, herrietako jaiak, Domu Santu eta enparauak kenduz gero,
inauteriak eta udako solstizioa baino ez zaizkigu geratzen».
Jai horiei euskaldunok ondo pasatzeaz aparteko beste funtzio
bat eman izan diegu. Horrela sortu zen eskea. «Euskal gizarte
tradizionalaren funtsezko elementua da. Gizarteak bi helburu ditu:
batetik, bere burua eta kide dituen norbanakoak elikatu; bestetik, ondo
pasatu. Biak uztartzen ditu eskeak». Agirreren hitzetan, elikagaien
urritasunak sortutako festa elementua da eskea. «Orain gutxi arte ez
zegoen gaur egun dugun jaki mordoa. Akaso goserik ez zuten izango,
salbuespenak salbuespen, baina ez zuten nahi beste janari izaten. Ezta
baserrietan bizi zirenek ere».
Ogi zuria, adibidez, gari irinez egindakoa, aberatsen jakia
baino ez zela gogorarazi du Agirrek. Ardoa bera ere dirudunen edaria
zela dio. Haragia jateko aukera ez zuen edonork. «Gaur egun denon esku
dauden jan-edanak lehen gutxi batzuen gutizia ziren». Beraz, eskearen
helburua honako hau litzateke: jai egunak aprobetxatu tripa aparteko
jakiz betetzeko. Normalean eskura ez zituzten elikagaiak eskuratzen
zituzten. Eta, noski, dibertitzeko aukera ere bazen guztientzat.
Santa Ageda egunak, halere, bazuen hasieran berezitasun bat.
Antxon Agirrek dioenez, hastapenetan emakumeen kontua zen, eta ez zuten
jakirik eskatzen. Diru truke kantatzen zuten, beraien zaindaria
ospatzen zuten egunean. Elizarako biltzen zuten guztia. «Halere, ezin
daiteke esan toki guzti-guztietan hala zenik. Baina, oro har,
horrelakoa zen Santa Ageda bezperako eskea». Seguruenik Elizak berak
sortuko zuen tradizio hori, bere beharrizanetarako dirua biltzeko
eskatuz emakumeei. Hori frogatzen duen daturik aurkitu ez arren, hala
izan zitekeela uste du Agirrek.
Etengabe aldatuz
Inauterietan, berriz, ez zegoen ondo ikusia emakumea
mozorrotzea eta jaian parte hartzea. «Mutil gazteen kontua zen. Gero
bai, eskean bildutakoarekin afaria egiten zuten, eta otordu horretan
neskak ere egoten ziren. Poliki-poliki joan zen emakumea inauterietan
txertatuz».
Inauteriak dira aldaketa horren adibide argiena. «Maskaradak,
Mundakako inauteriak, Markina-Xemeingoak, Bilbokoak, Tolosakoak eta
Cintruenigokoak ez dira berdinak, denak inauteri diren arren. Jaiak
desberdinak dira denboran eta espazioan, nahiz eta jatorri bera izan».
Hastapenetan eskea nagusi zela dio, baina egun oso toki gutxitan
mantentzen da ohitura hori. «Inauteri guztietan eskatzen zen. Eskean
irteteko beharrizana desagertu ahala, joera hori ere galdu egin da».
XIX. mendean Errenterian estudiantina izeneko taldeetan
mutilak eskean irteten zirela dio, inauteria ospatzeko. Gaur egun
Irunen oraindik ere puskak jasotzen direla ohartarazi du (Gipuzkoa).
Leitzan ere antzeko zerbait egin dute duela bi asteburu (Nafarroa).
Eskearen egitura beti izan da hau: etxez etxe doan lagun talde
bat da, bertsolari eta guzti, eta denek koplak abesten dituzte. «Badira
eskea dantzan egiten duten leku asko. Kasurako, Amezketan». Zuberoako
maskaradak ere eskea direla dio. «Etxez etxe joaten dira, eta dantza
eta ikuskizunen truke, jan-edana ematen diete goizean». Oro har,
Agirreren esanetan, garai batean inauteri sasoiko eskean dantza
gailentzen zitzaion kantuari.
Hiriguneetan bertsolariaren presentzia galdu dela dio,
halaber. «Inprobisazio horrek sekulako aberastasuna ematen zion», dio.
Halere, Agirreren esanetan, Santa Ageda bezperako eskeak baliteke
hastapenetan koplarik ez izatea. «Gogoratu Eliza zegoela atzetik.
Gainontzeko eske irteera guztietan bai, uste dugu jai guztietan eta
leku guztietan inposatzen zuen koplari hori egon izan dela».
Bisitatu den etxean oraintsu familiakoren bat hil bazen,
abestu ordez, Gure Aita edo Kredoa errezatzen ziren. «Horren bitartez
hildakoari zerura joaten laguntzen zitzaiola uste zen. Beraz, trukean
etxeko andreak zerbait eman nahi bazuen, hala egiten zuen».
Esan bezala, San Nikolas egunez hasten da eskerako sasoia.
Bariko gotzaina umeen zaindaria da, eta haiek dira irteten direnak.
Gaur egun Gipuzkoako Goierrin mantentzen den tradizioa da. Gotzain
jantzitako ume bat lagun, gozoki eskean irteten dira. «Lehen ez zen
halakorik ematen. Nongo baserritan zuten gozokirik? San Nikolas egunez,
eta gainontzekoetan ere, fruitu lehorrak ematen zizkieten: intxaurrak,
gaztainak... Inoiz sagarren bat ere bai». Baserrian bizi zen familia
aberatsa-edo izanez gero, txerrikia ere ematen zuen: txorizoa,
odolostea, lukainka... Gazta ere bai. «Baserrietan beti eurek lortutako
zerbait izaten zuten sari».
Ondoren Gabon sasoia dator. Urdaibai inguruan, Marijesiak
kantatzen dituzte aurreko bederatzi egunetan, eta azken egunean eskean
irteten dira. Gabon gauez, Urte berri egunez eta Errege egunez ere
eskerako ohitura egon da. Gabon aroa bukatuta, inauteriak datoz.
Atzetik Santa Ageda. Hala amaitzen zen neguko eske sasoia. «Udan ere
egin izan da eskean zenbait tokitan. San Joan eguna edo herriko
zaindariaren festak aprobetxatzen zituzten horretarako».
Dokumentuaren akzioak